Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berritua, baina klasikoa

Dokumentuaren akzioak

Berritua, baina klasikoa

Egilea
Aitziber Arzallus
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2005/08/19

Cervantesen On Kixote argitaratu zutela 400 urte betetzen direla eta, Donostiako Udalak ekitaldi ugari antolatu ditu urte osoan zehar. 66. Musika Hamabostaldia ere ildo bera jarraitzen ari da. Batetik, hilaren 4an Rafael Amargoren zuzendaritzapean, D. Q. ... pasajero en tránsito ikuskizuna eman zuten, eta bestetik, gaur 19:00etan, Krasnodar Grigorovitx Baletak On Kixote emanaldia eskainiko du Kursaaleko Auditorioan. Bihar ere egongo da ikusteko aukera, ordu eta leku berean .



Krasnodar Grigorovitx baleta 1990ean sortu zuen Juri Grigorovitxek. Gaur egun 90 dantzarik osatzen dute; guztiak, Leningrado, Kiev eta Moskun graduatuak. Juri Grigorovitxen zuzendaritzapean ereduzko erakundea bihurtu da koreografia klasiko handienetan, hala nola, Intxaur kraskagailua, Giselle eta Beltxargen aintzira obren bertsio oso ezagunak ditu. Balet hau Atenasen , Grezian, Italian eta Europa eta Ipar Ameriketako beste hainbat hiritan izan da ikuskizunak ematen azken urteotan, eta orain Donostiara etortzeko txanda iritsi zaio.Duela ehun urte eraman zuten lehen aldiz On Kixote baletera, eta ordutik bertsio asko egin dizkiote. «Ia munduko antzoki eta zuzendari guztiek dute On Kixote-ren bertsioren bat», azaldu du Grigorovitxek. Berak zuzentzen duen ikuskizuna 1999an Errusiako Krasnodarren estreinatutakoa da. «Nik nirea osatzerakoan ere, jaso ditut gauzak beste batzuetatik. Hau kirola bezala da, duela 50 urteko errekorrak gaur egun kirolari guztien eskura daude, beraz, berritzen joan beharra dago; hasierako istorio sinple hura perfekzionatzen».@:Gainera, IV. mendeurrena dela eta aldaketekin dator Grigorovitxen ikuskizuna. Jantziteria eta dekoratuak goitik behera berritu dituzte, eta Donostiakoa, Errusiatik kanpo egiten duten lehenengo aurkezpena izango da. Berriak izanagatik, baina, ez du esan nahi modernoak izango direnik. «Ohiko estilo klasikoa matentzen saiatu gara bai jantzien forma eta koloreetan, baita dekoratuetan ere». Ludwig Minkusek On Kixote lanerako sortu zuen musika ere eraberritu egin dute. laugarren mendeurrena dela eta.



Obra osoa baino gehiago,zertzelada batzuk



«Obra honek ez du Cervantesek sortu eta idatzi zuen istorio hura osorik kontatzerik nahi. Nire ustez, balet bat ez da gai film batek egin dezakeen moduan, hasiera, korapiloa eta amaiera dituen istorio bat bere xehetasun guztiekin azaltzeko. Balet batek, On Kixote pertsonaiaren irudi bat osatu eta istorioari buruzko zertzelada batzuk baino ezin ditu eman. Ikuspuntu bat soilik adieraz dezake».



Hitzaurre batek, bi ekitaldik, lau agerraldik eta epilogoak osatzen duten obra honetan, 14 dantzari nagusi eta baleteko gainerako kideek hartzen dute parte. Bi dira, ordea, protagonistak: Kitriren paperean ariko den Anna Antonitxeva eta Basilen paperean ariko den Dmitri Belogolovtsev. «Bi dantzariak bikainak dira», Grigorovitxen ustez. «Teknika oso landua dute eta jauzi eta itzulipurdi paregabeak egiteko gai dira. Munduan dantzari on asko dago, gero eta gehiago. Egun gainera, esan daiteke, Espainiako dantzariak mundua menderatzen ari direla; hor ditugu, adibidez, Tamara Rojo eta Angel Coredja, baina, nire iritziz, Anna Antonitxeva eta Dmitri Belogovtsetv dira Kitri eta Basilen pertsonaiak hoberen interpretatzen dituztenak. Horregatik aukeratu ditut».











P JURI GRIGOROVITX



Ibilbide luzeko koreografo eta zuzendaria



Gaur egun bizirik dauden koreografoen artean garrantzitsuenetakotzat jotzen dute Juri Grigorovitx.



1927an jaio zen, antzinako Leningradon, eta txikitatik bizi izan du ikuskizunaren mundua. Familiako hainbat kide zirkuko artistak zituen, eta haurra zela mundu hark liluratzen zuen arren, berehala egin zuen dantzaren aldera. «Niretzat, dantza bizitza osoan iraun didan maitasuna da». Leningradoko Koreografia Eskolan ikasi zuen, eta amaitu eta berehala, Kirov Baleteko kide egin zen. Prokofieven Harrizko Lorea-obran egin zuen bere lehen lan garranztitsua. 1962an, Kirov Baleteko zuzendari izendatu zuten, eta 1964an Moskuko Bolshoikoa. Azken horretako zuzendari izan zen 30 urtez. Garai hartan izen handia lortu zuten, hainbat ikuskizun zuzendu ondoren: Txaikovskiren Loti Ederra, Intxaur hauskailua eta Beltxargen aintzira; Khatxaturinen Spartacus, Prokofieven Ivan Izugarria eta Romeo eta Julieta, Shostakovitxen The Golden Age eta Donostian emango duten MinkusenOn Kixote.

Dokumentuaren akzioak