“Gauza asko egin ditut. Oso pertsona geldiezina naiz eta asko mugitu naiz”. Hala deskribatzen du Ander Fernandez (Portugalete, Bizkaia, 1989) dantzariak bere burua. Haurra zenean asko gustatzen zitzaion etxean dantza egin eta musikarekin mugitzea. Gogoan du izeba batekin asko dantzatzen zuela. Behin edo behin proposatu zioten dantza klaseetan izena ematea, baina bera ez zen ausartzen. 15 urte inguru zituela eman zuen Santurtziko Aikoa akademian izena, eta han hasi zen bere lehen dantza eskolak jasotzen astean pare bat egunez. “Nahikoa izan ziren jakiteko ikaragarri gustatzen zitzaidala, oso ondo sentitzen nintzela”. Gerora, unibertsitate garaian, egunean hiruzpalau orduz dantza klasikoa egin zuen. Handik, Madrilera joan zen, Mariemma dantza kontserbatorio profesionalean dantza garaikidea egitera. “Bosgarren mailan nengoela, baina, erabaki nuen utzi egin nahi nuela. Ez nengoen ondo. Etxera itzultzeko beharra nuen, terapian hasi eta sendatzeko”. Hala, dantzatik askatzeko beharrak bultzaturik, bere buruan zentratzeko gelditzea erabaki zuen. Ez zekien berriz itzuliko ote zen.
Urte batzuen buruan, alta; duela urtebete itzuli zen. “Dantzatzeari utzi nionean ez nion dantza egiteari utzi nahi. Premia handiagoa zen, utzi egin behar nuen. Baina ez nuen nahi”. 2023. urteko Eusko Jaurlaritzako Dantzan Bilaka koreografia sorkuntzarentzako laguntza ekimenari esker, Ni neure gorputza izanez naiz egitasmoa garatzen ari da egun. Maila pertsonalean bizitakoarekin lotura zuzena duen obra da.
Zenbait urtez terapia prozesuan aritu ostean, eta jendeari laguntzea asko gustatzen zitzaiola ohartuta, 2019.urtean Gestalt terapian trebatu zen Fernandez, eta orduan hasi zen bere gorputza libre sentitzen eta berriro dantzatzea gustatuko litzaiokela planteatzen. Terapiak baino gehiago, formakuntzak eman zion bultzada. Hala, azken urte honetan gorputz inkontziente eta kontzientearen inguruan ikertu du. Hain zuzen, obraren helburu nagusia inkontzientetik gorputz inkontzientea ekarri eta kontziente bihurtzea izan da. Fernandezen nahietako bat norberak bere burua birplanteatu ahal izatea da, norbere gorputzaz, tentsioez, gorpuztasuna sentitzeko moduez, gorputzaren bidez bizitzeko moduez zein kontzientzia horrek askatzeak laguntzen duenaz jabetzea. Bestela esanda, buruaren eta gorputzaren artean dagoen tarteak eta, ondorioz, maila sozialean askotan norbere gorputzetik at bizitzeak, eta oso arrazoizkoak eta zerebralak izateak kezkatzen du. Azpimarratu du psikologian gero eta korronte gehiago daudela burua ahaztu gabe gorputzera joateko beharraren ikuspegi hori lantzen ari direnak.
Beharrezko bultzada
Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren laguntza modu pertsonalean bultzada esanguratsua izan da Fernandezen kasuan, aurrerantz egiteko, dantzatzeko. Behar zuena izan da. “Laguntza horri esker, orain egiten ari naizen guztia egin ahal izan dut, eta motibatuta egon naiz bide gehiagotatik tira egiten jarraitzeko”. Dantza berreskuratzearen aldeko apustua egin eta beti nahi izan duen espazioa berreskuratu du. “Terapian askotan esaten da bide errazetatik jo behar dugula, eta horrela izaten ari dela sentitzen dut orain”.
Bidea ez dela erraza izan onartu du, baina bai beharrezkoa eta uste du zorteko izan dela. “Nire zati bat falta zen. Madrildik alde egin eta dantza askatzea erabaki nuenean aldaketa asko egin behar izan nituen, eta nire bizitza berreskuratzean eduki behar nuen azken gauza dantza zen. Etsita nengoen ez nuelako berriro dantzatuko, baina konturatu nintzen horixe behar nuela, arrastaka neraman guztia bere lekuan integratuta edukitzeko”. Oso eskertuta dago, eta ateratzen zaion aukera bakoitza gozatzen ari da. Halaber, orain arte egin duen apurrari esker jabetu da jendearengan emozioak nola sortu ditzakeen edo zer egin dezakeen publikoak erreakzionatu dezan.
“Dantzatzeari utzi nionean ez nion dantza egiteari utzi nahi. Premia handiagoa zen; utzi egin behar nuen, baina ez nuen nahi”
Hain zuzen, Ni neure gorputza izanez naiz obrarekin orain arte egindako emanaldietan maitasun handia jaso duela dio. “Harrera oso polita izan du. Publikoari badirudi asko gustatu zaiola eta erantzun gehienak positiboak eta oso onak izan dira”. Dantzan Bilaka programaren barruan, LaboGo ekimenean Tabakaleran, eta duela zenbait aste Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztu ahal izan du lana, besteak beste. “Ulertu egiten da bidali nahi nuen mezua, eta hori asko da niretzat, hunkitu egin naiz”.
