Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berriz dantzaren puntaren puntan

Dokumentuaren akzioak

Berriz dantzaren puntaren puntan

Julen Murgiondok eta Saioa Galarragak irabazi zuten zapatuan Seguran jokatutako Euskal Herriko Dantza Txapelketa. 2009an irabazi zuen azkenekoz bergarar bikote batek, Aitzol Enak eta Maite Lazkanok osatutakoak. Zapatuko garaipenarekin, Bergarako dantza eskola, berriro gorenean.
Egilea
Eneko Azkarate Laspiur
Komunikabidea
Goiena
Mota
Albistea
Data
2019/10/26
Lotura
Goiena
Berriz dantzaren puntaren puntan
Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga, Moises Azpiazu Dantza Taldearen entsegu-tokian.

"Ahalik eta ondoen egitera atera ginen, baina ez genuen espero irabaztea. Urte polita egin dugu, baina beste bikoteak ere gogor aritu dira txapelketa prestatzen". Saioa Galarragaren berbak dira (Bergara, 2000). Julen Murgiondok (Bergara, 2001), berriz, zera: "Laugarren aldia zen parte Seguran hartzen genuela eta ez genuen espero irabaztea. Halere, aitortu du egindako lanarengatik "oso gustura" jaitsi zirela oholtzatik, espero zuten bezala irten zitzaielako. Galarragak gehitu du "akatsik gabeko saioa" izan zela eta fandangoa "ondo borobildu" zutela, eta horrek indarrak eman zizkiela "arin-arina gogoz" hasteko. 

"Punta zorrotzak eta dotoreak"

Epaimahaiko adituek nabarmendu zuten bergararrek "punta zorrotzak eta dotoreak" dituztela eta oso "goian" egin zutela dantzan. Maite Lazkano irakasleak ere azpimarratu du "oso dantzari onak" direla biak; Murgiondo, "txapelketako mutilik onena". Haren ustez, "oso teknika ona" dute eta "primeran elkar hartzen dute". Julen Murgiondok berak dio "hankekin finak" direla eta, ostera, besoak direla haien "puntu ahula".

Ikasketak direla-eta –Galarragak Bilbon ikasten du– nahi baino gutxiagotan elkartzen dira entseatzeko. Horretan Maite Lazkano irakasleak asko lagundu diela dio Galarragak: "Maitengatik ez balitz ez ginateke gauden lekuan egongo, bera izan baitzen hasiera batetik bikotea identifikatu eta sortu zuena. Bestetik, zera azpimarratu du: "Izan dugun bilakaera, hein handi batean, irakasleak erakutsitakoagatik izan da". Moises Azpiazu dantza taldean hasitakoak dira, Maite Lazkanorekin. Murgiondo 6 urterekin hasi zen; Galarraga, 4 urterekin. Elkarrekin, ordea, 2013an hasi ziren, 12 eta 13 urte zituztela.

Murgiondo eta Galarraga, Segurako txapelketako agertokian, amaieran, sariak jasotzen.

Dantzan, amei esker

Bien amak dantzariak izandakoak dira; Galarragarena, Izaskun Pardina, anaia Iñakirekin aritu zen txikitan txapelketetan. Murgiondorena, Ane Izagirre, taldeko dantzetan aritutakoa da. Zapatuan Segurako pilotalekuko harmailetan elkarrekin jarraitu zuten txapelketa. Aurkezleek irabazleen izenak esan zituztenean, elkar besarkatu zuten, sutsuki. "Amei esker dugu biok dantzarako zaletasuna", dio Murgiondok. Dantzari bikotea saria jasotzera oholtzara igo zeneko unea ere hunkigarria izan zen, batez ere Murgiondok gogora ekarri zuenean azken bi urteetan aitajaun-amandreak galdu dituela. "Polita izan zen une hori", dio. Aitor Ruiz de Egino artistaren eskultura jaso zuten irabazleek, besteak beste, eta gertukoenei eskaini zieten. 

Eskola "finagoa eta teknikoa"

Bergarako dantza askatu tradizioari segida ematen dio Moises Azpiazu dantza taldeak eta talde horretako harrobitik irtendakoak dira 2019ko Euskal Herriko dantza txapeldunak. Maite Lazkano dantzari ohia da Moises Azpiazu dantza taldeko arduraduna. Guztira, 115 bat ikasle ari dira.

Moises Azpiazu zenaren izena dauka taldeak, haren omenez Bergarako Musika Eskolak antolatzen duen dantza txapelketa bezala. Lazkanoren esanetan, "Azpiazuk sortu zuen Bergaran dantza taldea eta berari esker dago dantza solteko espezializazioa". Aurretik, Jabier Mendizabal Surra-rekin eta Maite Barrenarekin ere aritu ziren beste hainbat. "Debagoienean taldeko dantzak egiten dira, oro har, eta Bergara da solteko bikoteak prestatzen dituen bakarra", dio Lazkanok.

Bikote txapeldunaren dantza estiloa Bergarako eskolarena dela dio: "Julenen eta Saioaren bereizgarriak dira Bergarako eskolak besteengandik bereizten dituenak". Bergarako dantza estiloa beste batzuen aldean "finagoa eta teknikoagoa" dela dio Lazkanok. "Horrek bereizten gaituela esango nuke; gaur egun bikoterik ez egon arren, Hernanikoaren antza du".

43 ediziotatik, zortzitan nagusi

Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran jokatzen da 1981a ezkero, hango udalak Eusko Jaurlaritzari hala eskatu ostean. Dena den, Seguran 1977an hasi ziren dantza txapelketa antolatzen.

43 edizioetatik, zortzitan nagusitu dira bikote debagoiendarrak; guztiak, bergararrak. Edu Muruamendirazek eta Amaia Agirrek –ez du zerikusirik Juantxo Urbietarekin bikote osatuta 1984an eta 1986an txapeldun geratu zen Amaia Agirrerekin– hiru ediziotan jarraian irabazi zuten eta, honenbestez, sari nagusia –Nestor Basterretxearen eskultura– betirako geratu zen Bergarako udaletxean.

Zapatuko garaipenaren aurretik, azkenekoz, duela 10 urte irabazi zuen bergarar bikote batek: Aitzol Enak eta Maite Lazkanok. Azken honek 2001ean ere irabazi zuen, orduan Asier Enarekin batera –Aitzolen anaia–. Moises Azpiazu dantza taldeko irakaslea da Lazkano, baita Murgiondo eta Galarragarena ere.

Txapeldun debagoiendarrak

  • 2019 Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga. Bergara.
  • 2009 Aitzol Ena eta Maite Lazkano. Bergara.
  • 2001 Asier Ena eta Maite Lazkano. Bergara.
  • 1995 Edu Muruamendiaraz eta Amaia Agirre. Bergara.
  • 1994 Edu Muruamendiaraz eta Amaia Agirre. Bergara.
  • 1993 Edu Muruamendiaraz eta Amaia Agirre. Bergara.
  • 1986 Juantxo Urbieta eta Amaia Agirre. Osintxu.
  • 1984 Juantxo Urbieta eta Amaia Agirre. Osintxu.

Dokumentuaren akzioak