Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Berdintasuna kontu kuantitabora mugatzen dugu»

Dokumentuaren akzioak

«Berdintasuna kontu kuantitabora mugatzen dugu»

UDAKO SERIEA. SORTZAILEAK ETA GENERO LANKETA (II). JON MAIA.

Euskal dantzen bilakaera lehen pertsonan bizi izan du. Haren bilakaera tradizioak eta garaikidetasunak ondutakoa da; genero rolen mugak gainditzeko, estetika eta 'nola' galdegaia ditu ezinbesteko gako.
Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/08/03
Lotura
Berria
Aldika kritikak jasotzen ditu oraindik ere hark gidatzen duen konpainian gizonezko dantzariak emakumezkoak baino gehiago direlako. Azkena Twitter bidez egin ziotenOskara ikuskizun berrienaren harira. «Zorionak ikuskizunagatik. Oso ederra, baina non daude emakumeak? Euskal kulturan garrantzitsuak dira, eta ahaztu egin dituzue», lehen tuit batean. Eta atzetik bigarren bat: «Gonak jartzea eta mugimendu femeninoak erabiltzea ez da nahikoa».

Orotariko kritikak jasotzera ohitua dago Jon Maia dantzari, koreografo eta Kukai dantza konpainiako zuzendaria (Errenteria, Gipuzkoa, 1977); ibilbide oparo, laudatu eta saritua du sostengu nagusi, eta, gogo onez ez ezik, hobetzeko borondatez ere hartzen ditu haiek; taldeari gizonezko eta emakumezkoen arteko simetria falta zaiola diotenen iritzia ia konstante bat izan dute beren ibilbidean, ordea; eta Maia ez dago ados. «Gona janztea femeninoaren marka da? Mugimendu femeninoak? Zer dira mugimendu femeninoak? Guk inondik inora ez dugu horrela planteatu lan hau. Mugimenduak dira mugimendu, eta pertsonek egiten dituzte. Ez dugu planteatu emakumea ordezkatzerik gonak erabiliz edo mugimendu jakin batzuen bitartez. Askotan, iruditzen zait genero berdintasuna mugatzen dugula berdintasun kuantitatibora. Oraintxe, ez dut ezer faltsuagorik ikusten hori baino».

Izan ere, dantzaren mundu horretan gizonezkoak urriago izatea izan da ohiko erregela. «Gure taldean ez dugu modu kuantitatiboan neurtzen generoa; baina hala begiratuko bagenu ere, gure adibidea kasik aldarrikapen bat izan liteke. Dantzarena izan da mundu bat klixe femeninoarekin lotu izan dena; gure taldean gehiago gara mutilak, eta berdintasunera jotzea gehiago izan liteke hori». Esparru bakoitzak bere begiradak eta erantzunak behar dituela, alegia: «Ulertzen dut arlorik gehienetan diskriminazio positibo bat egin behar dela emakumeen alde, zer esanik ez kiroletan, edo komunikabideetan edo... baina gure kasuan... taldekide batek aipatu zuen lehengoan, eta arrazoi duelakoan nago. 'Umeak ginenean, dantza egiten genuen mutilakarraroak ginen, eta, orain, profesionalak izanik... gaizki ari gara berriz ere, taldean gehiago garelako. Orduan, zein paper daukagu guk hemen jokatzeko?'». 

Maiak ondo asko ezagutzen du egungo gaztetxo eta haur dantzarien errealitatea, Kukai konpainian aritzeaz gain, herriko Ereintza dantza taldearekin beti eduki izan baitu lotura, eta, aldika, eskolak ere ematen ditu Errenteria Musikalen. Kezkatzen duen kontua da bera hasi zenean baino are uzkurrago nabaritzen dituela mutilak: «Askoz ere mutil gutxiago ikusten dut dantzan gaur egun, gure belaunaldian baino gutxiago, eta 30 urte igaro dira ordudanik. Egungo mutikoek badute zama hori buruan, mutil eta dantzari izatea arraroa dela, ez dela euren mundua entzuten dute; harritu eta tristatzen nauen gauza bat da, uste bainuen kontu horretan aurrera egingo genuela».

