Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Berrikuntzak egiteko orduan ni naiz ausartena, Kimetzek frenatzen nau"

Dokumentuaren akzioak

"Berrikuntzak egiteko orduan ni naiz ausartena, Kimetzek frenatzen nau"

Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde / Sueltoko Dantza txapeldunak

Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
1999/06/22

Zer-nolako prestaketa egin duzue txapelketari begira?

KIMETZ LARRAÑAGA: Lotsa pixka bat ematen du gure prestaketari buruzko gorabeherak kontatzen hasteak, jendeak ez baitu sinestu ere egingo, baina esan dezagun hiru edo lau hilabete oso gogorrak izan direla. Eneritzek berandu arte egiten du lan dantza-eskolan eta askotan ordu desegokietan ibiltzea ere tokatu zaigu.

Zein da biotatik ausartena gauza berriak probatzeko orduan?

ENERITZ EPELDE: Ni ausartagoa naiz. Niri gauza berriak probatzea gustatzen zait eta Kimetzek frenatzen nau. Berrikuntzak, dena den, minimoak izaten dira beti, xehetasunak. Baina xehetasun horiek garrantzia handia dute. Dantzako orduetatik kanpo bururatzen zaizkigun ideiak dira. Nik proposatzen dizkiot askotan Kimetzi. Aprobak egiten ditugu. Bideoan ikusten dira gero nola geratzen diren eta onartu egiten dira, edo baztertu. Baina, gauza asko konbinatu behar izaten dira gure lanean: alderdi teknikoa, fisikoa eta baita komunikatiboa ere.

Epaimahaiko batek txapelketa bukaeran aipatu zuenez, gaurko dantzariok teknikoki izugarrizko urratsak ematen ari zarete, baina ez omen duzue adierazpena horrenbeste lantzen.

K. L: Ni konforme nago uste horrekin. Dantza, ezer bada, komunikazioa da, baina txapelketa ez da lekurik onena adierazpena, komunikazioa edo dena delakoa lantzeko. Plazan ari garenean, askoz ere gehiago adierazi ohi dugu. Presio izugarriarekin igo ohi gara agertokira. Nik uste dut txapelketak berarekin dakarrela akats hori. Dena den, azken aldi honetan gu gogor ari gara adierazpenaren alderdi hori latzen.

Zein eredu izan dituzue dantzan horrela ikasteko?

E. E: Zortzi urterekin hasi ginen dantzan Marta Oruesagastirekin. Herriko haurrei euskal dantzak erakusten zizkien emakume bat zen. Eta segidan Belen Sagarzazurekin ikasten hasteko zoria izan genuen. Belen hiru aldiz izan da Seguran txapeldun. Esan bezala, 13 urterekin atera genuen lehen txapela eta geroztik, nik uste dut, garaian garaiako txapeldunak izan ditugula eredu.

Bikote guztiek izaten dituzte krisialdiak. Zuek izan al duzue horrelakorik?

K. L: Guk ere izan ditugu bajualdiak. Txikien mailako Euskadiko bi txapel irabazi genituen segidan Bergaran, eta handien mailara pasatzeko edadera iritsi ginelarik, lehen urtean ez ginen aurkeztu, halakoxe errespetua sartzen baitzigun Segurako Txapelketak. Orain bi txapel segidan irabazi ditugu, baina ezin dugu aurrera begira luzerako planik egin, oso lan neketsua eta errentagarritasun gutxikoa baita dantzaren afizio hau.

Lan aukerarik ba al duzue?

E. E: Nire lana euskal dantzak erakustea da. Bizkargi dantza-eskolan ari naiz eta Azkoititik kanpo ere, Errezilen eta Mendaron, ematen ditut ikastaroak. Gure lanbide honetan ez dago titulurik eta Seguran txapela irabazteak kreditua eta prestigioa ematen ditu, baina arin-arin eta fandangotik ez dago bizitzerik. Orain, udan zehar egiten diren herrietako txapelketetan parte hartzen hasiko gara. Hogei bat txapelketa izango dira eta baita erakustaldi batzuk ere.

Punta-puntako dantzari batzuek koreografo gisa debutatu dute. Ba al duzue eskuartean proiekturik?

k. L: Alaiz eta Maiderrekin batean emanaldiak egiteko lau dantzariko taldea osatu genuen. Iban Agote, Jon Maia, Oier Imaz eta neu gaude talde horretan. Azken diskoaren aurkezpenetan hartu dugu parte Bilbon, Urruñan, Irunen eta Gasteizen, eta aurrera begira ere baditugu proiektuak baina oraindik ez kontatzeko moduan. Eneritzek, berriz, "Martiteko erromeria" ikuskizuna du Bizkargiko neska talde batekin. Azkoitiko Baztartxon estreinatu zuen.


Dokumentuaren akzioak