Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Bereziak garela iruditzen zaigu, baina azkenean masak eramaten gaitu»

Dokumentuaren akzioak

«Bereziak garela iruditzen zaigu, baina azkenean masak eramaten gaitu»

Asier Zabaleta, Koreografoa

Egilea
Itziar Amestoy
Komunikabidea
Gara
Tokia
Gasteiz
Mota
Elkarrizketa
Data
2010/05/21

Gipuzkoako koreografo honek Moskun erakutsiko du bere azken lana, Intradance-n barruan. Dantza egitasmo hau 2009an eta 2010ean gauzatu da eta helburua Errusiako zazpi konpainiaren eta Europako zazpi koreografoen arteko elkarlana bultzatzea da. Zabaleta hautatu zuten horien artean eta Chelyabinsk Contemporany Dance Theatre-ko dantzariekin «Last in line» sortu du. Logela Multimedia eta Olga Pona koreografoarekin aritu da lanean.

Errusiako konpainia batekin bertan sortzeko aukera eskaini dizu Intradance-k. Zerk bultzatu zaitu parte hartzera?

Intradance honen helburua Errusiako dantzari bultzada bat ematea zen. Herrialde ezberdinetako koreografoekin koreografia sortu nahi zuten eta deialdi ireki bat egin zuten, Interneten zabaldu zena. Horren berri izan nuen eta interesgarria iruditu zitzaidan. Ez bakarrik Errusiako konpainientzat, baita guretzat ere; hango konpainiak ezagutzeko aukera zen.

Lana Chelyabinsk-en estreinatu ondoren, Moskuko jaialdian parte hartzeko gogotsu zaude?

Bai. Lana apirilaren 26an estreinatu genuen, Chelyabinsk-en, egokitu zitzaidan konpainiaren herrian. Oso ondo atera zen. Moskun zazpi lanak izango dira eta gainera mahai-inguruak eta hitzaldiak. Niretzat eta taldearentzat estreinaldi baten gisakoa izango da.

Nolakoa izan da sortze prozesua ezagutzen ez zenuen konpainia horrekin?

Irailean egin nuen bidaian konpainia ezagutzeko aukera izan nuen eta estrategia pentsatu genuen. Gero, lau bidaia egin ditut. Azaroan, konpainia ezagutzen aritu nintzen, lana bideratzeko zer aukera zeuden ikusten. Lanean bideoa ere osagai garrantzitsua da eta Logela Multimediarekin lan egin dut. Otsailean joan nintzen hilabete osorako, eszenak sortu eta aukeratzeko. Azken astean Logela Multimediakoak bideorako behar genituen eszenak filmatu zituen dantzariekin. Material horrekin martxoan egin genuen bideoaren edizioa. Apirilean material guztiarekin itzuli nintzen eta estreinatu aurretik bi astez aritu ginen lanean.

Olga Ponarekin, bertako koreografoarekin, batera aritu zara lanean. Nolako harremana izan duzue?

Konpainiaren koreografo nagusietako bat da; azken lanak berak zuzendu ditu. Hasieran zailtasun dezente ikusten nituen hizkuntzagatik eta lan egiteko eragatik. Bera aukeratu nuen, laguntzaile aproposena izango zela uste nuelako. Konpainia hobekien ezagutzen zuen eta ingelesez hitz egiten zuen. Itzultzaile bat eskaini zidaten prozesurako, baina ez zitzaidan soluzio ona iruditzen dantza mundutik kanpoko norbait itzultzaile aritzea, kontzeptuak eta moduak ez zituelako ulertuko.

Zure lanak norbanakoen arteko ezberdintasuna aldarrikatu nahi du, oinarrian denak berdin bihurtzen gaituen hori.

Lehendik ere ukitu nahi nuen gai bat da. Iruditu zitzaidan une aproposa zela. Talde handia neukan, dantzari askokoa. Egia esan, hemen ez da erraza hori lortzea. Euskal Herrian edo Europan, estatu mailako konpainiak kenduta, proiektu hau egiteko hainbeste jenderekin lan egitea oso garesti ateratzen da. Gainera, interesgarria iruditu zitzaidan hau Errusian egitea. Errusian taldean lan egiteko joera hori dute. Lehen hartu-emana izan genuen egun horretan ikusi nuen masaren gai hori beste modu batean hartzen dutela. Ez du kutsu negatibo hori, kontrolatzen zaituen gauza bat bailitzan. Beraientzat taldean funtzionatzea gauza ona da. Interesgarria iruditu zitzaidan, istorioari kontrapuntu bat ematen ziolako.

Hortaz, zein da lantzen den gaia?

Dena masifikatua dagoela adierazi nahi nuen. Musika, elikadura... dena dago globalizazioaren barruan. Oso zaila da hortik ateratzea. Bereziak garela uste dugu denok, baina azkenean masa horrek eramaten gaitu. Horren parte gara, nahi ala ez. Sarri ez gara horren kontziente, eta horri buruz hitz egin nahi nuen analisi sakon bat egin gabe. Horretarako, neska bat agertzen da obran; bere bizitzaren bidez istorio txiki bat azaldu nahi nuen. Erabaki asko hartu behar ditu masa edo talde horrek bultzatuta.

Moskun aurkeztu ondoren, beste norabait eramateko asmorik bai?

Proiektuaren helburua ikuskizuna egin ahal izateko baliabideak jartzea da. Gero, konpainiaren errepertorioaren parte izango da. Nire lan bat izan arren, ez dut nik mugituko.

Euskal Herrian ikusteko itxaropenik ez?

Nahiz eta nire lana ez izan, gustatuko litzaidake hemen ikustea. Ezagutzen ditudan programatzaileei informazioa pasatu diet, Moskura ere hainbat programatzaile gonbidatu dituzte. Esperantza badut.

Moskura joatea aukera den arren, koreografo eta dantzariek euren lana egin ahal izateko Euskal Herritik kanpo alde egin behar dutela dirudi.

Nire kasuan egia hutsa da hori. Ez bakarrik nire ibilbideagatik, lagun gehienak Euskal Herritik kanpo ditut. Errusian egin dut proiektua eta gero Brasilen arituko naiz koreografo. Hemen lan bakarra egin dut. Eta ez da hemen saiatzen ez naizelako; alderantziz, etengabe ari gara.

p048_f01_194x124.jpg

Dokumentuaren akzioak