Dokumentuaren akzioak
Bertako eta urruneko dantzak Maitaldian
Flamenko klasiko eta garaikidearen ordezkariak izanen dira Biarritzen
«Gure programazioa oso eklektikoa da publikoa ere oso eklektikoa
baita», azaldu zuen Filgi Claverie Maitaldiko programazio zuzendariak.
Izan ere, bai estiloei begira bai dantzarien jatorriari begira, gero
eta aniztasun handiagoa ekartzen saiatzen dira jaialdira.
«Urtero gonbidatzen dugu dantza klasikoko konpainia garrantzitsu bat, aurten Portugalgo Ballet Nazionala izanen da», adierazi zuen Claveriek. Dantzari portugaldarrak irailaren 16an izanen dira Biarritzen. «Bestalde, gero eta ikusle gehiago dago dantza garaikideari dagokionez. Aurten, esaterako, Euskal Herriko koreografo gazteak gonbidatu ditugu» gehitu zuen.
Bachi omenaldia eginen dion Portugalgo Bailando Konpainia Nazionalaz gain, beste bi ekitaldi nabarmendu nahi izan zituen programazio zuzendariak. «Estreinaldian Rotterdametik etorriko den konpainia garrantzitsu bat izanen da, Scapino Ballet. Konpainia hori zinez garrantzitsua izan da, beraiekin dantza garaikidea Holandan aldatu egin baita». Irailaren 10 eta 11ko dantzak ere nabarmendu zituen Claveriek: «Bi dantza flamenko izanen dira. Klasikoa Antonio Gades konpainiarekin; horrela dantzariari omenaldia egingo diogu. Eta biharamunean Israel Galban koreografo garaikidea izanen da, dantza estilo horren geroa izanen dena beharbada».
«Hego Euskal Herriarekin lotura gero eta handiagoa izatea da gure xedea eta hemen aurkeztea euskal koreografo gazteak. Maitaldia bilakatzen ahal da Euskal Herriko koreografo gazteentzat lehiatila Europari begira», adierazi zuen Claveriek. Aurten Asier Zabaleta, Blanca Arrieta eta Idoia Zabaleta izanen dira. Euskal dantza tradizionalak Kukai taldea izanen du ordezkari Oteitzari eginiko omenaldiarekin.
Bertakoa atzerrikoarekin uztartzen da. «Iaz geroztik ildo nagusietako bat da hegoan, Afrikan, Hegoamerikan eta Asian, dantzaren munduak aurrera ateratzeko dituen zailtasunak ikusita Europan sartzeko plataforma izatea Maitaldia, jaialdian mestizajea egiteko».
Ekitaldi nagusiez eta talde ezagunez gain, Biarritz dantzaren erritmoan ezarriko duten bestelako ekintzak ere izanen dira. «Jaialdi mamitsua denez gero, kasik egunero badira hiru, lau, bost edo sei ekintza. Badira entsegu publikoak plazetan, baita bideo programazio garrantzitsu bat ere, koreografo ezberdinen lanak aztertu edo lan motak ezagutarazten dituena,» oroitu zuen Claveriek.
Garabi bat eta dantzari bat ikusgarriko protagonista
Igandean aurkeztuko du Maitaldia jaialdiak garabi baten eta dantzari baten arteko dantza. Garabiaren tamaina kontuan hartuta ekitaldia kanpoan egitea baitezpadakoa da. Dantza berezi horren kokalekua Biarrizko Bellevue enparantza bukatu berrian izanen da.
«Gure aurtengo kartela koreografia horretan oinarritu da, keinu bat egin nahi izan baitiogu Biarritzi. Urtebetez hiriko erdialdea lanetan egon da eta ez zen batere atsegina bertako karriketan zehar ibiltzea, baina orain lanak bukatu dira eta arras ederra gelditu da hiria», nabarmendu zuen Maitaldiko programazio zuzendari Filgi Claveriek.
«Nahiz eta dantza garabi batekin izan eta makineriagatik bortitza izan daitekeela ematen duen, oso dantza gozoa da, maitasun istorio moduko bat kontatzen duena», gehitu zuen Filgi Claveriek.
Izan ere, Beau Geste konpainiak aurkezten duen “Transports exceptionnels” lanak ordu erdian haur bat txikitan jostailuzko garabiekin jolasean aritzen zenean garabiekiko sentitzen zuen plazerra oroitzen du. Aldi berean, gainera, Romeok (garabia) bere Julietarekiko (Philippe Priarso dantzaria) maitasuna nola adierazten duen erakutsi nahi du Dominique Boivin koreografoak aurkeztuko duen lanean.
Baina dantzaren arteak duen adierazgarritasuna haratago ere badoa, eta burdinaren eta haragiaren, industriaren eta poesiaren, erraldoitasunaren eta hauskortasunaren arteko ezusteko topaketa bat erakusten du Maria Callasen musikaren erritmoan.
Biarrizko Dantza Maitaldian parte hartuko duten 21 konpainien artean bi aldiz ikusi ahal izanen da dantza ikusgarri hori, irailaren 10ean eguerdiko ordu batean eta arratsaldeko zortzietan.
Dokumentuaren akzioak