Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berdintasunaren Hiria saria jasoko du Irrintzi dantza taldeak Hondarribian

Dokumentuaren akzioak

Berdintasunaren Hiria saria jasoko du Irrintzi dantza taldeak Hondarribian

Hungariatik etorri berri dira Zumarragako Irrintzi dantza taldeko kideak. Europa ekialderaino euskal dantzak eraman ondoren, datorren ostiralean gertuago jarri diete hitzordua. Hondarribiko alardearen atarian, Jaizkibel konpainiak lehen urtez Berdintasunaren Hiria sariak antolatu ditu eta begiz jo du Irrintzi taldea. Hain zuzen, Zumarragan, Santa Isabel egunean –uztailak 2– modu hunkigarri, lasai eta dotorean egindako ezpata dantza eraldatuari erreparatu diote eta emandako urratsa saritu nahi dute. Sari banaketa ostiral iluntzean izango da danborradaren entseguaren ondoren, Hondarribian.
Komunikabidea
Otamotz
Mota
Albistea
Data
2015/09/01
Lotura
Otamotz

Antolatzaileen esanetan, «sariaren xedea gizon eta emakumeon arteko berdintasunaren alde lan egiten duten pertsona eta erakundeak saritzea da». Uztailaren erdian bildu ziren erabakia hartzeko Garbiñe Biurrun epailea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Nieves Alza Txingudi saskibaloi elkartearen presidente ohia eta Hondarribiko urrezko domina jasotakoa, Paul Rios bakearen eta giza eskubideen aldeko aktibista eta Xabier Lapitz kazetaria. Irrintzi dantza taldekoekin batera sarirako izendatu dituzte Tolosako Udaberri eta Donostiako Kresala dantza taldeak.

Gatazkarik gabe
Jaizkibel konpainiako kideek azaldutakoaren arabera, «saria emakumeen parte hartzea festetan tradizioa aldatu gabe, gatazka handirik gabe eta erakundeen laguntzaz ahalbidetu duten ekintza positiboentzat da». Ideia horren lekuko direlako sarituko dituzte hiru dantza taldeak, «hiri eta esparru desberdinetan, ekitaldien mamia aldatu gabe, emakumeen parte hartzea lortu duten elkarte eta erakundeen izenean».

Irrintzi taldekoek ez zuten halako izendapenik espero. Eneko Galdos Irrintziko dantzariaren hitzetan, «guk hala egin behar zela sentitzen genuelako dantzatu genuen ezpata dantza elkarrekin. Ez genuen inolako aitortzarik espero, baina pozik hartu dugu». Taldeko dozena bat kide inguru izango dira ostiralean Hondarribian.

Hungariatik bueltan
Santa Isabel egunaren ondoren, ezpata dantza mistoa errepikatu dute abuztuaren 15eko Andre Mariaren jaian. Zumarragako parrokian egin zuten eta ikusleek neskak zein mutilak ezpatei eusten dantzan ikustea «natural-natural» hartu zutela gehitu du Galdosek. Jakin dute, halere, badagoela ezpata dantza mistoaren kontrako sinadurak biltzen hasi denik ere, baina ez diote garrantzirik eman.

Irrintziko dantzariak Hungariako dantza jaialdi batean izan dira abuztuaren 18tik 25era. Autobusean joan dira dantzariak eta musikariak; guztira, 29 lagun. Galdosek azaldu duenez, «hango dantza gehienak bikotetan lotuta egiten dituzte eta gu soltean aritu ginenez gure dantzak oso ikusgarriak ziren beraientzat. Ikusleek zirrara sortzen geniela esan ziguten eta gure dantzak gustukoenak izan zituztela ere bai». Besteak beste, makilekin zein arkuekin dantzatu zituzten euskal dantzak Hungariako hiru hiritan.

Berdintasunaren Hiria saria jasoko du Irrintzi dantza taldeak Hondarribian

Dokumentuaren akzioak