Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Beltza doinuaren esanetara

Dokumentuaren akzioak

Beltza doinuaren esanetara

Gaba beltzaren ospakizuna hurbil dute herritarrek; Gure Ametsa Dantza Taldeak parte hartuko du aurten ere, herrian zehar 'Axuri Beltza' dantza eskainiz

Egilea
Garbiñe Garagarza
Komunikabidea
Lea-Artibai eta Mutrikuko hitza
Mota
Albistea
Data
2007/10/25

Axuri Beltza ona da baina, zuria berriz, hobea... hala dio kantu herrikoiak. Eta jarraitzen du: dantzan ikasi nahi duen horrek nere oinetara begira. Kantuak beste bi ahapaldi ere baditu, baina herritarrek ezagutzen dutena hori da. Gure Ametsa Dantza Taldekoek kantuaren izen bereko dantzan abesten baitute Gaba Beltzean.

Zapatuak ekarriko du berriro ere Gaba Beltza bezala ezagutzen dugun ospakizuna. Eta azken lau urteetan bezalaxe, Gure Ametsakoak akordeoiek jotako doinu ilunaren konpasera, kalejiran aterako dira. Tarteka -Goiko Plazan eta Beheko Plazan-, Axuri Beltza dantza eskainiko dute.

Momenturako propio jantziko dira; goitik behera beltzez eta argitxo bat eskuan dutela.

Dantza beltzaren herriratzea

Herritarrek azpeitiarrengandik jaso zuten Gaba Beltzeko ezinbesteko osagai bihurtuko den dantza. Azpeitiarrek herriko dantza taldearen 25. urteurrenean egin zuten Axuri Beltza.

Bideoz jaso eta euren kontura ikasi zituzten pausoak, eta bertatik hartu zuten jantzi eta apaingarrien ideia ere. Dantzen presentzia herrian areagotzeko nahian zebiltzan artean Gure Ametsakoek, eta egun zehatzetan, egunarekin nolabaiteko lotura zuten dantzak egitea erabaki zuten. Erabiltzen ziren arropen koloreak eta kalejirarako edo plazara sartzeko erabiltzen den akordeoi doinu ilun eta sarkorrak erabakia erraztu zuten. Axuri Beltza, Gaba Beltzerako.

Dantzaren jatorria

Juan Antonio Urbeltz koreografo eta pedagogo iruñarrak zuzen-zuzenean eman izan du dantzaren jatorria: "Axuri Beltza emazteak eta nik asmaturiko dantza da".

Halaxe aitortzen du Eibarko Kezka Dantza Taldearen dantzan.com webgunean jasotako elkarrizketa batean. Lehendik existitzen ziren dantzetatik sorkuntza berri bat egin zuen Urbeltzek. Bizi berria eman zion.

Berangoko Otxandategi Dantza Taldeak, berriz, Eaurren (Nafarroa), Aezkoa eta Zaraitzu ibarren arteko herri txiki baten kokatzen ditu dantzaren aintzindariak.

Jatorria argia izan ala ez, dantzaren ezaugarri eta forma nagusiek antzerakoak izaten jarraitzen dute leku guztietan: jantzi beltzak, dotoretasuna, emakumezkoek osaturiko taldea... eta erlojuaren aurkako norantzan, biribilean egiten den dantza. Berangokoek soka-dantza eta Ingurutxo gehienak egiten diren moduarekin alderatzen dute; Urbeltzek, berriz, Mutil-dantza moduan, neskentzako prestaturiko dantza dela dio. Etzi, dantzarekin zuzenean gozatuz erabakitzeko aukera egongo da.


Dokumentuaren akzioak