Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Belaunaldi arteko Talai dantza

Dokumentuaren akzioak

Belaunaldi arteko Talai dantza

Komunikabidea
Ataria
Tokia
Amezketa
Mota
Albistea
Data
2025/01/28
Lotura
Ataria
Talai dantzariak, iaz, etxalde baten atarian. IMANOL GARCIA LANDA

Aurten mende erdi beteko da Amezketan Talai dantzak berreskuratu zituztenetik eta hori ospatzeko aurretik dantzan aritutako herritarrak ere gonbidatuko dituzte. Otsailean hiru entsegu egingo dituzte: hilaren 7an, 14an eta 21ean.

Amezketan aurten 50 urte beteko dira Talai dantzak berreskuratu zituztenetik, eta, urteurrenaren harira, jarduera berezi bat egingo dute: noizbait dantzetan parte hartu duten herritarrak gonbidatuko dituzte. Hori horrela, hainbat belaunalditako dantzariak elkartu eta herria zeharkatuko dute, martxoaren 2an.

Inauterien barruan, martxoaren 1ean eta 2an aterako dira Talai dantzariak eta, urtero bezala, herriko baserriak eta Bedaio ingurua egingo dituzte lehen egunean. Bigarrenean, berriz, lehenik Ugartera joan eta, ondoren, herri sarreran garai bateko dantzariekin elkartu eta denek batera zeharkatuko dute herrigunea.

Izarne Otamendi trikitilariak azaldu du dagoeneko prestatu dutela mezu bat aurretik dantzan atera izan direnei bidaltzeko, eta herriaren aplikazioan ere jarriko dutela gonbidapena. Normalean entsegu bakar bat egiten badute ere, aurten garai bateko dantzariak izango dituztenez, hiru ostiraletan elkartuko dira dantzaldia prestatzeko, hain zuzen, hilaren 7an, 14an eta 21ean, herriko plazan.

«Normalean 40 edo 50 dantzari inguru izaten gara, eta beteranoak kontuan hartuta ez dakit, guztira, zenbat bilduko garen», horrela hitz egin du Otamendik kopuruaren inguruan, eta gehitu du espero duela garai bateko dantzariak animatzea eta, horrela, «asko» elkartzea.

Belaunaldi arteko dantza, bigarrenez
Berreskuratu zituztenetik 25 urte bete zirenean ere modu berean ospatu zutela azaldu du trikitilariak: «Urteurrena ospatzeko aukera eman nahi diegu aurretik aritu direnei ere, izan ere, haiek jarraitu izan ez balute, agian, guk ere ez genuke dantzan jarraitzerik izango. Denon eguna izatea nahi dugu».

Eta, hari berari tiraka, omenaldia aurreko dantzariei baino gehiago, herriari dela zehaztu du: «Herriko tradizio bat da, eta guztiok elkartzea izango da omenaldia. Urtez urte eusten ari gara eta azkenaldian erantzuna ona izaten ari da. Horri eutsi beharra dago».

Ez da izango, ordea, ospatzeko aukera bakarra, izan ere, maiatzean egiteko beste egun bat ere ari dira antolatzen. Inauterietatik kanpo ospatu nahi zutelako antolatu dute, eta Otamendik aurreratu du dokumental bat egiten ari direla dantzen inguruan: «Parte hartu izan dutenen lekukotzak, garai bateko argazkiak... Halakoekin ari dira osatzen dokumentala, eta egun horretan aurkeztea da asmoa». Horrekin batera bazkari bat ere egingo dutela aipatu du, eta eguna gerturatu ahala zehaztuko dituztela jarduera gehiago.

Dokumentuaren akzioak