Dokumentuaren akzioak
Berotasun eta distira artean, ikusgai bikaina
‘Peirot Ürrüti’ pastorala
Bero egiten zuen bai Altzürüküko pastoralaren soroan, baina honek ez zuen eragotzi Euskal Herriko alde guztietatik etorritako 3.500 ikusliar baino gehiago bildu zitezen, Arbailletako herri honek igandean eman zuen Ürrüti Jauregiko Peirot pastoralaren bizitzerat. Ezen, pastoral bat ikusten edo gozatzen baino gehiago, bizitzen baita. Hala da behintzat zuberotarren kontutik, hitzetan eta are gutxiago idatzietan azaltzea zaila den mirari antzeko bat gertatzen baita, aktoreen sarrerako martxatik enkanteen azken txanparaino nabaritu daitekeena.
Berria aspaldi zabaldua zen jantzi oso distiratsuak ikusgai izango zirela pastoral honetan baina entzutea txiki geratu da ikusliar gehienentzat, Altzürüküko 130 aktoreak taulada gainean lerrokatu zein tartekatu zirelarik ikusgarriak iraun zuen hiru orduetan zehar. Erramun Garzia Zabalegi Errenteriako josleak eta Altzürüküko emakume dendariek, merezitako goresmen eta txaloak jaso zituzten egindako lan eskergarengatik.
Ikusgarriaren hasieran gertatu ziren hiru argi-indar etenaldiek ez zuten aktoreengan eragin txarrik izan . Oso bikain aritu ziren bai kiristi zein türk taldetakoak. Emazkume türken ateraldi tarrapatatsuak berebiziko arrakasta izan zuen, aupada eta txalo zaparradetan.
Ikuskizun denboran zein ere honen ostean jendeak egin zituen aipamenetan, dantzarien ateraldiak goretsiak izan ziren. Altzürükün betidanik egon da dantzari talde ona eta hau guztiz agerian egon zen, bai Satanak oholtza gainera irten ziren aldi oro, nola eta Hagaze dantza eman zen unean. Belaunaldi ezberdinetako hogeita bost dantzari —eta ez hamabost soilik, aurreko artikulu batean esan genuenez— taularatu ziren Jean-Pierra Rekalt Altabe errejentak moldatutako koreografia batean eta Niko Etxartek paratu zituen kantu baten hitzetan, jendea liluraz beteta utzi zuen agerraldi batentzako.
Pierra Jaragoien, Süjet dotorea
Peirot Ürrüti antzezten zuen Pierra Jaragoien Süjetaren boz oso ederrak eta neurriko jokoak ere aipamen laudagarririk izan zuen. Zuberoan esan ohi denez, Pierra Jaragoien Süjet propia —dotorea— izan zen, bai bertsetak bakarrik ematean zein ere pastoralean emazte bilakatuko zion Melanie Bengotxearekin batera kantuz aritzean. Pastoraleko bederatzi abestietan bat bereiztea ez da egoki baina esan daiteke, halere, Niko Etxartek eta Maddi Bengotxeak abestu zuten Ürrütiako Anderea kantuak zirrara berezia eragin zuela.
Frantziak bere sareetan harrapatutako herrien hizkuntzendako —euskara barne— kaltegarri izan zen Villers Cotteretseko ordenantza gogorarazten zuen 16. jelkalditik landa eman zen Ama Mintzoa izenekoak esperantza mezu bat zabaltzen zuen, hots, zokoraketa itzela jasan arren, gure hizkuntzak etorkizunik baduela. Frantsesaren nagusitasuna aldarrikatzen zuten türken esaldiek zistu zaparradak jaso zituzten eta txalo beroak Ama Mintzoaren hitzek.
Pastoral bateko historiaren irakaspenak ondorioztatzen dituen Azken Perediküaren hitzek ere oihartzunik izan zuten jendearengan. Hauek gogorarazten zuten Peirot Ürrüti Atzürüko semea Frantziako erregearen zerbitzuko jarri bazen ere, euskal herritarraren izaera ez zaiola ukatzen ahal. Hala, bertset batek ziolarik «Gizon güziek bezala / bere bizi ürratetan / Peirotek egin haütüak / denak ez ziren on izan», beste batek, aldiz, honela egiten zion oihartzun: «Bena hala da historia / zorionez aldakorra / eta gure eskü baratzen da / gü ez gitean izorra».
Agerraldia amaitu eta, beste une hunkigarri bat egon zen, eskertzeak emateko orduan, Lucien Afios soinu egileen zuzendariari pastoral makila bat eskaini ziotelarik egindako lan handiaren mesederako. Hamabi urtez pastoraleko soinularien buru egon ondoren, azken pastorala du aurtengoa Lucien Afiosek. Liginaga-Astüeko musikariak pastoralari ekarri dion ondasuna nolabait neurtzeko, nahikoa da jakitea hogei bat airez gora ondu dituela urte horietan eta aurtengoan ere berri baten oparia egin digula.
Azkenik esan, pastoralaren oholtza gainean muneinak dantza emateko ohorea Idauze-Mendiko herritarrei tokatu zaiela, antxerak edo enkanteak irabazita, 1.450 euroren truke.
Dokumentuaren akzioak