Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berrikuntza dezente aurten 25 urte egingo dituen Segurako Dantza Sueltoko Txapelketan

Dokumentuaren akzioak

Berrikuntza dezente aurten 25 urte egingo dituen Segurako Dantza Sueltoko Txapelketan

Egilea
Martin Anso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/05/31

Basterretxearen eskultura, Jose Mari Telleria eta Joseba Iparragirreren doinu berri eta Elorza ahizpek paratutako liburuarekin batera, Luis Mari Telleria Segurako alkateak aurtengo egitarauaren gainerako berrikuntzak aipatu zituen: Ardixarrenean hilaren 8an estreinatuko den dantza jantzien erakusketa eta bikote txapeldunak ohiko sarietatik aparte irabaziko duen bidaia, lau lagunentzako astebeteko bidaia Mallorcara, alegia. Telleriak txapelketaren berri emateko atzo eskainitako prentsaurrekoan gogorarazi zuen lehenengo edizioetan ere sari gisa bidaiak ematen zirela, eta aurten, zilarrezko ezteien aitzakiarekin, ohitura hura berreskuratu nahi izan dutela.



Euskal Dantzarien Biltzarreko dantza sueltoko Gipuzkoako koordinatzaile den Jose Juan Ugaldek atzo nabarmendu zuenez, berriz, aurtengoan Segurako txapelketari bene-benetan Euskal Herri mailako izaera emateko ahalegin berezia egin da. «Azken urteotan txapelketa zeharo geratu da, zoritxarrez, gipuzkoarren esku. Egia da azkenaldion, garai batean ez bezala, gainerako herrialdeetan bikote gutxi dagoela. Hala ere, aurtengoan gainerako herrialdeen ordezkaritza ahalbidetzeko neurriak hartu ditugu eta Seguran Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako bikoteek behintzat dantzatuko dutela esateko moduan gaude», esan zuen Jose Juan Ugaldek.

Segurako txapelketaren Euskal Herri mailako izaera hori epaimahaian ere islatu nahi izan dute antolatzaileek. «Orain arte bost epaile izan dira, bostak gipuzkoarrak ­esan zuen Ugaldek­. Aurten, berriz, sei izango dira, lau gipuzkoar, Karlos Sarriegi, Aintzane Arana, Rafa Salaberria eta ni-neu, bizkaitar bat, Iñaki Osorio, eta arabar bat, Maribel Ortiz de Zarate». Epaimahaiko kideek baloratu beharreko arloak, berriz, betiko berberak izango dira, dantzaren osotasuna ­ejekuzioa­, erritmoa, berdintasuna eta zailtasuna, alegia.



Dantza sueltoa suspertu



Jose Juan Ugaldek aurreratu zuen Euskal Dantzarien Biltzarra pausoak ematen ari dela dantza sueltoa gainbehera etorrita dagoen herrialdeetan suspertzeko. «Gainerako herrialdeetan ere Gipuzkoan dantza sueltorako dugun moduko egitura eratu nahian gabiltza», eman zuen aditzera.



Esti Iturria Euskal Dantzarien Biltzarreko idazkariak, berriz, Segurako txapelketan batez beste hogeita bost bikote arituko direla aurreratu zuen, izena emateko epea oraindik ekainaren 6a arte zabalik egongo den arren.



Txapelketa bi zatitan egingo da. Ekainaren 16an, arratsaldeko 6etatik aurrera, kanporaketak jokatuko dira Segurako frontoian. Kanporaketa hauetatik aterako dira hamabi bikoterik onenak eta, horrez gain, herrialde bakoitzetik hobekien sailkatutako bikotea ere bai. Bikote hauek guztiak sailkatuko dira ekainaren 17an ospatuko den finalean parte hartzeko. Finaleko hitzordua ere frontoian da, arratsaldeko 6etatik aurrera.



Irabazleek sariak bereziak jasoko dituzte aurten: Mallorcarako bidaia, eskultura, txapela, lepokoa, makila eta 110.000 pezeta. Bigarren eta hirugarren sailkatutakoentzat ere sariak egongo dira eta, herriko bikoterik onenarentzat, hobekien sailkatutako bikoterik gazteenarentzat eta Seguran lehenengoz aritutako hobekien sailkatutako bikotearentzat ere bai.



Atzoko prentsaurrekoan Nestor Basterretxea sari nagusia irudikatzen duen eskulturaren egileak ere hartu zuen parte. Basterretxeak gogorarazi zuen bera ere, gaztetan, dantzari izana zela. «Non eta Dakar-en ikasi nuen, Gerratik ihesi gindoazela. Gero Buenos Airesko Laurak Bat-en aritu nintzen. ''Godalet dantza'' irakatsi nien eta aurresku txapelketaren bat ere irabazia naiz. Beti miretsi dut dantza eta horregatik ez nuen duda handirik izan txapelketarekin bat egiteko eskatu zidatenean», esan zuen.

Dokumentuaren akzioak