Dokumentuaren akzioak
Besta Berriko dantzen aldi
Lapurdi eta Baxenabarre Dozena bat herritan ospatuko dute igande honetan Besta Berri
Plazan aldarea eginen dute mahai baten gainean Eguzki Saindua pausatuz. Sakramentu Saindua ohore egiteko dute elizatik ateratzen, iduriz. Hortik, berriz ere, dantzatuz itzuliko dira elizara buruz. Goiza horrela bururatuko da, eta arratsaldez, berriz, Bezperak ospatuko dituzte, herri gehienetan 16:00ak irian. Kontuan hartu beharra da, halere, herri bakoitzak bere ohiturak badituela. Armendaritzen konparazione, arratsaldean dira prozesioa eta bezperak iragaten. Itsasun, aldiz, ez da Bezperarik. Plazaraino desfilatu eta dantza ikusgarri bat eskainiko dute dantzariek. Hau ere 16:00etarako finkatua dute.
Alabaina, Besta Berriko bereziki famatua da bere pertsonaia eta dantzentzat. Hasiz, dena koordinatzen duen kapitainetik, hortik hurbil tenientea duela. Bi oilar eta bi alardeari ere badaude herri gehienetan. Horietaz gain, bidean zehar loreak botatzen dituzten haurrek, soldadu armadunek, zanpurrek, makilariek eta banderak eta ikurrinak atxikitzen dituztenek osatzen dute desfilearen gaineratekoa.
Halere, historian zehar bataren edo bestearen presentzia aldatuz joan da. Bandera eramailearen kasua aski adierazgarria da zentzu horretan. Izan ere, gaur egun ikurrinaz gain, bandera frantsesa ere ageri da zenbait herritan. Hau, 1870eko eta 1914ko gerletatik etorria da itxura guztien arabera. Gerlek eragin nazionalismo frantsesaren ondorio bat besterik ez da.
Horiek horrela, Besta Berri eguna huts egin dutenak ondoko igandeko Otaba egunera joan daitezke, herri beretan ospatzen den bigarren hitzordua baita. Egun horretan prozesioa arratsaldez iraganen da, 16:00ak aldera. Baina hor ere ñabardurak badira. Armendaritzen goizean dute ospatuko.
non zer
Ekainaren 18a, igandea.
10:00/10:30: Mezaren tenorea. Heletan eta Iholdin, 10:30ean, baina Lekornen 10:00etan. Ondotik dute prozesioa.
16:00: Bezperak Heletan eta Iholdin. Itsasun dantza ikusgarria.
Non: Heleta, Iholdi, Itsasu, Luhuso, Lekorne, Ortzaize, Ostanko, Armendaritze, Donoztiri, Bitiriña, Makea. Bidarrain aurten ez dute ospatuko.
1264az geroztik Belgikatik heldu den Elizaren ospakizuna
Besta Berri izeneko ospakizuna Belgikatik zaigu heldu. Alabaina, 1247an Belgikako Liege herriko serora batek asmatu eta sortu zuen besta. Hortik laster, hango kalonjera aita saindu izendatu zutela, Urbain IV.a izenarekin, honek 1264an Eliza guztira hedatu zuen. Ordu arte Ostegun Saindu zen sakramentu sainduaren besta, baina aste saindua kargatuegia zela eta, beste egun batez antolatuz egunak ospe gehiago lortuko zuela pentsatu zuten.
Garai haietan agertu zen Besta Berri izena, funtsean. Izan ere, egun horren nondik norakoak azaltzeko bidali gutunean, besta latinez Officium novae solemnitatis izendatu zuten, hau da, Besta berriaren elizkizunak. Lapurdi eta Baxenabarren, ordea, betidanik eta oraino ere Besta Berri da deitzen, leku anitzetan Fête Dieu, Corpus Christi eta gisa bereko izen anitz erabiltzen badira ere.
Elizari arrunt lotua den besta bat izanik ere, azpimarratzekoa da, agian, nola Elizak luzaz dantzak debekatu zituelarik ere, Besta Berri ospatzea beti onartu duen, eta honekin batera elizaren barnean ere dantzatzea.
Dokumentuaren akzioak