Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berrikuntzaren kontu zahar hura

Dokumentuaren akzioak

Berrikuntzaren kontu zahar hura

Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2016/03/02
Lotura
Berria

Garai hartako sortzaileek euskal kultura berritzeko asmoz izan zuten asmoak, abangoardia eta iragana uztartzekoak, ikur argia izan zuen: txalaparta. Eskultura bilakatu zuen Remigio Mendiburuk, eta logotipo gisa hartu zuen Ez Dok Amairuk.

Arraunlarien logikak gidatu behar zuen euskal kulturgintzaren pizkundea Jorge Oteiza eskultorearen ustez: atzera begiratu, baina aurrera egin. Neolitoko harrespiletan jarri zuen berak begia Quosque Tandem...! liburuan, baina orokorra izan zen joera 1960ko hamarkadako pizkundean: abangoardiarako baliatu zuten iragana. Arraunlarien gisa aritu ziren, adibidez, Ez Dok Amairuko kideak kantutegi zaharra berreskuratu eta beren garaiko arazoekin uztartzen. Arraunlarien gisa Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu eta abarrak eskulangintza tradizionalak abangoardia formalekin lotzen. Eta arraunlarien gisa euskal literatura berritu zuten ahotsak ere, bazterreko tradizioak erreskatatu eta hizkuntza berritzen. Eta ereserki eta bandera bat ere izan zuen prozesu horrek: txalaparta. Eskultura bilakatu zuen Mendiburuk, eta eskultura hura izan zen Ez Dok Amairuren ikurra. Ttakun han eta ttakun hemen, batera entzuten zituzten ohol horietan sustrai zaharrak eta adar berriak.

«19 urte betetzear nengoen». Juan Mari Beltran musikariak oraindik gogoan du Argia dantza taldera txistulari sartu eta Barandiaran galerian topatu zuen giroa. Borborka deskribatzen du giroa artistaz, musikariz eta dantzariz betetako gune hartan. Euskal Herriko herri musikaren aditu nagusietariko bat da egun, eta baita txalaparta berreskuratzeko prozesuaren protagonista nagusietariko bat ere, Artze anaiekin batera. Baina hasi, galeria hartan hasi zitzaion begirada aldatzen. «Guk lehen kolpean txalaparta ikusi genuenean, ikusi genuen gure kulturaren zer edo zer zaharra; za-ha-rra. Maurizio Elizalde mutil dantzekin ezagutu genuenean; za-ha-rra. Eta dena zen za-ha-rra. Eta guk zenbat eta zaharragoa ikusi, orduan eta gehiago baloratzen genuen. Eta gero etorri zen buelta: zaharra edo berria? Ikusten genuen txistulari zahar haiek ari zirela librean musikarekin jolasten, eta gauza bera Leon Bilbao albokarekin, eta berdintsu dantzari zaharrak ere. Aldaketa handiena hori izan zen, herri kultura gauza bizia dela ohartu, eta modu horretan ikusten hasi ginen». Eta zergatik gertatu zen hori? «Oteizagatik, arte eskolen mugimenduengatik, denok batera egote horregatik. Horrek guztiak lagundu zuen asko gure pentsamolde berri horretan».

Alkimisten pare

Funtsezkotzat du transformazio hori Bernardo Atxaga idazleak ere, eta aldaketa horri buruz aritu zen horregatik Bilbon 2014an Harri eta Herri liburuaren 50. urteurrenaren harira eskainitako hitzaldian. Txalaparta jarri zuen berak ere adibide. Garai hartan Zuaznabar anaiak eta Goikoetxea anaiak ziren Euskal Herrian txalaparta jotzen zuten bakarrak, eta sagardoa egin ostean jotzen zuten. «Mozkorkerietan» musikariak haren azpitik ere pasatzen zirela gogoratu zuen idazleak hitzaldian. «Zeren aurrean gaude? Tresna hori tresna arrunt bat da, egoera arruntetan erabiltzen dena, eta ez guk gaur egun ezagutzen dugun txalaparta». Eta Oteizaren Quosque tandem...! liburuan dago giltza, haren ustez. «Bat-batean, kasurik onenean ere halako antropologia edo museoetako liburuetarako zegoen tresna bat, berak hartu eta abangoardiako estetika baten bitartez ulertu zuen. Esan zuen, esate baterako, txalaparta ez dela tan-tan horietako bat. Ttukun-ttukun bat da, gizonari eta naturari zabaldua, ibai baten hotsa bezalakoa [...]. Eta handik lerro gutxira aipatzen du Schoenberg eta musika dodekafonikoa. Benetan, interpretazio oso berria da. Gauza bera egiten du bertsolariekin eta herriko beste kultura arlo askorekin».

