Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berriak berri

Dokumentuaren akzioak

Berriak berri

Koreografo gazteen VII. erakusketa

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Egunero
Mota
Kritika
Data
2003/05/27

Izaskun Santamaria bakarlari gisa agertzen da A tientasen. Oihala zabaltzen denerako behegainean etzanda dago dantzaria, buruz behera, eta altxatzeko ahaleginetan balitz bezala aritzen da, esku eta besoekin gorputza goratu ezinik eta behin eta berriro jausiz. Erabateko isiltasunean behearen kontra hartutako kolpeak eta dantzariaren arnasa besterik ez da entzuten.



Lan zintzo eta interesgarri honetan, bilaketa etengabea eta huts egindako saiakera errepikatuak nagusitzen dira mugimenduaren araztasunarekin batera. Aipatzekoak dira Borja Ramosen musika atmosferikoa eta bideo-irudien bategitea dantzaren esangurarekin.



Oskola izeneko piezan Ivan G. Arenillasek diseinaturiko argiztapenak argi-karratuak marrazten ditu behean, eta karratuen barruan mugitzen dira Atxarte Lopez de Munain eta Pilar Andres, elkar ukitu gabe. Beranduago, baina, elkarrekin ibiliko dira dantzari biak, beren mugimenduak behin eta berriro uztartuz, espazioa esploratuko balute bezala. Pilar eta Atxarteren pieza hau edizio honetako abstraktuena izan daiteke, hala mugimendu nola musikaren estiloarengatik eta, oro har, estilo ariketa hutsa izatearen sentsazioa utzi digu.



Umorearen presentzia bigarren zatian



Arantxa eta Ainhoa Gagoren piezan (Yo, mi, mio, me) oso era umoretsuan azaltzen dira gizarte-maila guztietako emakumeak. Lanean beste zortzi emakume aritzen dira bi koreografoekin batera eta argi geratzen da pertsonaiak edozer egiteko prest daudela beren helburuak lortzeko. Are gehiago gizon bakarra eszenan agertzen denean, nahiz eta arlote itxura mundiala duen.



Taldeak akrobazia maila ederra eta kohesio sendoa erakusten ditu, eta pieza oso polita da, dibertigarria izateaz gain, baina pena da batzuen deklamazio maila hain eskasa izatea.



Gaueko azken atala nire gustukoena izan da, dudarik gabe. Eva Vidalen piezan berak, Cristina Quijerak eta Maria Ibarretxek dantzatzen dute, ariketa fisko gupidagabeak eta berbaldi ironiko samarrak tartekatuz. Izan ere, guztiz batera doaz testua eta mugimendua estetika probokatzailea eta fresko-freskoa duen lan honetan. Testuek, musikak eta mugimenduak eztanda egiten dute behin eta berriro, eta eder-ederra da amaiera, Evak dotorezia osoz errepikatzen dituenean bere estropezu eta eroriak, beste biak paraleloan dantzatzen duten bitartean, bolero antzeko musika baten pean. Ikuskari hau datorren larunbatean Barakaldo antzokian izango da ikusgai.

Dokumentuaren akzioak