Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Belako Zaldüna pastorala gertutik ezagutzen Joseba Aurkenerenarekin

Dokumentuaren akzioak

Belako Zaldüna pastorala gertutik ezagutzen Joseba Aurkenerenarekin

Udara honetan Maulen ikusi zuen Aurkenerenak Johaine Bordaxarrek idatziriko Belako Zaldüna pastorala. XVI.mendeko lehen erreferentziak dituen Mauleko Belakotarren familia da pastoralaren oinarri. Pastoraleko pertsonaia nagusia Joanes Bela da, historiara Belako Zaldüna izenaz pasatu dena. Ibilbide militarrarengatik, San Luis ordenaren domina eman eta zaldun titulua erdietsi zuen. 1767. urtean idazten hasi eta lan ikaragarri zabala utzi zuen, tamalez dena frantsesez. Aurtengo pastoralean lehenengoz, azken perediküan independentzia aipamena izan da.
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2018/09/12
Lotura
Naiz

Aurten ere, bi pastoral ikusteko aukera daukagu. Zuberotarrek Belako Zaldüna prestatu dute, eta Lapurdiko Hiriburun Andere Serora izenekoa. Beraz, aukera aberatsa pastoralzaleentzat. Lehena Johaine Bordaxarrek idatzia da eta Maulek jokatua, bigarrena, berriz, Patxi Iriart eta Guillaume Irigoienek idatzia da. Ekainaren 3an Hiriburuko pastorala arrakasta handiaz jokatu zuten eta irailaren 16an bigarren saioa jokatuko dute. Maulen lehen saioa uztailaren 29an jokatu zuten, hauek ere arrakasta handia erdietsi zutelarik, eta bigarrena agorrilaren 5ean. Bigarren horretara hurbildu nintzen.

Arestian aipatu bezala, Johaine Bordaxarrek idatzi du Belako Zaldüna pastorala, eta hauxe da idatzi duen hirugarren pastorala. Lehena Telesforo Monzon pastorala izan zen, 2011n Larraineko herriak jokatu zuena. Bigarrena Jose Mendiague pastorala, Arrokiagako herriak 2012an jokatua, eta hirugarrena honako hau. Oraingo pastorala 22 jelkaldiz eta 11 kantuz osatu du.

Pastoral honen errejenta Jean-Fabien Lexardoi barkoxtar ospetsua izan da eta bere agindupean 120 arizale edo aktore izan ditu. Lexardoik süjetatzat Arño Laphitz hautatu du, haur urteetako süjetatzat Pette Ligetx, emaztetzat Aurélie Intxastoitxipi, Jakes Bela aitatzat Joseba Garai eta Constance Bela amatzat Isabelle Etxeto. Male-Lextarrek 2004an jokatu zuen Jean-Louis Davantek idatziriko Antso Handia pastoralean Jojo Malharin izan zen süjeta, oraingoan Luis XV. erregea izan dena eta Mixel Etxebest Maule-Lextarreko auzapeza Lorrenako Charles-Alexandre izan da.

Lehen saioa uztailaren 29an jokatu zuten arrakasta handiz. Lau
mila ikusle inguru hurbildu ziren errugbi-zelaian prestaturiko harmailetara.
Pastorala bukatzeko ohiko azken perediküaren tenorea iritsi zenean hainbat
azalpen egin zuten laburpen eta gogoeta gisa. Ikus dezagun:

187.bertseta- Eskerrik hanitx oroer / egünko jeia ikusirik / trajeria honekila / gurekin
bidajatürik. // 188.bertseta- Mauleko semea beitzen / eta idazle argia /
eskentü deiogü egün / hartz züan omenaldia. // 190.-Izanik ere noblea /
errotik zen eüskaldüna / haren lana ikustean / agertzen da nortarzüna. //
Iraültzaren ondoramena / Eüskal Herria zauritürik / legeak eta biltzarrak /
betikoz ezabatürik. // 194.- Eüropako kontzertüan / beti gira saihetsian /
eüskaldünak girelarik / bi txapeldünen artean. // 195.- Independentzia date
/ behin gure salbamena / popülüaren bozketarik / datekilarik sortüa? //
196.- Hortan üzten zütüegü / soegile agurgarriak / gogozkatzera beroki /
eta dener goraintziak.