Eta ez da soilik Oteiza: alkimia paretsuan deskribatu zuen Gabriel Aresti idazlea ere Atxagak. «Oteizak txalapartarekin egin zuena, hots, orbitaz aldatu, beste balio bat eman, ez utzi museotarako, ez altxor bat bezala gorde, euskaldunak horrelakoak izan ginen, baizik eta zerbait eragilea, aurrera begirakoa, interpretazio bat modernitatetik eginez. Arestik gauza bera egin zuen herri literaturarekin, herri teatroarekin, teatro zaharrarekin, bertsolari batzuekin —Txirritarekin, esate baterako—, tradizioarekin —Axular, Etxeberri Sarakoa eta Leizarragarekin—, eta Zuberoako festa tradizio komikoekin. Berak operazio bera egin zuen, balioa eman zion, beste orbita batera pasa zuen». Uztai berean lotu zituen Bertolt Brecht eta Txirrita, eta iraganeko testu haietan topatu zuen eredu sabindarrak museorantz zeraman euskara ereduari alternatiba eskaintzeko iturria ere. Bestek zaharra ikusi, eta berak berri nahi zuelako. Ez altxor, baizik eta tresna.

Antzinakoa eta euskalduna

Ikur bat izan zen txalapartarena, Beltranek onartzen duenez. «Guretzat Mendibururen txalaparta hori oso estetikoa zen, eta guk mitifikatu egin genuen pixka bat hori orduan: Ez Dok Amairuren disko denetan txalaparta hori agertzen zen, eta gure bandera bihurtu zen». Eta zergatik bandera hori eta ez beste bat? «Egia da alde batetik hor ibili ginela identitate kontuekin, eta identitate hori Cro-Magnongo gizakiarekin lotu ahal izanez gero, orduan eta hobeki, eta igual txalaparta ez da hain zaharra, ze agian flautak zaharragoak dira txalaparta baino, baina orduan pentsatzen genuen gauza oso zaharra zela». Ustezko antzinakotasun hori, beraz, arrazoietariko bat zen, baina bazen beste bat ere: euskaltasunarena. «Alboka bezalakoak nonahi, dultzaina bezalakoak nonahi, baina bat-batean iruditu zitzaigun txalaparta hemen bakarrik zela. Inuxenteak gu». Beltranek dioenez, orduan uste baino gehiago dira txalapartaren gisako tresnak mundu zabalean, baina orduan horixe uste zuten, eta horregatik bihurtu zuten ikur.

Bera ere hasieran ez zuen kulturak eraman Barandiaran galeriara. Banderak gerturatu zuen dantzara, eta dantzatik heldu zen herri kultura mirestera; baina hasi, banderarekin hasi zen dena. «Abertzale gazteen kuadrilla bat zen orduan bereziki Argia dantza taldea. Euskadi, Euskal Herria, ikurrina, Iparraldea, horretan aritzen ginen; ez zen horrenbeste folkloreari eta herri kulturari eskainitako talde bat. Hori ere tartean zen noski, baina gehiago zen atxikimendu ideologikoa, kulturala baino». Dena zegoen lotuta, izan ere. Hori dio, adibidez, Xabier Letek ere 1977ko Jakin aldizkarian. «Kantariaren lana, errekuperazio lan bat zen, beste ezer baino lehen. Kantatzeko era herrikoi baten errekuperatzearekin batera —kanta zaharrak ere jasoz—, hizkuntzaren eta herri kontzientziaren errekuperazioa».