Sei urte zituela hasi zen dantzan Maia, Ereintza taldean. Gaur bezala, orduan ere mutilak gutxiago ziren; baina, hala ere, ez zen arraro sentitu, ez zuen Billy Elliot sindromerik pairatu; «ziur aski, inguruneak hartara laguntzen zidalako, eta dena natural bizi izan nuelako». Hala ere, bere azalean ere bizi izan ditu «bakarrik» sentiarazteko moduko egoerak, nahiz eta garai hartan garrantzirik eman ez. «14-15 urte nituenean hasi nintzen Baionako Kontserbatoriora joaten dantza klasikoko eskolak jasotzera, Iker Murillo kidearekin batera. Gu biok ginen mutil bakarrak. Gerora ere dantza klasikoko eskola batzuk jaso izan ditudanean ere antzekoa izan da. Baina garbi nuen ez nuela nire ibilbidea hortik bideratu nahi, euskal dantzetan egiten nuena hobetzeko tresna baino ez zela, nire heziketa osatzeko... eta ez nion neure buruari galdetzen ea zergatik ginen hain gutxi».

Euskal dantza tradizionalen bilakaera gertutik jarraitzeko parada izanik, argi du genero berdintasunaren ikuspegitik ezin zalantzazko urratsak egin direla. «Dantzan hasi nintzenean entseguak izaten ziren nesken taldeenak edo mutilen taldeenak, nor bere aldetik, eta baziren dantza batzuk, edo mutilek edo neskek egiten zituztenak. Hori da izan nuen bizipena. Egun, ordea, denok elkarrekin entseatzen dute, eta zenbaitetan baita nahasian ere».

Badira euskal dantzen bilakaeraren eta eraldaketaren adibide paradigmatikoak azken urteotan. Segurako (Gipuzkoa) dantza askatuko txapelketan bi neskez osaturiko bikote batek parte hartu zuen lehen aldikoz 2009an, adibidez, eta Zumarragako (Gipuzkoa) Irrintzi dantza taldeak astindua eman dio azken bi urteotan Antioko baselizan egiten den ezpata dantzari, neskek ere sokan ez ezik kapitain modura dantza egiten baitute orain. Maiak herriko Sanjoan bezperako sokadantzan bizi izandakoa du adibidetzat. «Egia da garai batean erritu ospakizun giro horretako dantzetan soka mutilok osatzen genuela, eta neskak izaten zirela gure bikotekideak. Egun ez da hala, zorionez. Aurreskulari eta atzeskulari kontuan ere, aldatu egin dira gauzak, batzuetan mutila da aurreskularia, eta besteetan, neska. Baina egia da, halaber, batzuetan tradizioa oso modu sinplifikatuan iritsi zaigula. Emakumeek ere dantzatu baitituzte tradiziozko hainbat dantza, eta sexu bereko bikoteak ere izan baitira, adibidez jotak dantzatzen. Gertatzen da indar txikiagoz heldu direla gureganaino eta eredu estereotipatu batzuk gailendu direla. Tradizioa egun irudikatzen duguna baino parekideagoa izan da, sarritan».

Erronka estetiko-etikoak

Oraindik zer hobetu franko ikusten du tradiziozko dantzen esparru horretan, Maiak. Batetik, ez du ulertzen «nolatan oraindik zenbaitek tradizioa zerbait ukiezin gisa ikusten duten; tradizioa moldaezina balitz, emakumeek oraindik ez lukete bozkatuko». «Emakumeen parte hartzearen nolakotasunean» eta harekin loturik, lanketa estetikoan dago erronka nagusia, dantzari eta koreografoaren iritzian; are gehiago, tradizio baten sokari tiraka datozen dantzetan. «Batzuetan, kontzeptua garbi izan dezakezu: gainditu dezagun generoa, gainditu ditzagun neska eta mutilen rolak. Baina badago zama bat, estetikoa, eta ez estetikoa soilik, rolak markatzen dituen zama bat. Sar ditzagun neskak orain artean lekurik ez zuten dantzetan. Baina nola? Ez baitzait iruditzen berdintasuna denik neskek gizonezkoen ohiko uniformeekin dantza egitea ere. Bilatu behar da zerbait non gizon eta emakume kategoriak desagertzen diren eta pertsonak gauden, tradizio horren balio sinboliko eta estetikoak gordez». Planteamenduqueer-a da nolabait Maiak buruan darabilena, baina baditu bere trabak ere. «Sokadantzetan egin ditugu gauzak herrian, esan bezala, baina oraindik mutilak ateratzen dira zuriz eta gorriz jantzita, eta neskak gona, pololo eta abarrez... Horrela izan behar du edo ez? Edo aldatu eta janzkera komun baterantz joan behar du kontuak? Kezkak eta erronkak hortik ikusten ditut». Bestetik, ikusten ditu «eredugarriak» diren adibideak ere: «Ari dira sortzen eredu berriak, genero ikuspegia gainditzen dutenak: hor dira Arrateko edo Miarritzeko ezpata dantza edo Zuberoako maskaradak». 

