Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Beste pauso bat

Dokumentuaren akzioak

Beste pauso bat

Dantza garaikideko ekoizpen txiki eta ertainak erakusteko Eusko Jaurlaritzak sorturiko lehen zirkuitua jarriko da abian ostiral honetan

Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2005/03/09

Formatu txiki eta ertaineko dantza garaikideko produkzioak erakusteko Eusko Jaurlaritzak sortu duen lehen zirkuituko estreinako emanaldia izango da hori. Dantza garaikideko ekoizpenak erakusteko espazio egonkorren eskasiari eta publiko berria erakartzeko beharrari erantzuteko asmoz sortu du Jaurlaritzak zirkuitua, antzoki publikoen Sarearen barruan. Guztira 14 emanaldi eskainiko dituzte, ostiralean hasi eta maiatzaren 21a arte.



Idoia Zabaletaren sorkuntzaz gain, Blanca Arrietarena, Asier Zabaletarena, Jordi Cortes eta Damian Muñozena eta Natalia Mongerena emango dituzte lehen zirkuituan. Emanaldiak Barakaldo antzokian, Donostiako Gazteszenan, Elorrioko Arriola kultur aretoan eta Gasteizko Lakua gizartetxean eta Hegoalden egingo dituzte. Dena den, ez dituzte antzoki bakar batean ere bost obrak erakutsiko.



Aurten Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban sortutako lanak soilik erakutsiko dituzte, baina hurrengo urteetan beste sortzaile batzuk eta beste areto batzuk sartu nahi dituzte zirkuituan.Bost obrak dagoeneko estreinatuak daude, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Sorkuntzarako diru laguntza jaso zuten. Koreografiak oso desberdinak dira bata bestetik:



- 'solo. chupa miel del corazÓn dulce': Zortzi minutuko iraupeneko obra kontzeptuala sortu eta interpretatzen du Blanca Arrietak. Heriotzarekin topo egitean atzera begiratu eta memoria pusketak bilduko ditu.



- 'gau bakar bat': Ixiar Rozasen testu batean oinarriturik, esperimentazioa eta konplexutasuna bilatu ditu Idoia Zabaletak. Azken gauaren berehalako etorrera dantzatzen da, urgentzia horrek sortzen dituen erreakzioak taularatuz.



- 'ego-tik': Asier Zabaletaren obra kontzeptual bat da. Izate errealaren eta ustezko izatearen arteko topaketa dantzatzen du Zabaletak, ahulezia, beldur eta lotsetan barrena egiten duen ibilbidean.



- 'es3in': Natalia Mongek sortu eta Organik konpainiak ekoitziriko obrak umorea du ardatz. Dantza, antzerkia eta zuzeneko musika bateratuz, Mendebaldeko gizartearen estresaz ironizatzen du, denboraren joanaz hausnartuz. Berez kalean eskaintzeko ikuskizuna izanik, publiko zabalarentzat pentsaturiko ikuskizuna da Es3in.



- 'öleles': Hungarierako öles eta öleles hitzen gainean eraiki dute beren dantza saioa Jordi Cortesek eta Damian Muñozek; sarraskia eta musua esan nahi dute hitzok. Bi pertsonaiaren eta beren historiaren arteko duelua interpretatuko dute bi dantzariek.

Dokumentuaren akzioak