Dokumentuaren akzioak
Beharrezko sinbiosioa (I)
Iratxe de Arantzibia, Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko bozeramale
Akordio hori, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak, 20 urteko ibilbidea bizkar gainean izanik, zer esanik izan duen eta duen esparru baten inguruan adostu zen. Espazio frantses-donostiar honen inaugurazioa, Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkartean zuzendaritza batzorde berri baten izendapenarekin batera egin zen. Zuzendaritza batzorde honen buru Josu Mujika da eta Isabel Verdinik zuzendari ordearen lekua betetzen du. Hauek hatutatu berri zirenean, gure lehen egiteko bat Elkartearen barnean sortutako tentsio eta mesfidantzei aurre egitea izan zen. Horregatik, zuzendaritza batzorde honek bilera erronda hasi zuen erakundeekin eta dantzaren kudeaketa eta ekoizpenarekin harremana duten eragileekin. Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzatik eta Donostiako Udaletik pasa ginen, eta nola ez, mugaz gaindiko proiektuaren arduradunekin halabeharrezko bilera egin genuen.
ELKARTEA jaio zenetik 20 urte igaro dira eta urte hauetan guztietan gure lurralde historikoko Foru Aldundiarekin harreman ona izan dugu: diru-laguntzak, ikastaroak emateko espazioak eskaintzeak eta erakunde honek eskaintzen dituen beka deialdietarako epaimahaietan parte hartzeak probintziako organismo garrantzitsuenarekin izandako harreman estua aditzera ematen dute. Alabaina, elkarren arteko harreman hori ona izan den arren, Gipuzkoako diputazio foralak alde batera utzi gintuen gure disziplina artistikorako hil ala bizikoa den gai honetan, Biarritzen kokatua dagoen zentro koreografikoaren ordezkaritzaren sorreran, alegia. Zentzu honetan, gutxietsiak sentitzen gara, Elkarteari sekula ez baitzitzaion kontsulta egin, ezta adierazpen modura ere, gure egitekoari zuzenean eragiten dion kontu honetan. Hori dela eta, abenduan hasitako elkarrizketa saio horren helburuetako bat, gure lur eremuaren barnean, dantzaren esparruan, Elkarteak duen bitartekari baliagarriaren rola aldarrikatzea zen. Gure bazkideen mesfidantza desagerrarazteko modu bakarra Mugaz Gaindiko Koreografia Zentroko arduradunekin bilera hitzartzea zen. Abenduaren erdialdera, elkarteak zituen kezkei irtenbide bat aurkitu asmoz zuzendaritza batzordeko ordezkaritza batek Filgi Claverie administratzaile ordezkariarekin, eta Adriana Pous-Ojeada proiektuaren pedagogia arduradunarekin bilera egin zuen. Esan eta egin. Bi gairen inguruan genituen zalantza nagusiak: alde batetik, sentsibilizazio tailerrak, eta bestetik, "Junior Balet"aren sorrera. Gure bazkideen artean, gehienek irakaskuntzan egiten dute lan, beren akademia propioetan. Beren lana hau izanik, mugaz gaindiko zentrotik konpetentzia desleiala egitearen beldurra bazen. "Hau ez da akademia bat; sentsibilizazio tailerrak publiko berria erakarri eta sortzeko aktibitate puntualak dira", ziurtatu zuten Claveriek eta Poust Ojedak. Eta horrela jakinarazi genion guk batzar orokorrari.
HASIERATIK onarpen handia jaso dute hilabetean behin egiten diren sentsibilizazio tailerrek. Alde batetik, akademien lanerako osagarria den informazioa eskaintzen dute. Bestetik, publiko berri bat eratzen dute, zaletu eta kuxkuxeroak disziplina artistiko honen esparrura gerturatuz. Tailer hauek sortzeko ideia oso positiboa da, dantzaren eremua dinamizatzen baitu. Guztiok gara militante dantzaren kausa jatorrean, eta horregatik, horren barnean dauden sektore guztiei (akademiei eta programatzaileei, besteak beste) on egiten die Mugaz Gaindiko Koreografia Zentroa egiten ari den lanak. Eta Elkarteak horrela ulertu duenez, otsailean, bileraren ondorioz sortutako kolaborazioaren fruitu, "Método Pilates" tailerreko irakasleak konpartitzeko aukera izan genuen. Egun batez eta bi maila berezituetan garatuko zen ikastaro bezala sortua, elkarteko kideok aparteko klase partikular bat jasotzeko aukera izan genuen, gure arteko harremana estutzearen ondorioz.
Dokumentuaren akzioak