Antxerak Pagolak, hau da, heldu den urtean Frantxoa Cadetek idatziriko Dominique Garat izeneko pastorala jokatuko duen herriak, bereganatu zituen 1700 euro ordainduz. Antxerak enkante modukoa dira, eta Zuberoako herriek dirua ematen dute pastoralaz gozatzen ari diren beraien herritarrak oholtzara igo eta Muñeiñak eta Aintzina pika izeneko dantzak dantzatu ditzaten.

Agorrilaren 5ean ere, jokatu zuten pastoralaren bigarren saioa bukatu orduko, hasiera eman zieten antxerei. Ohore handia da antxeretan irabaztea eta oholtzan, denen aurrean, aipatu dantzak egitea. Zorigaitzez, sargoriak jende gutti ekarri zuen pastoralaren bigarren saio honetara, bi mila inguru nire irudikoz, eta herri bakar batek, Ligik, dirua eskaini, 200 euro, eta irabazi zituen. Ez dut nehoiz horrelakorik ikusi. Pena!

Nor izan zen Belako Zaldüna?

Bela etxea eta familia zahar-zaharrak dira Mauleko historian eta lehen aztarnak XVI. mendekoak dira. Horrela, jakin badakigu, Belako Gérard (1550-1633) Mauleko gazteluko diruzaina izan zela. Haren birbiloba edo arra-arrasemea Jakes Bela Ia (1585-1667) idazle handia izan zen. Euskaraz honako hauek idatzi zituen: Euskal Hiztegia –tamalez desagerturik dena-, eta zubererazko atsotitz bilduma bat; frantsesez beste honako hauek: Commentaires de la Coutume de Soule –Zuberoako foru zaharrez-, Tablettes izeneko liburu lodiak –euskaldunez-, eta L´insurrection des Basques sous la conduite de Matalas –Matalasen matxinadaz-.

Belako Jakes I.aren semeetako bat Athanase Belapeirekoa izan zen. Apaiz katolikoa eta Sohütako erretorea izan zena. 1695. urtean, Catechima  laburra argitaratu zuen, zubereraz plazaratu den lehen katixima edo dotrina.

Jakes Belaren beste semeetako bat Mauleko Mounes-Bela edo Belaspektenea izenetako etxeko jabea zen eta honen semeetako batek, Belako Jakes IIak, etxea heredatu zuen. Abokatua izan zen eta hamaika seme-alaba ukan zituen. Horietako bat, pastoral honen süjeta (pertsonaia nagusia) den Joanes (edo Jean-Philippe) Bela deitu izan zena eta historiara Belako Zaldüna izenaz pasatu dena.

Joanes (edo Jean-Philippe) Bela (1709-1796), 1737an Parisera abiatu zen, hemezortzi urte zituela, eta Frantziako erregearen armadan sartu zen hasieran, eta Poloniako erregearenean gero. Bizimodu militar hori zela eta, Alemanian, Suedian, Polonian, Bohemian eta Flandrian barna ibili zen. Frantziako erregeak horrela eskaturik, euskal soldaduz osaturiko erregimentu bat antolatu zuen: Volontaires Cantabres (euskal boluntarioak), geroxeago Royal Cantabre deitu izan zutena. Napoleonen gerren garaian gauza bera eginen du geroxeago Harizpe mariskal baigorriarrak. Erregimentu horren buruan Joanes Bela ezarri zuten.

Belako Zaldüna artillerian trebatua zen eta 1738an kanoi berri bat asmatu zuen. Kanoi horrek minutu batez hamar tiro egiten omen zituen. Sari gisa, San Luis ordenaren domina eman zioten, eta horri esker, berantago, zaldun titulua erdietsi ahal izan zuen.