Bidegurutze horretan dago Oteizaren lana ere: estetikaren eta politikaren korapilo horretan. Horregatik Quosque tandem...! liburuko tema euskal arima aldarrikatu beharrarekin, eta horregatik halako insistentzia euskal estetika abangoardiarekin uztartzeko: 1936ko gerrak etendako eta kostunbrismoak etxekotutako kultura bat piztu nahi zuen. Hauts zena urre bilakatzeko alkimia ariketa bat zen, funtsean. Izan ere, Oteizak ezagutu zituen gerra aurreko euskal abangoardiaren haziak, eta Amerikara egindako bidaietan bertatik bertara ikusi zuen kolonaurreko artearen goraldia. Eta 1948an, Euskal Herrira itzultzean, belarri horiekin entzun zuen txalaparta horregatik. Quosque tandem-eko 132. atalean dator azalpena. Artistaren hitzetan, berezia da euskal kasua, beste herri batzuek erritmoak errepikatuz bilatzen baitute gizakiaren eraldaketa, baina ez euskaldunek. «Euskalduna, berriz, gizaki jada eraldatua da (harrespilaz geroztik) eta bere ekintza erritmikoa ez doa Naturaren aurka, eta bera ere ez da sartzen haren kantuan, hura sortzen du. Bere baitatik irtete haren guztiz kontrakoa da: bere baitan biltzea da. Ez da tam-tam bat gure txalapartarena, da txu-khun, txu-khun bat».

Hautsi ez, zabaldu

Kandinski, Nolde, Klee, Macke... Nahiko hedatuta zegoen iraganerako joera XX. mendeko artisten artean. Europar etnozentrismoarekin apurtu nahi, eta etxetik urrun jo zuten bidaian horregatik, iturri ustez zaharragoen bila. Berezia izan zen Orioko artistaren kasua, ordea, Txomin Badiola artistak Oteizaren katalogo arrazoituan dioenez. «Oteiza mugimendu bikoitz batera bultzatu zuen desira horrek, hasiera batean kanporantz, kolonaurreko kulturen estatuaria aztertzera, eta ondoren, prozesu esperimentala amaitu zuelarik, Euskal Herriko Historiaurrean barnealderantz».

Eta oihartzun zabala jaso zuen proposamen horrekin 60ko hamarkadako euskal kulturgintzan. Aurrerantzean uztartu egin ziren iragana eta abangoardia, eta uztartu goi kultura eta herri kultura deitutakoak ere. Ttakun han eta ttakun hemen, alkimia horretan zebiltzan Ez Dok Amairuko kideak Bereterretxeren Kantoria abesterakoan, adibidez, eta alkimia horretan zebilen Aresti ere Zuberoako herri antzerkian murgiltzerakoan.

Ez da bakana Euskal Herriko kasua. Abangoardia askok jo zuten iraganera, eta iragan utopiko bat ere asmatu zuten, baina joera horren hedapenak egiten du berezi euskal kasua, Asier Mendizabal artistak Algunas consideraciones sobre vanguardia y tradición: la escultura vasca como mito hitzaldian azaldutakoaren arabera (Abangoardiaz eta tradizioaz zenbait gogoeta: euskal eskultura mito gisa). Oteiza, Txillida, Basterretxea eta Mendibururen jarduna hartzen du ardatz, eta, dioenez, testuingurua da gakoa. «Funtsean formalista da hizkuntza, eta, beraz, esanahia lehenetsi beharrean formen egitura eta eraikuntzari ematen dio lehentasuna. Baina identitate gatazka argi bat duen komunitateko parte diren neurrian, beren imaginario kulturala berritzeko konpromisoa onartuz egiten dute lan hori. Eta hori egiten dute ordura arte mundu abertzaleak formulatutako kostunbrismo eta historizismoa baino askoz ere atabikoagoa den ondare bati erreferentzia eginez».

Zaharrean topatu zuten berria. Txalapartaren eboluzioaz mintzo da horregatik Beltran, eta ez aldaketaz. «Zuaznabar anaiek eta Goikoetxea anaiek egiten zuten gauza bera da guk beti errepikatu duguna; oinarri bera da, baina haiek zenbat ordu egiten zituzten urtean jotzen? Sei? Hamar? Hamabi? Anaia eta biok astean zazpi egunetan entseatzen genuen, eta bat-batean, sei hilabetera, haiek egiten zutena zabaldu egin zitzaigun. Mugarik ez zegoen. Baina ez genuen ezer hautsi, e! Zabaldu egin zen, eta zabaldu mugarik ez zegoelako». Arraunean haiek ere txalapartako oholetan: atzera begira, eta aurrera egiten.

Dokumentuaren akzioak