Dokumentuaren akzioak
Beste euskal koreografoak (eta II)
Dantzarako I. Plataforma
Igandean azaldu genuen moduan, lau pieza koreografiko aurkeztu dizkigute Barakaldon izan den Dantzarako I. Plataforman. Aurreneko biak orduantxe aztertu genituenez, hona hemen gainontzeko bien gaineko komentarioa.
Ion Munduateren Boj de largo deituriko pieza Ilgner eraikuntzan eman zuten, eta dantza zaletuek gogoratuko zutenez iazko ekainean ikusia zen lan berbera Mugatxoan izeneko ekimenaren baitan. Baina nik behintzat izugarrizko gogoa neukan ostera ere ikusteko, orduan sortutako irudiek nigan bizirik zirautelako..
Ilgner eraikuntza Bizkaiko Labe Garaietako arotik zutik geratu den eraikuntza bakarrenetarikoa da, eta orduko industria-izaera mitikoa gorde du bere Partenoi itxura espartanoarekin batera, berreskuratze lan erdugarriari esker. Beraz, berebiziko pribilegiotzat jo daiteke Munduateren pieza horrelako gunean berriz ikustea eta entzutea. Izan ere, araztasuna da eraikuntzaren gaurko ezaugarri nagusia, eta guztiz aratzak dira Irungo morroskoak bere gorputzarekin, argiarekin eta lau elementu ezin soilagorekin sortzen dituen soinu eta irudi elkarketa eta solasaldi aberatsak.
Damianen estreinaldia
Gasteizko morroskoak, aldiz, Barakaldo antzokian eman zuen bere azken sorkuntzaren estreinako emanaldia. Las mentiras del entusiasmo (Entusiasmoaren gezurrak) lanean europar mailako hainbat ekoizpen-elementu elkartzen dira Damian Muñozen zuzendaritzapean, nahiz eta proposamenaren emaitza guztiz borobila ez izan kontzepzio koreografiko eta, batez ere, dramaturgiakoari dagokienez.
Luma zuri txikiz estalita dago behegaina, eta ez deklamaziorako gaitasunik ez ahots ahalmenik ez duen neska baten hitzen ostean hasten da dantzaldia. Baina, hitzen erabilera deitoragarria kenduta, elementuen dotorezia da nagusi DMDren proposamenean.
Ezen oraingo honetan zenbait osagai berri elkartu dira Damianen betiko estiloko dantzaren inguruan. Beraien artean azpimarratzekoak dira Borja Ramosek sortutako soinu banda ahalmentsua, musika handien intentsitate eta sujeritze ahalmena duena, eta Javi Ullaren argiztapen miresgarria, berez eszenografian existitzen ez diren guneak eta giroak sortzen dituena.
Bestalde, pozteko modukoa da Damian lehenengo aldiz ia bere maila bera duten dantzariez inguratu izana. Dantzaren planteamenduari begira, bere betiko estilo efektistari eutsi dio, ikuste-efektuak eta eszena-ezusteak erruz aplikatuz, baina bestalde argi dago oso pasarte inspiratuak eta ondo garatuak etengabe tartekatzen direla zalantzazko une gatzgabeen artean, agian Himmel über Berlin filmaren gidoiari estuki jarraitu nahi izateagatik dramaturgia aholkularitzarik izan gabe.
Amaitzeko, iradokizun bat plataforma honen antolatzaileentzat: datak aldatu, mesedez, uztailaren lehen asteburuan ezin baita espero izan ikusleak dantzara erakartzea, askoz hobeto daude-eta Euskal Herriko nahiz planetako edozein hondartzatan.
Dokumentuaren akzioak