Tolosako dantza-tradizioa da Gipuzkoan ongien dokumentatua dagoenetako bat. XVII. mendean agertzen dira dantzarien lehen aipamenak eta, gerora ere, ugariak dira bertako dantzen bilakaeraren berri ematen duten datuak. Egun, Udaberri dantza taldearen eskutik plazaratzen den sanjoanetako dantzen sortak bere-berea duen nortasuna hartu du, eta dantzari eta maisu segida luze baten emaitza da.
Tolosan ezagutu den dantzatzeko moduaren bilakaera Gipuzkoako beste herri askotan gertatu denaren adibide bat gehiago da. Orain arte, jarraitu beharreko itsasargi izan dira Juan Inazio Iztuetak orain 200 urte idatzi zuen liburuan jasotako arauak eta eginbideak. Iaz, bi hamarkadaz Gipuzkoako dantza-sistemaren bilakaera ikertu ondoren, Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburua argitaratu zuen Mikel Sarriegi Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko dantzari, zuzendari eta ikertzaileak, Iztuetaren oinordetza izendatua izan den ezagutzaren oinarriak eta gakoak azaleratzeko.
Oinarri eta gako horien eta Tolosako dantzatzeko moduaren inguruan hitz egiteko, Zer-nola dantzatzen da Tolosan? mintegia antolatu dute Udaberri dantza taldeak eta Sarriegik elkarlanean, Dantzan Ikasi programaren bidez. Larunbatean izango da, 10:00etatik 13:30era, kultur etxean, doan, lekuak bete arte. Aurrez, galdetegi hau betetzea eskatu dute antolatzaileek. Non dute jatorria gure dantzek? Beti dantzatu al gara berdin? Jakin al daiteke noiz eta zergatik gertatu diren aldaketak? Galdera horiei erantzungo die Sarriegik.
Lehenik, Gipuzkoa osoko dantza-maisuek gorde duten eta hain ezaguna ez den Iztuetaren oinordetza horren ezaugarri nagusienak aurkeztuko ditu beasaindarrak. Ondoren, Tolosan 1970eko hamarkadatik aurrera ezagutu den dantza-sistema, ahal den neurrian, aurreko horren testuinguruan nola kokatzen den azalduko du. Azkenik, modu praktikoan erakutsiko ditu azaldutako egikera horiek, dantzarien laguntzarekin.
Egitaraua
Urriak 26, larunbata, kultur etxean
- 10:00. Aurkezpenak.
- 10:10. Gipuzkoako dantza-maisuak eta Iztuetaren oinordetza ezkutua.
- 11:00. Tolosako dantza-maisuak eta dantzaeraren ezaugarri orokorrak.
- 11:30. Atsedenaldia.
- 12:00. Tolosako puntuen eta aldairen lanketa praktikoa.
- 13:30. Azkena.