Bakarkako dantza
Sorkuntza piezaren zati bat taularatu du momentuz: 15-20 minutuko bakarkako txiki bat da, “nahiko pertsonala eta emozionala”. Bertan, dantza eta antzerki kutsuak dituen performance antzeko bat egiten du, elkarren artean desberdintzen diren lauzpabost piezarekin. Ikerketa-prozesuaren gaia gorputz inkontziente eta kontzientea izanik bakoitza berarentzat zer zen azaltzen hasi zen. Ateratzen diren diferentzietatik, muskulu-tonu ezberdinak bilatzen ditu, alde batetik alde inkontzientea eta bestetik kontzientea izatera eramango zuten gorputz-mugimenduak.
Dantza terapia teknika ezberdinekin, hala nola, benetako mugimenduarekin, adierazi ditu bakarkako dantzak dituen hizkuntza ezberdinak. Hala, hizkuntzek markatzen dute obraren egitura. Musikarako eta isiltasunerako unea ere badago, bi aldeak nahasten dira. Baina, azkenean, Dantzan Bilaka laguntza ikerketa prozesu bat denez, azpimarratu du emaitza ez dela hain garrantzitsua, baizik eta ikerketan zehar egiteko prozesu osoa. “Musika bat, jantzi bat, argi zehatz batzuk, dena oso itxia izan dut erakusketarako, baina orain berriro dena ireki eta berrikusi behar da. Ez dago ezer itxita eta ziurrenik aldatu egingo da. Jendea ikerketa prozesu luzeetan sartzen da zerbait sortzeko”.
Etorkizunean zehazteke du egun obra osatzen duten piezak ezabatu edo berriak gehituko dituen, eta baita adierazi nahi duen hizkuntza bakoitza ere. Artistak dioenez, atzean ikerketa-lan handia dago, gauza asko sartu ditu, ernatu da pieza, baina oraindik ibilbide luzea duela sentitzen du. Asmoa pieza luze bat egitea da, 45 minutukoa gutxi gorabehera, eta jaialdi eta deialdi desberdinetan aurkeztea, dantzan eta irakasten jarraitu ahal izateko.
Lantaldeari dagokionean, zuzendaritza lanetan Aiala Etxegaraik lagundu dio Fernandezi. “Aialarekin lan handia egin nuen sorkuntza prozesuaren hasieran”. Bestalde, Miguel Gonzalez eta Isabela Rosi, kontserbatorioko kideak, mugimendu artistikoan aritu dira.
Horrez gain, David Rivas Fernandez, DARIFÉ marrazkilari eta artista plastikoarekin, sorkuntza-prozesu osoan zehar lengoaia bat sortu du. Fernandezek dantzaren bidez adierazitakoa Rivasek marrazkiekin islatu du. “Marrazki horien bidez, hainbat gauza sortzen jarraitu dut, eta etengabeko hizkuntza egon da nire dantzaren eta haren marrazkien sorkuntza-prozesuak iraun duen bitartean”. Dantzan Bilaka erakusketan 26 marrazkiko murala aurkeztu zuen, baina sorkuntza prozesu osoan Rivasek 200 marrazki baino gehiago egin ditu. “Batez ere, hasieran funtsezkoa izan zen niretzat bere marrazkien bidez egiten ari nintzenaz gehiago jabetu nintzelako”, azaldu du Fernandezek.
Bilakaera pertsonala
Ni neure gorputza izanez naiz lanaren ardatza gorputz guztiaz kontziente izatea da, gorpuztasunean, gorputza bakoitzaren eskuragarritasunera edukitzean eta imajinatzen ez den bezala mugitu ahal izatean oinarritzen da. Fernandezek 2015ean dantza egiteari utzi zionetik urte batzuk igaro dira, baina inoiz ez dio utzi dantzatzeari, eskolak emateari edo ariketa eta kirola egiteari. “Maila profesionalean ez dut dantzarik egin, eta jende askok esan dit ez dela nabari utzi nuenik. Sinestezina da denbora labur honetan hainbeste aurrera egitea lortu izana eta dantzari eta mugimenduari dagokionez abiapuntu nahiko onean jartzea lortu izana. Hori ere oso polita izan da”.
Aitortu du bere egunerokoan maila guztietan eragin diola terapiara joan izanak: autoestimuan, konfiantzan, energian, gehiago mugitzean... Dantza pieza bat edo gorputz kontzienteari buruzko ikerketa prozesu bat sortzeraino. “Ezin izango niokeen nire gorputzari hainbeste kasu egin terapiara joan izan ez banintz”. Halaber, Gestalt terapian espezialista gisa egiten duen lanak eragina izan du bere ikerketa-prozesuan; jendeari lagunduz, bereziki haurtzaroan indarkeria eta sexu-abusuak jasan zituzten helduei.
Beti izan du dantzatzeko beharra eta ez da inoiz dantzarekiko harremanetik aldendu, horregatik ere itzultzea erraza izan azaldu du. Hazteko asko geratzen zaion espazio bat bezala sentitzen du, bidea oraindik hasi berri duela. Halaber, bere ikuspegia asko aldatu da denbora honetan. Dantza oso gauza zehatz bezala azaldu eta identifikatzen zuen kontserbatorio batetik zetorren. Dantza konpainietan egon nahi zuen, egun, bere aukeretatik eta nahi duenetik oso urrun dauden gauzetan. Ez da dantzaria sentitzen. “Nik dantzatzen dudana ez doa kontuekin, ez dut egiten ikustera ohituta gauden zerbait, eta deskubritu dut badagoela dantzatzen duen jendean zati bat performancea dena, emozionalagoa eta beste mugimendu mota batzuen alde mugitzen dena. Dantzak nik lehen uste nuena baino askoz gauza gehiago hartzen ditu”, azaldu du.