Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Beste euskal koreografoak (1)

Dokumentuaren akzioak

Beste euskal koreografoak (1)

Dantzarako. I. Plataforma

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2001/07/08

Dantzarako I. plataformaren izenburupean abian jarri da lehenengo aldiz euskal koreografoen lanak ezagutarazteko ekimen ofiziala. Iaz ere aurkeztu ziren batera lau euskal koreografo heldu Bilboko La Fundicion aretoan, baina oraingo hau Eusko Jaurlaritzaren Kultur Sailaren babespean datorkigu, eta poztekoa da, behar-beharrezkoa zelako horrelako lan motak jendaurrean ematea, batez ere kontuan izanda koreografo berri edo gazteen lanak duela bost urte hasi zirela eskaintzen.



Aurtengo edizioan lau pieza eman dira Barakaldoko hainbat tokitan, eta gaur aurreneko biak komentatuko ditugu.



Haietariko lehena Nekane Santamariaren ¿Por qué no habéis venido antes? (Zergatik ez zarete lehenago etorri?) deitzen da, eta bertan gizakiok ditugun komunikazio beharrizan eta zailtasunak agertzen zaizkigu hiru neskaren mugimendu eta gorputz lengoaiaren bitartez.



Ikuskizuna oso era alaitsuan hasten da hiru dantzariak korrika eta saltoka dabiltzala, gazteen kemena eta arintasuna erakutsiz, baina laster murgiltzen da geldotasunean eta zentzugabean, agian koreografoak berak nahita bilatutako aukera zilegi batengatik. Dena den, luze-luzeak egin zitzaizkigun isiltasun tarteak, eta errepikatuegiak geratu ziren behin eta berriro baliaturiko ideia koreografikoak, hala nola gorputz konortegabetuen irudiak, dantzari bakoitzak bere aldetik buruturiko mugimendu segidak eta ikusleen aurrean egin zituzten biluzte eta arropa aldaketa ugariak.



Bestaldetik, aipatzekoak dira lanaren argiztapen ona eta —batez ere— Underworld taldearen pieza luze eta eder bat entzuteko parada.

Herriko plazan, gauean

Barakaldoko Herriko plazako agertokian eman zuten, gauean, Adeshoras taldekoek Pack izeneko emanaldia. Irakurleek gogoratuko zutenez, iazko Maiatza Dantzan-en egon ziren izen bereko lanarekin Victoria Eugenia alboan, baina alde nabaria dago orduko eta oraingoaren artean baldintzei eta emaitzari begira.



Hasteko, nik uste dut asko irabazi duela oraingo proposamenak agertoki batetik emanda, hau da, ikusleengandik bereizita, zeren era horretan nabarmenago geratzen baitira lanaren berebiziko ezaugarriak, kaleko ikuslearekin kontaktua galdu barik. Gainera, gauez izatean, argiztapen sinplearen edertasuna eransten zaie musikaren gozotasunari eta gorputz gazteen malgutasunari.



Bestalde, garbi geratu zen sasoi betean daudela taldeko hiru neska eta mutil bakarra, eta atsegin handiz baieztatu genuen gauza berri piloa, une dibertigarriak, ezuste politak eta ideia-elkarketa aberatsak sortu daitezkeela oraindik ere dantza garaikidearen betiko lengoaia eta egituretatik gehiegi urrundu gabe.

Dokumentuaren akzioak