Dokumentuaren akzioak
Bertsoa, dantza eta musika uztartuko dituzte aurten Errenteriako Bertso Festan
Larunbatean izango da saioa, iluntzeko 20:00etan
Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Jon Maia eta Aitor Albisturren bertsoen doinura egingo dute dantza Kukai taldeko dantzariek datorren larunbatean, Niessen kulturgunean, iluntzeko 20:00etan hasita. Juan Mari Beltran musikaria eta Ttakun Ttan Ttakun taldea izango dituzte lagun urtero sasoi honetan Errenteriako Landare Elkarteak antolatzen duen Bertso Festan.
Aipaturiko festan dantza sartzera «gonbidatu» egin dituztela azaldu dio Egunkariari Jon Maya Errenteria bertako Kukai dantza taldeko kideak. Mayarekin batera, Eneko Gilek, Urko Mitxelenak, Alain Mayak, Ibon Huartek, Vanesa Castañok eta Nerea Vesgak osatzen dute taldea.
Bertsoak kokatzeko eta hornitzeko
Ttakun izeneko koreografia berria, Sigin-Sagan bikote dantza, bals bat eta banako zaharrean oinarrituriko moldaketa bat eskainiko dute dantzariek bertsolariekin eta musikariekin batera ariko diren hogei minututan ondoren bertso saio arruntean jarraituko dute bertsolariek. «Horietako bi dantza bertsolariak bertsotan ari diren bitartean aurkeztuko ditugu; beste biak, berriz, bertsolariak kokatzeko dantzatuko ditugu». Hots, gaiak aurkezteko. Ttakun koreografia da eskainiko duten dantzarik berriena.
Jon Mayarentzat, ordea, ez da esperientzia berria bertsoa eta dantza uztartzea. Besteak beste, Laxok taldearekin Upeletan erronka izeneko ikuskizunean eta Hitzak egin gaitu iazko Korrikan eginiko bertso saioan jardun du bertsolariekin dantzan. Bi diziplinak bateragarriak eta osagarriak direla uste du dantzari errenteriarrak: «Bertsolariei kokatzeko balio die dantzak, baita gaien eta atalen arteko lotura egiteko ere. Bestalde, beraiek bertsotan ari direla asko hornitzen dute dantzek».
Larunbatean dantzatu dituzten dantzek euskal oinarri tradizionala dute, baina Kukai dantza taldeak moldaketa berritzaileak egin dizkiete. Horixe da iaz sortu zuten Errenteriako dantza talde gazte honen asmoa: «Tradizioa aintzat hartuta sormen lan berriak egitea, ikuskizun berriak lantzea eta formatu berriekin saiakerak egitea». Datozen hilabeteetan emanaldi berriak aurkeztuko dituzte.
Dokumentuaren akzioak