Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berotasuna basamortu hotzean

Dokumentuaren akzioak

Berotasuna basamortu hotzean

‘Dantzarako II. Plataforma’

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2002/07/12

Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Dantzarako II. Plataforman lau taldek izan dute euren lanak plazaratzeko aukera, baina haietako bi besterik ez ditugu aipatuko. Izan ere, Moare konpainiaren El rato de Jose komentatu genuen estreinatu zenean eta A deshoras-en Sodapop lana ezin izan dugu ikusi.



Blanca Arrietak izan zuen Feria zabaltzeko ohorea Zero piezarekin. Taula gainean Blanca bera eta Robert Jackson dantzaria aritzen dira, ezerezaren erdian kokatuta baleude bezala, argitasun ederrean murgilduta. Aurreko koreografian bezala, artista batengan inspiratu da Arrieta bere lana sortzeko, baina tamalez Egon Shiele-ren figura ez da Frida Kahlorena bezain ezaguna eta horrek, nolabait, zaildu egiten du proposamenaren muinari zehaztasun osoz heltzea.



Dena dela, oso lan aratz eta iradokitzailea eratu du koreografoak, barne esploraziora edo introspekziora joz mutilak bakardade itzelean ematen duen pasarte luze eta eder horretan, eta izpirituen arteko komunikazioa eta isolamendua aztertuz dantzari biak elkarrekin aritzen direnean. Alderik aipagarriena alboko elementuen maila artistikoa da. Haien artean, bereziki aberasgarria da Oscar Grijalbak sortutako argiztapena, Borja Ramosen soinu-bandarekin eta Loli Albandozen jantziekin batera basamortu hotz baten giro itzela sortzerakoan.



Eguzki Zubiaren Oveja negra-ri dagokionez, izenak dioen moduan, gizarteak motibo fisiko edo psikikoengatik baztertu ohi duen jendea da pieza honetako protagonista.



Bi emakume (Begoña Crego, Sofia Oreja) eta bi gizon (Alberto Quintana, Bernabe Tebar) aritzen dira, eta banaka, binaka eta laukoteka agertzen dizkigute euren zailtasunak, oso era maitagarrian eta samurtasunaren aldeko apustu garbia eginez. Aurreko piezan bezalaxe, funtsezkoak dira argiztapena eta soinu-banda. Dantzari dagokionez, esango nuke dantza arloko baino gehiago antzerki fisikoaren esparruan kokatzen dela Eguzkiren lan hau, eta, gainera, oso lan trinko, ondo eratu eta sortzaile baten aurrean gaudela, nahiz eta dantzaren lengoaiari ekarpen txikikoa den.

Dokumentuaren akzioak