Dokumentuaren akzioak
Bertsoa, trikitia eta dantza bilduko ditu Trikibertsoak
Lau emanaldi egingo dira Bilborock aretoan gaurtik 22a bitarte
Bilboko Trikibertsoa gaur abiatuko da, antzinako tradizioak berreskuratu nahian duela bost urte sorturiko ekimenari jarraipena emanez.
Gozategi, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Arkaitz Estiballes, Jurgi Garitagoitia eta Iñaki Gurrutxaga izango dira gaurko protagonistak.
Asier eta Ainhoa Gozategi, Iñigo Goikoetxea, Fran Iturbe eta Rufo Sardinaren taldeak bere laugarren diskoa aurkeztuko du Bilboko entzuleen aurrean. Hamabi katuk osatzen dute ''''Egunon'''', moldaketa soil eta eraginkor, soinu zuzen eta natural eta abesti erakargarriz beteriko lana.
Bestalde, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Arkaitz Estiballes eta Jurgi Garitagoitia bertsolari gazteak bertsotan arituko dira, Iñaki Gurrutxaga gaijartzaile dela.
Euzkitzeren «Argitzaletan»
Xabier Euzkitzerena izango da bigarren emanaldia, otsailaren 8koa alegia. ''''Argitzaletan'''' diskoaren kantak eskainiko ditu Bilborock aretoan. Euzkitzek beste hainbat arlo jorratu ditu, baina berak dioen bezala, «barru-barruko lana da» honako hau, bere sentimendu eta zenbait gertakizunei buruz hitz egiten baitu bertan.
Maialen Lujanbio eta Jexux Mari Irazu bertsolariak Pomada taldearekin batera arituko dira hilaren 15ean. Carles Belda eta Helena Casasen banda Kataluniatik dator, baina Euskal Herrian ibilia da. Rumbak, jotak, rock eta reggae kutsuko soinuak jotzen dituzte, abesti tradizionalekin batera.
Bertsolariak, trikitilariak eta dantzariak bilduko ditu azken emanaldiak otsailaren 22an. Xukan taldeak ''''Iturrian zer dago'''' ikuskizuna prestatu du, hiru elementu horien bakarkako emanaldiekin eta hiruren arteko nahasketarekin.
Jon Ansorregi eta Andoni Larrañaga trikitilariak, Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña bertsolariak, eta Iban Agote, Kimetz Larrañaga, Ainara Olamusu, Idurre Salbador eta Aitor Sorazu dantzariak igoko dira oholtzara. Fandango eta arin-arinei, koreografia berriak eta erritmo ezagunak erantsiko dizkiete dantzariek. Tangoa eta balsa ikusiko dira, baina euskal dantza izango dute oinarri. Hori guztia, bertsolari eta trikitilariekin era egokian uztartuta.
Dokumentuaren akzioak