Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bertsio koreografikoa

Dokumentuaren akzioak

Bertsio koreografikoa

Bordeleko Operako Balletak 'Giselle' obra aurkeztuko du Arriagan gaur eta bihar, Igor Yebrarekin

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2008/05/03
1841. urteko obra da Giselle; urte hartan estreinatu zuten Parisen. «Harrezkero munduaren luze-zabalean interpretatu diren Giselle lanaren bertsioak elkarren oso desberdinak izan dira», Judek azaldu duenez. «Zuzendariek erabaki dute obra nola eman; alabaina, denek ez bada gehienek mantendu dute jatorrizko obraren espiritua», haren iritziz. Judek ere bai; horretan ahalegindu da, bederen.

Giselle obra erromantikoa da. Giselle eta Albrecht pertsonaien istorioa kontatzen du. Giselle liluratu nahi duen printzea da Albrecht. Bizi osorako maitasuna aginduko dio, jakinik beste emakume batekin ezkontzear dagoela. Egiatan maite duela konturatzen denerako berandu izango da, ordea: Giselle hilik egongo da.

Igor Yebrak interpretatuko du Albrechten papera. Gisellena, berriz, Bordeleko Operako Balleteko hiru dantzarik jokatuko dute, emanaldirik emanaldi, txandaka. Oksana Kucheruk, Stephanie Rublot eta Emmanuelle Grizot dantzatuko dira Arriaga antzokian.

Judek azaldu duenez, «dantzari bakoitzak bere estiloa du». Kucheruk Errusiako eskolakoa da, eta Juderen aginduetara aritzeko lan handia egin behar izan du. «Giselle pertsonaia beste modu batera ulertzen zuen, beste modu batera dantzatu du urteetan». Rublotek, bestalde, kutsu garaikidea duela esan du Judek. «Eta, beraz, Giselle pertsonaia interpretatzeko modu garaikideagoa du», zuzendariaren arabera. Grizot da Bordeleko Operako Balletean urte gehien daramatzan dantzaria. Frantziako eskolako eredua oso barnean darama Grizotek; hala, Giselle pertsonaia Juderen zuzendaritzapean emateko ez du ahalegin berezirik egin behar izan.

 

YEBRA ARRIAGAN, HAMAR URTE ETA GERO. Kucherukek, Rublotek zein Grizotek Igor Yebrarekin partekatuko dute oholtza. Hamar urteren ondoren itzuliko da dantzari bilbotarra Arriaga antzokira. Yebra Euskaldunan dantzatu da azken urteetan, baina Arriagan 1998an izan zen azkenekoz.

Victor Ullateren Balletarekin aritu zen; eta gauzak zer diren, orduan ere Giselle obra interpretatu zuen. Beraz, pieza horrekin Arriagara itzultzea «hunkigarria» da Yebrarentzat. «Ez dut hitzik sentitzen dudana adierazteko; ametsa da niretzako», esan du Yebrak.

Arriagan azkenengo aldiz izan zenetik gaurdaino dantzariaren bizitza errotik aldatu da. 2007an Bordeleko Operako Balleteko dantzari izarra izendatu zuten Yebra. Eta dioenez, «Charles Jude konpainiako zuzendariarekin lan egitea dantza klasikoaren iturritik bertatik edatea da». Izan ere, Pariseko Operako dantzari izarra izan zen Jude garai batean, eta Rudolf Nureyevekin sarri askotan egin zuen lan. Kritikariek munduko dantzari klasiko onenetakotzat daukate Nureyev.

Yebrak azaldu duenez, Giselle piezaren hamabi koreografia desberdin egin ditu bere ibilbidean. Eta, horren ondorioz, ondo ezagutzen du obra. Urteekin gainera, Albrecht pertsonaia interpretatzeko heldutasuna eskuratu duela pentsatzen du dantzariak. «Duela urte batzuk Albrechten interpretazio arinagoa eta ahulagoa egiten nuen», esan du. Azkeneko zazpi-zortzi urteetan Frantziako eskolatik edan du Yebrak, batez ere. «Nabaritzen dut aldaketa; nire ibilbidearen hasieran Errusiako eskolari lotuago egon nintzen, eta bi eskolen artean desberdintasun nabarmenak daude». Yebraren irudiko, Frantziako eskolak pausoaren kalitateari ematen dio garrantzia; Errusiako eskolak, berriz, pausoen kantitateari. Eta dioenez, horrek ondorio argia dauka: «Frantziako eskolak bizitza luzatzen dio dantzariari; dantzaria haztera bultzatzen du, teknikoki pausoen hasiera eta bukaerak hobeki lantzera».

Bordeleko Operako Balletak atzo eskaini zuen Giselle lanaren lehen emanaldia. Gaur ere ariko da Bilboko antzokian. Baita bihar ere; bi saio eskainiko ditu: 16:30ean lehena eta 20:00etan bigarrena. Arratsalde hasierako saioan, ordea, ez da Yebra ariko. Roman Mikhalev Bordeleko Operako Balleteko bakarlaria dantzatuko da haren ordez.

Dokumentuaren akzioak