Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bestak ospatu, animaliak askatu!

Dokumentuaren akzioak

Bestak ospatu, animaliak askatu!

Bestak ospatu, animaliak askatu. Lelo hori ezagun bilakatu du Askekintza talde antiespezistak, eta ederki islatzen du taldekideek helburu duten asmoetako bat: Euskal Herriko bestetan behingoz utz diezaiotela gizakiz bertzeko animaliak erabiltzeari eta zapaltzeari. Mezu hori zabaltzeko egin zuten ‘Gurean’ dokumentala, 2018. urtean. Askekintzak eta Linas Kortak zuzendutako lana da, eta lau urtez ezkutuan egindako ikerketa bat du oinarri. Egunotan, dokumentalak ikus-entzunezko Argia Saria jaso du; ekintzaile antiespezisten lana aitortzeko balio izan du sari horrek, eta mahai gainean jartzeko gizakiz bertzeko animalien erabilerari buruzko gogoeta.
Egilea
Edurne Elizondo
Komunikabidea
Nor
Mota
Iritzia
Data
2019/01/12
Lotura
Nor

Bestak ospatu, animaliak askatu!

Premiazkoa dugu gogoeta hori egiteko beharra berrestea. Euskal Herriko hamaika txokotan hasi dira jada aurtengo inauteriak; Ituren eta Zubietakoak hagitz ezagunak dira, eta jendetza erakartzen dute. Azken urteotan, gainera, animalien aldeko taldeek bereziki egin diote so herriotan gertatu denari; izan ere, sare sozialen bidez zabaldu izan dira erabilitako gizakiz bertzeko animalien irudiak. Animalion erabilera salatzeko ahaleginak inauterien aurkako erasotzat hartu dituzte herriotan, eta, iaz, adibidez, kazetariak herritik kanpo nahi zituztela azaltzen zuen pankarta bat zintzilikatu zuten. Hainbat kazetarik salatu zuten irainak jaso zituztela, bai eta ETBko kamerari batek mehatxu eta eraso egin ziotela ere.

 

Gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituzte Euskal Herriko bestetan. Irudia: Askekintza eta Tras Los Muros

 

Gaurkoa dute inauterietako lehen egun handia Iturengo eta Zubietako herritarrek. Joan den astean, Iturengo lagun bati galdetu nion inauteriez, eta erantzun zidan nire herriko bestetan ere animaliak erabiltzen eta zapaltzen dituztela. Baietz erran nion. Hala delako. Ez du zentzurik gure herrian gertatzen dena justifikatu nahi izatea erranez ondokoan ere gauza bera edo okerragoak egiten dituztela.

Ez da hori konponbidea. ‘Gurean’ dokumentalak mahai gainean jarri duen auziari eutsi behar diogu behingoz, eta gogoeta egin gure bestetan erabiltzen eta zapaltzen ditugun norbanakoei buruz. Gogoeta hori egiten hasi gara bestekin lotutako bertze hainbat esparrutan, eta horrek ekarri du besta horiek hobera egitea, bestarik onenak izanen direlako, zalantzarik gabe, inor erabiltzen eta zapaltzen ez dutenak. Iruñeko sanferminetan, duela ez hainbertze, udalak ez zuen parte hartzen toki entitateek sexu-erasoen aurka antolatutako kanpainan, eta hiriko taberna anitzetan ere ez zuten erasoen kontrako kartelik jarri nahi. Mugimendu feministaren bultzadak eman du emaitzarik, eta gizarteak argi utzi du matxismoak ez duela tokirik bestetan. Berdintasunaren aldeko aldarriak dantzaren esparrua ere ukitu du, eta herri anitzetan emakumeak hasi dira orain arte debekatuta zituzten piezak plazan dantzatzen. Oraindik ere bada erresistentziarik; Irungo eta Hondarribiko alarde baztertzaileak aurrera egiteko urratsak oztopatu nahi dituztenen adibide triste bilakatu dira. 

Iazko Tolosako inauterietan egindako protesta. Irudia: Tolosaldea Antiespezista.

Sanferminetan, alardeetan eta Euskal Herriko hamaika herritako bestetan hasi dira emakumeak baztertzen dituzten jarrerak salatzen. Salatu dituzte bidegabeak direlako, eta gizaki guztien bestak ospatzeko eskubidea onartu dutelako. Hau da, gizaki guztiak hartu dituzte bestetako subjektutzat, ez erabiltzen eta zapaltzen ahal diren objektu edo baliabidetzat. Urrats horrek, halere, handiagoa behar du izan. Gure bestek eta ohiturek baztertzen eta zapaltzen dituzten norbanako guztien oinarrizko interesak hartu behar ditu kontuan: baita gizakiz bertzeko animalienak ere.

Ezinbertzekoa da sanferminetan matxismoa salatzeko lan egitea, eta emakumeek bestetan parte hartzeko eta subjektu izateko duten eskubidea aldarrikatzea. Baina lan horrek ezin du bazter utzi besta esparru berean gizakiz bertzeko animalien aurka gertatzen den zapalkuntza. Ozen erraten jarraitu behar dugu Irungo eta Hondarribiko alardeetan parte hartu nahi duten emakumeek eskubidea badutela, baina aldarri horrek ezin du ikusezin bilakatu desfileotan erabiltzen eta zapaltzen dituzten animaliek sufritzen duten bidegabekeria. Zapaldua ez izateko lanak ezinbertzean eraman behar gaitu zapaltzen ditugunen inguruan gogoeta egitera; justiziaren eta berdintasunaren aldeko borrokak sentitzeko gai diren norbanako guztiak hartu behar ditu kontuan, derrigorrez. Bestak ospatzeko eta animaliak askatzeko ordua da. 

Iturengo inauteriak. Argazkia: Bezala.
Iturengo inauteriak. Argazkia: Bezala.
Iturengo inauteriak. Argazkiak: Bezala.

 

Dokumentuaren akzioak