Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bertsoa eta dantza uztarrian

Dokumentuaren akzioak

Bertsoa eta dantza uztarrian

‘Upeletan erronka’ ikuskizuna eskainiko dute gaur arratsaldean herriko Gorosarri plazan

Egilea
Lorea Agiriano
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Eskoriatza
Mota
Albistea
Data
2001/06/29

Izenburuak aditzera ematen duenez, sagardotegi batean gertatzen da Upeletan erronka. Sagardotegian bi koadrila elkartzen dira eta bien artean lehia edo erronka bat sortzen da. Koadrila horien gidari izango dira Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña bertsolariak. Zein baino zeinek ahoberokeria handiagoak jaurtiko ditu eta, elkarrekin mokoka aritzeko aitzakia gehiegirik behar ez dutenez, bertso saio dotorea eskainiko dute.



Bestalde, arestian aipatu bezala, ikuskizun honetan bertsoak eta dantza uztartzen dira eta, bertsolariek talde bien arteko erronka kantuz irudikatzen baldin badute, dantzariek dantzen bitartez egingo dute gauza bera adierazteko ahalegina. Laxok dantza taldeko kideak ere nor baino nor gehiago arituko dira, beraz. Gainera, trebetasun handiko dantzariak dira, Euskal Herriko txapeldun izandako lau dantzari trebe: Kimetz Larrañaga, Iban Agote, Jon Maya eta Oier Imaz.



Dantza motei dagokienez, arin-arina, fandangoa eta banakoa tartekatuko dituzte besteak beste. Hala ere, ikuskizun honetara moldatzeko berritasunez jantzi dituzte dantza mota horiek guztiak. Azkenik, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek girotuko dute sagardotegiko saio hori.



Upeletan erronka-k Euskal folklorearen hiru elementu (bertsoa, dantza eta trikitia) aldi berean uztartzen dituen ikuskizuna izanik, San Pedro jaietarako oso egokia izan zitekeela pentsatu zuten Eskoriatzako Jai Batzordekoek, eta bi aldiz pentsatu gabe jarri ei ziren eurekin harremanetan: «Zerbait originala ekarri nahi genuen, baina aldi berean kutsu herrikoia izango zuen zerbait. Eta talde honen berri jakin genuenean oso aproposa iruditu zitzaigun. Espero dugu harrera ona izango duela gure herrian», azaldu digu Arantxa Unzuetak, Jai Batzordeko kideak.

Euskal Jaia igandean

Baina, San Pedro jaietan sagardo kontuak gaur bakarrik ez, datorren igandean, uztailak 1, ospatuko den Euskal Jaian ere nahi adina sagardo probatzeko aukera izango da. Goiz osoan sagardo kupelak eta talogileak izango dira herriko plazan.



Giro herrikoia izaten da egun horretan. Herritarrak baserritar itxuran janzten dira eta euskal giroan igarotzen dute jaietako azken egun hau. Txalapartariak eta trikitilariak ere izaten dira jaia girotzen. Eguerdian, berriz, plazan bazkaria egingo dute eta sagardotegi giroa izanik, bazkaltzeko ere sagardotegietako menua izango da: plazan bertan parrilan erreko diren txuletak, intxaurrak, gazta eta irasagarra. Iaz bezala, aurten ere 400 bat lagun elkartzea espero dute antolatzaileek.



‘Liñu dantzaren estanpa’

Bestalde, eta jaietako kutsu herrikoia sendotu nahian, aurten Liñu dantzaren estanpa berreskuratuko dute eskoriatzarrek. Isabel Guridik, Museoko arduradunak azaldu digunez, «gerra aurrean, Eskoriatzan egiten zen horrelako estanpa bat, Liñu Dantza izenekoa. Orduko Dantzari Txikiña taldeak irudikatzen zuen dantza hori. Beraz, aspaldikoa den estanpa hori berreskuratu nahian herriko talde batek estanpa hori irudikatuko du. Horretarako , Eskoriatzako Museo Eskolan dauden hainbat tresnaz baliatuko dira eta garai hartako koplak ere kantatuko dituzte. Liñu-dantza, berriz, Kriskitin Elorrioko dantza taldeak egingo du. Alardea eta Errebonbiloak eskainiko dituzte herriko plazan eta, ondoren, Gorosarri plazan izango da Liñu danztaren Estanpa.



Horren guztiaren osagarri, Liñutik ehuna lortu arte, ehun lan izenburupean erakusketa monografikoa ere prestatu du Museo Eskolak jai hauetarako.

Dokumentuaren akzioak