Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bertsoak, trikitixa eta dantza lotuko ditu aurtengo ekitaldian Trikibertsok

Dokumentuaren akzioak

Bertsoak, trikitixa eta dantza lotuko ditu aurtengo ekitaldian Trikibertsok

Emanaldi guztiak otsailean izango dira, ostiraletan, Bilborock aretoan

Egilea
E. Ezkerra
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2002/01/30

Orain dela bost urte, kopla zaharren xarma berreskuratzea xede, trikitixaren doinuak eta bertsolarien hitzak uztartuko zituen programa bat sortzea bururatu zitzaion BBKri. Asmo horretatik jaio zen Trikibertso, martxan jarri zenetik hona trikitilari zein bertsolari handi eta ezagunen topaleku izan dena. Oraingo honetan, trikitilari, musika talde, bertsolari zein dantzarien bilgune bihurtuko da Trikibertso programa. Saioak otsailean izango dira, ostiralean, arratsaldeko zortzi eta erdietatik aurrera. Aurrekoetan bezala, emanaldiak Bilborock aretoak jasoko ditu.



Bertso trama tradizionaletik ‘performance’-ra



Bertso tramaren ildotik, Trikibertso programari hasiera emango dion saioak Gozategi taldea eta lau bertsolari gazte edukiko ditu protagonista: Sustrai Colina, Amets Arzallus, Arkaitz Estiballes eta Jurgi Garitagoitia. Gai-jartzaile lanetan Iñaki Gurrutxaga arituko da. Bigarren emanaldian, berriz, Xabier Euzkitze igoko da oholtzara. Atzo gogora ekarri zuenez, duela lau urte Trikibertson parte hartzeko proposatu zioten. Baina lan kontuak zirela eta, ezetz esan behar izan zien. Orduko arantzatxoa ateratzeko asmoz, Euzkitzek bere lehendabiziko lana ekarriko du Bilborockera: Argitzaletan. «Bertsoei ihes egin nahian egindako diskoa da Argitzaletan. Hala ere, kantuak entzuten duenak berehala antzemango du bertsolari batek egindako lana dela», azaldu zuen. Argitzaletan-ek 11 kanta biltzen ditu, eta letra guztiak Euzkitzek berak idatzi ditu. Doinu aldetik ere, kantu bat kenduta gainerako guztiak Joxan Goikoetxeak, Iñaki Salvadorrek eta Pascal Gaignek Euzkitzerentzat propio konposaturikoak dira.



Kataluniako Pomadak, Maialen Lujanbiok eta Jexux Mari Irazuk jasoko dute Euzkitzeren lekukoa. Aspalditik elkarren adiskide, hirugarren saioko protagonistek estilo anitzetako doinuz —rumbak, jotak, rocka— eta bertsoz beteko dute aretoa.



Azken emanaldian, Xukan taldearen Iturrian zer dago? ikuskizuna aurkeztuko du. Andoni Egañak zioen bezala, bertsolariek performance-a aspaldi asmatu zuten, eta horren adibide da Iturrian zer dago?, non dantzak, trikitixak eta bertsolaritzak bat egiten duten. Antzinako latsarri baten inguruan ama-alaba eta aita-seme batzuk bilduko dira, eta haien artean sortuko den solasaldiaren haritik joko du saioak. Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariekin batera, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak eta bost dantzari gazte arituko dira.

Dokumentuaren akzioak