1767. urtean Lextarreko Parlamentuan agertu zen, eta 1778an Biarnoko Parlamentuan. Berandu samar, hirurogei urte zituela, aspaldian berekin bizi zen Chauloy kondesa alarguntsarekin isilpean ezkondu zen eta alaba bat izan zuten. Urte horietan idazteari ekin zion eta lan ikaragarri zabal eta aberatsa plazaratu zuen. Honatx: Mémoires militaires –bere bizitza militarraren oroitzapenak-, Recueil déxtraits relatifs aus Etats Généraux du royaume de Navarre jusqu´en 1789 –Nafarroako erresumaz- , Mémoires pur servir à l´histoire des Basques –euskaldunen historiaz-, L´Essai sur la noblesse des Basques –euskaldunen nobleziaz-, Histoire des Basques –euskaldunen historiaz, hiru liburukitan-, Le régiment du Royal- Cantabres –euskaldunez osaturiko erregimentuaz-, La généalogie de la maison de Bela –Bela etxekoen genealogiaz-, Recettes de médicine –Medikuntza errezeten liburua-, Les papiers du chevalier de Bela –Belako Zaldünaren paperak-, gutunak, Nafarroako historiaz dokumentu ugari, Lorrena aldeko historia agiriak, Santa Graziko agiriak eta Zuberoari Bela familiak mendeetan zehar egindako ekarpenak-, Mémoire sur la Soule et le Pays Basque –Zuberoaz eta Euskal Herriaz-, eta Différents écrits sur  l´agriculture et l´économie champêtre… en langue basque -Hainbat idazti laborantzaz eta laborantza-ekonomiaz-.

1787an, 78 urte zituelarik, Mauleko bere etxe batean, giza ileekin egindako oihal lantegi bat zabaldu zuen. 1792. urtera arte oihalak ekoiztu zituen. Horrenbeste aferatan sarturik diru anitz galdu zuen. Bere agiri militarren laguntzaz, leku dohain bat atzeman zuen Paueko gazteluan eta hor bizi izan zen 1789ko Iraultza arte. 1792an iraultzaileek hortik kanporatu zuten. Orduan, Hours-eko jauregian jarri zen bizitzen Laborriaren Garaian preso sartu zuten arte. Robespierre erori zenean askatu zuten. 1796an, 87 urte zituela, Pauen hil zen. Hauxe da Johaine Bordaxarrek idatzi eta Mauleko herriak jokatu duen pastoralaren süjeta edo pertsonaia.

Nire iritzia pastoralaz.

Lehenik eta behin, txalotu behar dut Mauleko herria horrelako pastoral ederra prestatu eta jokatzeagatik. Kantuak eta dantzak ederrak izan ziren eta publikoaren gustukoak. Erramun Gartzia-Zabalegiren agindupeko jostun taldeak egindako jantziak koloretsuak eta ezin ederragoak. Bi satan talde atera ziren oholtzara. Lehenengoan bost neska, eta bigarrenean hiru mutil. Lehen jelkaldian neskak aritu ziren, hamargarren eta hamaseigarren jelkaldietan mutilak, eta gero beste bizpahiru aldiz denak batera. Dantzari on eta trebeak ziren denak. Arizaleek euren lana ederki, bikain, egin zuten, bai kantatzean eta bai oholtzan mugitzean. Lexardoi errejentaren lana bikaina izan zen eta hori nabarmen geratu zen pastoralaren martxa eta garapenean.

Dena den, lehen aipatu dudan bezala, eguzkiak, sargoriak, zapuztu zuen pastoralaren bigarren saioa. Jendea aterpeko jarlekuetan pilatu zen, eta ezker-eskuin aldetako jarlekuak, berriz, ia hutsik zeuden. Hala ere, publikoak interes handiaz jarraitu zuen pastorala, batzuetan txistu eginez, eta besteetan txalotuz, horrela eginez arizaleen lana saritu zuten nolabait.

Amaitu baino lehen, Johaine Bordaxar pastoral-egilea zoriondu nahi dut, horrelako trajeria ederra egiteagatik. Biziki ausarta eta adoretsua izan da azken perediküan independetziaz egin duen aipamena egitean. Bada ordua, nire ustez, horrelako gogoetak egin ditzagun. Aupa Maule eta Mauleko pastorala!

Belako_zaldu_na_pastorala

Belako Zaldüna Pastorala

Dokumentuaren akzioak