Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berrogei urteren ondoren

Dokumentuaren akzioak

Berrogei urteren ondoren

Anoetako dantza-soka (II)

Egilea
Mikel Errazkin-Joana Garmendia (Anoetarrok auzolanean plataformako kultur taldekoak)
Komunikabidea
Tolosaldeko hitza
Mota
Albistea
Data
2005/01/22

Dantza hau garai berrietara egokituta egin zen 2003an: besteak beste, dataz aldatu eta inauteri garaian egin zen. Horretaz gain, emakumeei lekua egin zitzaien dantza sokan, beren espazio propioa jaso zezaten. Berreskuratze lan horretan, bateratu egin nahi izan ziren, batetik, iraganeko memoria; bestetik, orainaldiko zirkunstantziak, eta, azkenik, hori guztia etorkizunera begira sustraitzeko asmo betea.



Berreskuratze prozesu horretan, kultura tradizionalaren forma batzuen balioak hartu ziren. Halere, gizartea asko aldatu da baserri ingurunea eta bizimodu tradizionala bazterrean geratu zirenetik. Sistema kulturala ez da lehengoaren berdina, ezta balore sozialak ere. Horrexegatik egokitu behar izan ziren festa eta dantza egoera sozial berrira.



Dantza-soka San Joan egunean, Anoetako zaindariaren omenezko egunean alegia, egiten bazen ere, Inauteri garaira aldatzea erabaki zen 2003an. Alde batetik, asteguneko ospakizun zena jai egun batera aldatu behar zelako, lanaren antolaketa dela medio (Anoetako gazte guztiek ez baitute jai egiten San Joan egunez). Bestalde, XX. mendeko gazte anoetarrentzat San Joan egunak ez daukalako XIX. mendekoentzat zeukan sinbologiarik. Hori guztia ikusita eta, bidenabar, ohitura hori etorkizunean ere sustraitzeko asmoz, kalderero egunera igaro zen festa hau. Inauterietako testuinguruan errazago lor daiteke dantza honek gaur egun duen helburua: gure arbasoengandik jasotako errito eta ohiturak beteaz, herriko gazteen arteko harreman sareak sendotu, herriarekiko identifikazioa bultzatu, eta, azken batean, ondo pasatzea.



Dantza-sokaren gaurkotze horretan beste alderdi garrantzitsu bat emakumeen parte-hartzea izan da. Dantza tradizionaletan emakumeak bere toki propio normalizatua zuen, baina historian zehar emakumeak jasan duen bazterketak isla izan du herri kulturan, emakumeei espazio murritza utziz dantza tradizionaletan.



Gaur egungo gizartean emakumeak duen papera ez da, inondik inora, Euskal Herriko bizimodu tradizionalean zuenaren parekoa. Beraz, dantzan ere aldaketa hori sartzeko ahalegina egin zen. Gaur egun, emakumea bere pertsona-eskubidetik kulturara hurbiltzen ari da; lehen arlo hau askotan ukatu zitzaion. Ohiturak berreskuratzerakoan horiek moldatzeko aukeraz baliatu, eta emakumeari dantza-sokan lekua egin zaio, dantza aldarrikapen esparru bihurtuz.



2003an, dantza-sokarekin, ohitura zaharra berpiztu eta gaur egungo bizimoduari zor zitzaizkion aldaketak egin zitzaizkion Anoetan. Biek ala biek zuten lekua egitasmo hartan: usadioak eta berrikuntzak. Horrexegatik, baserriz baserri, dantza egitera abiatu ziren larunbat goizean, kalderero egunez, neska eta mutil. Berdin egingo dugu hilaren 29an.

Dokumentuaren akzioak