Dokumentuaren akzioak
Beste hogei urtez
Jakina denez, jaialdiaren antolamendua eredugarria da alde askotatik,
baina niri eskertzeko modukoa iruditzen zait arduradunek prentsarekin
eta publiko arruntarekin duten harreman jarraitua eta hurbila, emanaldi
bakoitzerako informazio aberasgarriak prestatuz eta adituen eta
zaletuen arteko iritzi trukaketa informalak erraztuz.
Bide horretatik, berrikuntza ikusgarriago bat sortu dute
aurten, orri bakarreko egunkari koloreduna argitaratuz eta jendartean
doan banatuz. Aurreko orriko lau albisteen artean bat euskaraz izan da
egunero -jaialdiaren liburuxka eta emanaldien ahozko aurkezpenak
elebidunak dira aspalditik-, eta horrek bere garrantzia du euskara
kanpotik etorritakoei ezagutarazteko eta haren onarpen soziala
hobetzeko. Gainera, euskal giroko beste ekitaldi batzuk ere programatu
dira, hala nola bertako gaztetxearekin antolaturiko herri-dantzaldia
edota txalapartaren erritmoan izandako gigabarra.
Aurtengo joera estetikoei dagokienez, argiztapenaren
erabilera aurreratua eta bideoaren presentzia nabarmendu dira lan
askotan, kasu batzuetan jauzi handia eman delako orain arteko lanekin
alderatuz gero. Jaialdiaren izaera eklektikoari jarraiki, aldiz, era
guztietako proposamenak ikusi dira egunotan -esperimentazioa,
neoklasikoa, flamenkoa, barrokoa...-, eta dantza garaikidearen arloan
bereziki zirraragarriak izan dira Russell Maliphant eta Trisha Brown
koreografoenak.
Ordea, gainontzeko konpainia handien lanak dentsitate
gutxikoaren eremuan geratu dira, dantzaren teknika bikaina erakutsi
arren, eta kasu batzuetan arrisku gutxi hartu izanaren sentsazioa
nagusitu da, haien proposamenekin ezer gutxi mugitu delako gure baitan.
Beharbada, datozen edizioetarako berriz ere hartu beharko dira
Europatik kanpoko konpainiak, kontrastea sor dadin geure inguruko
sorkuntzekin eta jaialdiak erakargarri izaten jarrai dezan, beste hogei
urtez gutxienez.
Dokumentuaren akzioak