Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Belen Palacin: "Aia asko handitu da hogei urtetan; herritarrak, ordea, ez dira aldatu"

Dokumentuaren akzioak

Belen Palacin: "Aia asko handitu da hogei urtetan; herritarrak, ordea, ez dira aldatu"

Egilea
Andrea Zipitria
Komunikabidea
Karkara
Tokia
Aia
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/06/18
Lotura
Karkara
Leire Palacin Aiako kultur etxeko pilates eta yoga gelan. (Andrea Zipitria)

Ekaineko aldizkarian, Leire Palacin Aiako pilates eta yoga irakaslea elkarrizketatu zuen Karkarak. Palacinek bi hamarkada igaro ditu Ameriketako Estatu Batuetan eta orain Euskal Herrira bueltatzea erabaki du.

Zarauztarra da izatez Belen Palacin, baina badu Aiarekin lotura polita: duela hogei urte pasatxo iritsi zen herrira lehen aldiz aerobikeko eskolak ematera; orduan gaztetxoekin zein helduekin ibili zen. Maitasunak, ordea, Ameriketako Estatu Batuetara eraman zuen. Urte hauetan guztietan egon da atzerrian, eta orain etxera itzultzeko hautua egin du bi seme-alabekin. Etxera bakarrik ez, Aian zuen lekutxoa ere berreskuratu egin du, pilates eta yoga ikastaroak ematen baititu herrian.  

Noiz etorri zinen Aiara lehen aldiz?

Eskolak ematen hasi nintzenean, 1996 urte ingurua izango zen. Orduan, aerobikeko klaseak ematen nizkien herriko gaztetxoei eta erretiratuei. Oso jende jatorrarekin egin nuen topo. Sei-zazpi urtez egon nintzen bertan, baina hura uztea erabaki nuen Estatu Batuetara joateko. Han egon naiz 21 urtez, eta urtero udan etxera etortzen banintzen ere, orain dela urte bat betirako Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen. 

Eta nolatan bukatu duzu berriz ere Aian?

Oso gustura etortzen nintzen eskolak ematera, Aiako oroitzapen oso onak nituen. Orain dela urtebete inguru Zarauzko kiroldegian eskola ematen ari nintzela, nire familiarteko bat etorri zitzaidan esanaz Aian pilates eta yoga ikastaroak emateko pertsona baten bila zebiltzala. Ez nuen bi aldiz pentsatu. Hurrengo egunean Aiako Kultur Etxera deitu nuen, eta baiezkoa esan zidatenean, a ze poza nirea. 

Herria aldatu al da ordutik?

Herritarrak ez, oso jatorrak izaten jarraitzen dute. Polita izan da benetan, hainbeste urte pasa ondoren, jende berarekin egitea topo eta lehengo garaiak gogoratzea. Askoren izenak gogoratzen ditut. Bestalde, herria bere osotasunean hartuta, asko handitu da. Pentsa, gaur dauden bi biribilguneak ez ziren existitu ere egiten. Ikastaroak emateko lekua ere aldatu da. Lehen, gaur egun Haurreskola den eraikinean ematen nituen eskolak, goiko pisuan. Oroitzen naiz mahaiak eta baztertzen ibiltzen ginela dantzatu ahal izateko. Orain, berriz, Kultur Etxean horretarako egokituta dagoen gela dugu. 

Lehen aerobikeko eskolak ematen zenituen, orain, berriz, pilates eta yoga. Zergatik? Jarduera motak aldatu egin al dira ordutik?

Moda kontua da, bai. Gizartea eraldatzen doan bezala, kirol jarduera motak ere egokitu egiten dira. Orain dela hogei urte pasatxo aerobik oso modan zegoen, eta horren inguruko eskolak ematen nituen. Orain, nolabait ospe handiagoa hartu dute pilatesek eta yogak; horiek irakasteko proposamena egin zidaten pasa den urtean Aian, eta horri tira nion. Dena den, esan beharra daukat lehen ikasle izandako asko etorri zaizkidala esanez aerobik eskolak gustura hartuko lituzketela. Hurrengo ikasturtean baloratu beharko da. Zentzu horretan, gehitu nahiko nuke herrialdearen arabera ere aldatu egiten direla jarduerak eta estiloak. Adibidez, ni Estatu Batuetara iritsi nintzenean, orduan bertan pil-pilean zegoen yoga, Euskal Herrian ez bezala. Badirudi handik hona etorri dela moda.

Aian hainbeste urte pasatuta, anekdotaren bat izango duzu, ezta?

Bai. Adibidez, lehen haur eta gaztetxoen bi talde nituen; 4-8 urte bitartekoak batera ibiltzen ziren, eta 8 urtetik gorakoak, beste batean. Adin tarte zabala egoten zen eskoletan askotan, eta hori oso aberatsa zen Aia bezalako herri txiki batentzako. Harreman politak sortu ziren, eta txikienak handiei imitatzen saiatzen ziren, gogoz jarduten zuten; asko gustatzen zitzaidan hori ikustea.   

Dantzaria zara zu. Nola ikusten duzu dantzaren egoera hemen? Posible al da lanbide horretatik bizitzea?

Ezin da bizi dantzari profesionala izatetik; ez hemen, ez inon. Denbora librean egiteko zerbait bezala ikusten da dantza, eta ez ogibide gisa. Hori da gaur egungo arazoa, nire ustez. Estatu Batuetan ere antzeko zerbait gertatzen da. Gutxi batzuek bizi dira, oso maila altua dutenak, eta zortea dutenak. 

Dokumentuaren akzioak