Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berriz dantzan jarriko da herria

Dokumentuaren akzioak

Berriz dantzan jarriko da herria

Gaur hasiko dira Zestoako Ama Birjin jaiak, Interpretazio Eskolako kideek 19:00etan botako duten txupinazoarekin. Aurtengo festetan bada berrikuntza bat: zahagi-dantza egiteko ohitura berreskuratuko dute.
Egilea
Ihintza Elustondo
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/09/07
Lotura
Urola Kostako Hitza

Duela urte batzuk, bazen ohitura bat Zestoan: zahagi-dantza eginez agurtzen zituzten herriko festak. “Juan Inazio Iztuetaren Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan jasota dago zahagi-dantza egiteko ohitura bazela herri batzuetan; tartean, Zestoan. Ustez, festen bukaeran egiten zuten, esanez bezala: festak bukatu dira, ardoa bukatu da, eta makilarekin lanera bueltatzeko ordua iritsi da”, azaldu du Amaiur Aristi Itxaropena dantza taldeko kideak. Azken aztarnen arabera, 1940ko hamarkadan galdu zen ohitura hori, eta aurten berreskuratzea erabaki du dantza taldeak.

Ez dakite zein urtetan hasi ziren zahagi-dantza egiten zehazki, baina lehen arrastoak 1910 inguruan aurkitu dituzte: “Juan Jose Saezmira Maixuak xehetasunekin kontatzen ditu Zestoari Gorazarre liburuan 1920-1930 hamarkadako Zestoako zahagi-dantzaren inguruko zenbait kontu. Garikoitz Mendizabalen Zestoako musika historiaren konpasean liburuan, berriz, 1910eko hamarkadako zahagi-dantzako argazkiak daude jasota”, adierazi du Aristik.

Aspaldiko tradizioa berreskuratzea “polita” izango zela iritzita, Itxaropena dantza taldeak bere asmoen berri eman zien Idiakaitz txistulari taldeari eta Zestoako Trikitixa Elkarteari. Haiei ere gustatu zitzaien ideia, eta behin ekitaldia egitea erabakita, deialdi irekia egin zuten herritarren artean, ahalik eta dantzari gehien bil zitezen. Azkenean, 30 bat laguneko taldea osatu dute; haietako gehienak ez dira Itxaropena dantza taldekoak, herritar boluntarioak baizik.

Aristiren arabera, “harrituta” daude deialdiak izan duen oihartzunarekin. “Ez genuen espero hainbeste jende animatzerik. Hasiera batean, bi zahagirekin irteteko asmoa genuen dantzara, eta, azkenean, laurekin aterako gara. Oso jarrera positiboa erakutsi du jendeak; azken astean ere etorri dira batzuk ea parte har dezaketen galdezka…”. 14 urtekoak dira dantzari gazteenak, eta 50 urte inguru dituztenak ere animatu dira.

Ereduak inguruan
Zestoan galduta egon den arren, inguruko beste herri eta auzo batzuetan mantendu dute zahagi-dantza egiteko ohitura; besteak beste, Aizarnan, Deban… Hain zuzen ere, leku horietako eredua jarraitu dute zahagi-dantza entseatzerakoan, Zestoan antzeko zerbait egingo zela pentsatuta.

Festetako azken egunean, igandean, egingo dute zahagi- dantza, 20:00etan udaletxe aurretik hasita. Kalejiran abiatuko dira dantzariak, txistulariak eta trikitilariak, eta herriko puntu ezberdinetan geldialdiak egingo dituzte, zahagi-dantza egiteko. Ekitaldia bukatzeko, zahagi-dantza, fandangoa eta arin-arina egingo dituzte, plazan.

Ekitaldia ez da “zerbait formala” izango, “festa girokoa” baizik. “Garai batean ere, ziurrenik, hala izango zen. Ondo pasatzea da gure helburua, eta gehienbat herriko ondare bat, ohitura bat, historiaren parte bat berreskuratzea”.

Egitaraua

Gaur, osteguna
19:00. Zestoako Antzerki Eskolakoek botata, txupinazoa. Ondoren, herriko banda, buruhandi, txistulari eta abarren kalejira.
19:00. Meza parrokiko abesbatzarekin, eta, jarraian, Ama Birjinari Salbea.
21:00. Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen aldeko herri afaria plazan bertsolariekin, Kalera-kalera ekimenaren barruan.
00:00. Rodeo  eta Willis
Drummond, Laranjadi plazan.

Bihar, ostirala. 
Ama Birjin Eguna
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
Goizean zehar, itzal antzerkiko txotxongiloak egiten ikasteko tailerra, liburutegian.
11:00. Zestoako Bandaren eta Idiakaitz taldearen kalejira.
12:00. Meza, parrokiko abesbatzarekin.
13:15. Zestoako Bandaren saioa.
17:00. Olinpiada originaletarako izen ematea eta taldeen osaketa, frontoian.
17:30. Olinpiada originalak (6 urtetik gorakoentzat) eta umeen gunea txikienentzat, frontoian.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Alfonso Pablo Ortiz. Ordezkoa: Juan Sebastian Gomez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo).
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
20:00. Tximeleta taldearen dantzaldia, Laranjadin.
22:30. Pilota jaialdia: Dario- Tolosa / Ugalde- Erostarbe. Irribarria- Rezusta / Altuna- Zabaleta.
23:30. Tximeleta taldearen dantzaldia, Laranjadin.

Etzi, larunbata
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Meza.
11:30. Puzgarriak, paintball-laser eta ludoteka, frontoian eta kultur etxe aurrean, 13:30ak arte.
12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Ustekabe txaranga egunean zehar.
14:30. Paella lehiaketako epaimahaia pasatuko da. Ondoren, herri bazkaria plazan.
16:00. Zurrunka taldeak Iriberriko sorgina itzal antzerkia eskainiko du liburutegian.
17:00- 20:00. Puzgarriak, paintball-laser eta ludoteka, frontoian eta kultur etxe aurrean.
18:00. Baltsa jaitsiera Urola ibaian, Ustekabe txarangak alaituta.
23:00. DJ Julius, Foru plazan.

Irailak 10, igandea
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Haurren udalbatzarra.
Ondoren, Erdikalean hasita, Haurren Udalbatza, udaltzainak, buruhandiak eta abarrekin kalejira Idiakaitz Txistulari Taldeak lagunduta.
12:00. Umeek txupinazoa botako dute udaletxetik.
12:00. Meza.
12.45. Nafar ikurrari gorazarrea Laranjadin, bertso, jota eta dantza saioarekin.
13:30. Lopeneren zezen bolaztatuak eta poniak, ume eta gaztetxoentzat, dultzaineroek alaituta.
14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria.
17:00. Zumba Txiki, kultur etxe aurrean.
17.30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Christian Canano. Ordezkoa: Ortegita. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo). Gero, Lopeneko zezen bolaztatuak.
18:30. Apar festa, frontoian.
Ondoren, banda Erdikalean.
Gero, garai batean festa amaieran dantzatzen zen zahagi-dantza berreskuratuko dute Itxaropena dantza taldeak, Idiakaitz txistulari taldeak eta Zestoako Trikitixa Elkarteak.
21:00. Suakai elektriko, Laranjadi plazan. Biolin eta biolontxelo elektrikoak eta batukada uztartuta, edozein txokotan entzun daitezkeen kanta ezagunenak bertsionatuz. Adin guztietarako egokia den errepertorio anitza, erritmoa eta sorpresa ugari festei amaiera dibertigarria emateko.

Zahagi dantzariak Bainuetxean (Argazkia: Zulaika sendia)

Dokumentuaren akzioak