Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Berrizko dantzaririk onena izan naizela esaten didate"

Dokumentuaren akzioak

"Berrizko dantzaririk onena izan naizela esaten didate"

Egilea
Aitziber Basauri
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Berriz
Mota
Albistea
Data
2025/03/21
Lotura
Anboto

Bere gaztetako denborak ezagututa, gaur egungoa gloria dela dio Hilario Azkaratek. Mugikorra jo eta jo dauka zorion mezuak jasotzen. 100 urte egin ditu eta asko du ospatzeko. Axpeko txokoan bildotsa laban kozinatu diote, eta pastela ere egin diote, kandelei putz egin eta gero jateko. Zorionak, Hilario, eta urte askotarako!

Ehun urte egin dituzu gaur (martxoaren 18an egin zen elkarrizketa). Zer behar da ehun urte horrela ospatzeko?
Ez dakit. Nik neuk klase askotako lanak egin ditut. 33 urte txofer egin ditut, horietatik 29 Mañarian, harrobian. Behin ia istripua izan nuen. Makina zikindu egiten zenez, garbitzera sartu nintzen barrura eta batek martxan ipini zuen. Eskerrak etxekoandrea konturatu egin zela eta gelditzeko agindua eman zuela. Baserrian ere behar asko egin dut. Belar ebagiten korainagaz, ganaduari azpiak ataratzen, iratan Urrutxura idiekin... 13 urtegaz kriadu joan nintzen San Faustora. 19 urtegaz eskolan hasi nintzen, soldadu joateko apur bat ikasi behar zen eta. Sumar-restar eta horrelakoak ikasten genituen. Auzoko mutiko batzuk Sarriako baserri batera joaten ginen ikastera, neguan. Etxean beharrik ez genuenean.

Urtegun berezi hau behar den moduan ospatuko duzu?
Lagun artean ospatuko dut, baita seme-alabekin ere, eta zapatuan lehengusuekin.

Familia zabala duzu urteguna eurekin ospatzeko.
Lau loba eta sei biloba ditut.

Dantzaria izandakoa ere bazara.
Bai, plaza mutila izan naiz. Berrizko dantzaririk onena izan nintzela zioten, oraindino ere esaten didate hori. Berrizko Nagusien taldekoa izan naiz, eta jada jubilatuta —1975etik 1983ra bitartean— 375 irteera egin genituen. Frantziara joaten ginen asko Dantzari Dantza egitera. Ordaindu egiten ziguten. Gainera, gaztetan Matilde arrebagaz dantza sueltoan hainbat sari lortu nuen; fenomenoa zen arreba. Bilboko txapelketa batean lehenengo geratu ginen, 22 bikotetik. Etxean gordeta dut dantzari jantzia. 83 urtegaz, Garain Aurreskua dantzatu nuen.

Beharra gogotik egindakoa zara, baina atseden hartzeko tarteren bat ere izango zenuen.
Laneko istripu batean atzamarra galdu nuen eta bajan hilabete pasatu nuen. Beste behin, hilabeteko oporrak hartu nituen Ameriketara joateko, 1975ean. Izeko bisitatzera joan nintzen Idahora. Beharrik egin barik egon naizen momentu bakarrak izan dira.

Momentu gogorrak bizitzea ere tokatu zaizu. Gerra zibila zelan gogoratzen duzu?
Durangoko bonbardaketako hegazkinen zarata gogoratzen dut. Soloan nenbilen eta hegazkinetatik tiroak bota zizkidaten. Zanga batean sartu nintzen, tiroak amaitu arte.

Ohitura on bat duzue eguaztenetan.
Eguaztenetan Traña-Matienako Bodeguillara joaten gara ogitartekoa jatera.

Mugikorrera deitu dizute eta ondo komunikatuta zaudela ematen du.
Mugikor honek sei urte ditu, baina ez dabil oso ondo. Laster amaituko zaio bateria.

Dokumentuaren akzioak