Dokumentuaren akzioak
Besta goxoaren urratsak
Aste baten buruan, 19:00 aldera, hasiko dira. Dantza eta dantza, zapi gorria lepoan, izerdia jantzi zurian. Erdizka lauetan, ezker, eskuin, eta jauzi. Horrelako zerbait, urrats guziak ez baitira oraindik menperatuak. Ator dotorea galtza ederretan sarturik, kirol oinetakoak jantzi ditu Gerardek, lanetik landa. Baionako Herriko Etxeak eskaintzen duen mutxiko ikastarora dator astelehenetik, bulegotik zuzenean atera ondoan. Baionako bestetako Dantzazpi mutxiko saioarentzat prestatzea erabaki du kontulariak.
Horren inguruan, haurrak, gurasoak, amatxiak, aitatxiak. Lekuko jendea ala kanpokoa. Borobilaren erdian, mikroa matelean loturik, Agnes Perez dantza irakaslea. Ikastaroa laugarren aldikoz animatzen du, Udalak hautaturik. «Klase guztietako jendeak biltzen dira hemen, eta hori da goxoena. Jatorri ezberdinetako pertsonak mutxikoen inguruan biltzea», adierazi du Perezek.
Euskal giro eta ingurumenetik «mila kilometrotan» bizi zen Gerard. Baionako bestetako Karrikaldi, Baionan Kantuz eta Dantzazpirekin josia den ekitaldia ezagutu arte. «Duela bi urte zen. Adin batetik goiti, besta leku lasaian egin nahi izaten da. Alkohola eta zarata sobera gabe. Eta, familiarekin, Karrikaldin egon ginen. Lehen urtean, gustura, baina bigarrenean, euskal dantzak eta kantuak ikasteko gogoa eman zidan».
Joan den astelehenetik, Gerard jo eta ke ari da mutxikoak ikasten, Agnes Perezen tailerrean. «Uste nuen baino zailagoa da, hamar bat urrats ikasi behar baitira, gogoz, eta haien hitzak ere bai... Horrela euskara pixka bat ere ikasten dut. Nire lehen urratsak dira, euskal kantu zaharrak ikasi baino lehen». Perez irakasleak dioenez, euskal kulturan murgiltzeko lehen urrats «polita» da mutxikoak ikastea.
Geroz eta gizon gehiago
Bost eguneko ikastaroarekin, «emaitza polita» lortuko duela iduritzen zaio Perezi. «Nahi zuten fandangoa ere erakustea... Baina gauza bat eginez aldian nahikoa da. Mutxikoak ez dira hain errazak ikasteko. Euskaraz dakitenek hor daude lekuko: ezker erraten dudanean, ezker buruz joan behar da... baina eskuineko zangoarekin! Polita izan da hori, lehen egunetan euskal hiztun guziek okerreko urratsa egiten zidaten». Eta, Gerarden gisa, Perezek geroz eta gizon gehiago ikusi du, urteak joan ahala, bere ikastaroetan. «Datorren urterako, fandango tailer bat ere eskaini nahi nuke. Baina Herriko Etxearen baimena behar dut oraindik».
Baionako Udalak, preseski, euskal kantua eta dantzari leku gehiago eskaini zion, duela bi urte, Karrikaldi ekimena antolatuz, Jacques Portes plaza zabalagoan. «Hiriko agintariek ez zuten saihesten ahal euskal kulturak geroz eta arrakasta gehiago zuela bestetan. Montaut plaza txikiegia izan zen Baionan Kantuz eta Dantzazpirentzat», azpimarratu du Perezek. «Hortik sortu zen Karrikaldi, eta, geroztik,bertsolariak eta Euskal Herriko kantariak ekarrarazi ditu ekimen berriak. Niretzat, lehengo bestak oroitarazten dizkit Karrikaldik. Musika, kantua eta dantza... Lehen, alkoholak ez zuen halako leku garrantzitsua bestetan, txarangen atzetik ibiltzea aski zitzaigun».
Datorren ostegunetik goiti, Baionako besten karietara, 16:30ean zabalduko da Karrikaldi, lau egunez, iganderaino. Dantza ikusgarri batekin hasi ohi du ekitaldiak. Aurten, Aidez Aide, Erro Bat, Arkaitz, eta Leinua konpainienak izanen dira. Ostegunean, bertsolari gazteak ere izanen dira: Maiana Irigoien, Paxkal Iriart, Bixente Luku, eta Ximun Cazaubon. Kantaldi batekin jarraitzen du bestak: Gazteak, Begiz Begi, Alma de Navarra eta Bostgehio taldeekin. 19:00etan, Dantzazpiko mutxikoak, eta 20:00etan, Baionan Kantuzeko abesti zaharrak. Dantzaldi herrikoiarekin bukatzen dute ekimena.
Bi urtez, ospetsua bihurtu da Karrikaldi. «Baina edana duten jendeek zeharkatzen dute gunea, gure besta trabatuz», ohartarazi du Perezek. «Dena den, Baiona Ttipi auzoko harramantzatik urrun, giro eztian iragaiten da Karrikaldi, eta topaketa anitz egiten da. Kultura ezberdinetako dantza eta kantuak ere trukatu izan dira. Italiar batzuk zoraturik topatu nituen iaz». Anartean, mutxiko tailerra deneri zabaldua dela oroitarazi du Perezek. Ostirala arte dago Baionako Caillou kiroldegian, 18:30etik goiti, besta goxoaren urratsak irakasten.
Dokumentuaren akzioak