Eta jakitun da eraldaketa estetiko hori —eta harekin batera ezinbestean datorren edukizko eraldaketa— gertatzeko eremu arantzatsuagoa dela behinola eratutako errituzko dantzena, sorkuntza emankizuna behin eta berriz erreproduzitzen dutenena, «hutsetik-edo abiatzen» direnena baino, huts-hutsetik abiatzen den ezer egon ez arren. Kukai dantza taldeak genero rolen estereotipoak gainditzeko tresna errekurrentea izan ditu jantziak, estetika. Edukiz jantzitako estetika dute, nahiz eta Maiak berak aitortu testuinguruak eta taldekideen izaerak berak eragin handiagoa izan duela «etengabeko lanketa» horretan, gogoeta kontziente batek baino.

Kukai 2001ean jarri zen martxan euskal dantzen eta dantza garaikidearen arteko uztarketa proposatuz, modu leunagoan hasieran eta lotsa gutxiagoz denboran aurrera egin ahala. 2002an taularatu zuen lehen ikuskizuna: 1937, gogoaren bidezidorretatik. Hasieratik bost mutilek (Jon Maia, Alain Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte eta Urko Mitxelena) eta bi neskek (Vanesa Castaño eta Nerea Vesga) osatu dute taldea. Gaur egun, bakarra da neska dantzaria, Castañok taldea utzi baitzuen ama izan ondotik, eta Jon Maiak berak gero eta gutxiago dantzatzen du. «Kukairen garapen estetikoan ere, bai proiektuetan eta bai jantzietan ere, arrazoi nagusia izan da lantalde hori ardatz hartu eta hari eustea. Lanketa bat egon da, baina eboluzioa izan da pertsonen araberakoa, eta ez generoaren araberakoa. Baina egia da horren ondorioz, automatikoki bada ere, genero rolen ikuspegia gainditzera eraman gaituen ibilbidea egin dugula».

Pentsatua izan edo ez, Maiak behin eta berriz errepikatzen duenez «modu naturalean» izan edo ez, Kukaik plazara atera dituen azken bi ikuskizunetan agerian geratzen da generoen rol estereotipatuak gainditzeko joera. Euskal dantzen iruditerian eredu berriak finkatzen ari da taldea, kontzienteki izan ala ez. Aurten bertan estreinaturiko Oskara-n bost dira dantzariak, bostak gizonezkoak —Erramun Martikorena ere azaltzen da kantuan—, eta guztiek daramate «erabat neutroa» den janzkera, goitik behera zuriz jantziak agertzen dira, eta «ikuskizuneko une batean gona zuri bat soinean daramatela» ere bai. Indar adierazkor handia dauka taldearen webgunean, aurkezpen modura ikus litekeen irudiak ere. Bost dantzariak agertzen dira, goitik behera zuriz, eskularruekin eta burua estaltzen dieten zetazko galtzerdi zuriekin. Cesc Gelabert koreografo kataluniarrarekin 2014an ondutako Gelajauziak-en, berriz, taldeko sei dantzariek parte hartzen dute, kolore gorriz eta beltzez jantzirik. Horietako bik daramate gona, eta gainerakoek ez. «Ikuskizun batek dituen mila kontuen artean dago janzkera. Tradizionalki, janzkera izan da generoarena gehien markatu duena. Gure norabidean gauza normala izan da rolak gainditzea. Gertatu da gertatu behar zuelako, horrela pentsatzen dugulako, nahiz eta esplizituki ez dugun horrela planteatu izan».

Makillajearen kritika

Abuztuan atsedenaldi bat hartu ostean, irailean bi lan horiek aurkezten jarraituko dute Kukaik eta Maiak eskutik helduta, eta genero ikuspegia gainditzeko bidean, auzi kuantitatiboei baino gehiago kualitatiboei ematen. Kritikak jasotzen dituen moduan, egin ere egiten ditu, batez ere, «zer egin baino gehiago, hainbeste neska eraman ditzagun» eskatzen diotenean. «Zer nahi dute emakume pare bat eramatea dantzara eta, horrela, egoera makillatzea? Nork eta, gainera, botere postuetan ia emakumerik ez dutenek eskatzen dituzte halakoak. Problema guri pasatzen digute, eta hori oso zekena iruditzen zait. Bi emakume eskatzen dituzte, baina batere ikuspegi artistikorik gabe, soilik loreontzi moduan agertzeko? Hori oso matxista da, oso. Oso arriskutsua da zenbait nola ari den genero problema makillatzen, bakarrik itxura bat emateko; hori oso larria iruditzen zait».
Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak