Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Begiraleak elkartea: 80 urtez euskara eta euskal kultura sustatuz

Dokumentuaren akzioak

Begiraleak elkartea: 80 urtez euskara eta euskal kultura sustatuz

Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak 80 urte bete ditu. Sortu zenean bezala, euskara eta euskal kultura defenditzen segitzen du, "garaian bezala orain ere arriskuan delako". Arlo ezberdinak lantzen badituzte ere, euskal dantza da protagonista.

Begiraleak izena ‘begiratu’, atxiki, hitzetik eratorria da; atxikitzaileak, zaintzaileak. Begiratzen dugu euskara eta euskal kultura Donibane Lohizunen, lehengo gauzak atxikitzeko. Hastapenetik gure helburua kultura hedatzea da», azaldu zuen Begiraleak elkarteko kide Mailux Dufauk. Joseba Aurkenerena etno-folklore batzordeko arduradunak hau gehitu zuen: «Euskal kultura eta nortasuna hedatzen dituen elkartea da. Euskal Herria bere osotasunean hartzen du, euskaraz egiten den kultura baitu zabaltzen». Xabier Soubelet elkarteko presidenteak egindako lanaz borobildu zuen: «Euskal sentimendua mundua ikusteko era bat da».
Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2015/07/17
Lotura
Naiz

Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak 80 urte bete ditu. Sortu zenean bezala, euskara eta euskal kultura defenditzen segitzen du, "garaian bezala orain ere arriskuan delako". Arlo ezberdinak lantzen badituzte ere, euskal dantza da protagonista.

Gaurko helburuak duela 80 urte sortu zirenetik ez direla aldatu nabarmendu zuen Dufauk: «Begiraleen fama da beti zerbait berritzea edo ikastea, eta hedatzea besteei». Bide horretan lan handia egin dute, esaterako, Euskal Herriko dantzak Lapurdira ekarriz eta bertakoak hedatuz, mutxikoak deskubrituz eta irakatsiz, baita euskal kantuak ezagutaraziz eta kantatuz.

1935ko martxoaren 3an Begiraleak sortu zenean, antzerkiak zuen nagusitasuna elkartearen bizian. Bertatik pasatu ziren Piarres Larzabal, Telesforo Monzon eta Jean Marie Diharce Iratzeder bezalako antzerkigile ezagunak. Aldiz, dantza da egun Begiraleak ezagun egin duena, nahiz eta elkarteak eremu zabalagoa lantzen duen. Donibane Lohizuneko karriketan euskal kultura agerrarazteko inauteriak, Olentzero, Santa Ageda eta gisako ekintzak ere antolatzen dituzte.

Elkartearen sorreran emakumeak izan ziren «jaun eta jabe», Madelaine de Jaureguiberry, Antoinette Lacarra, Madelaine Bribet eta Elise Aramendyk abiatu zuten abentura. «Lau emaztek sortu zuten, eta ez zen batere erraza izan, garai horretan emazteen tokia ez baitzen gaurkoa», baieztatu zuen Dufauk.

Zaila izan zen logotipoaren sortzailearen lana ere: «Gure irudia Ramiro Arruek egin zuen; kasik elkartearen hastapenetik dugu. Arrue Donibane Lohizunen bizi izan zen luzaz, ez zuen dirurik batere irabazten, eta elkarte guztiei egiten zizkien irudiak».

Garaiak aldatu dira, baina donibandarren atxikimenduak berdin segitzen du, hamarkadaz hamarkada. Horren adibide da Dufau bera: «Lau belaunaldi izan gara ‘Begi-n’, kasik erraiten ahal da bost, gure aitatxi eta amatxiak garaian egin zen antzerki batean parte hartu baitzuten, eta orain nire haur ttipiak bertan dira».

Dantza irakaslea da Dufau eta eremu horretan elkarteak egindako bilaketa eta hedapen lana nabarmendu zuen: «Garaian mutxikoak ez ziren gehiago dantzatzen inon, ahantziak eta galduak ziren. Hemen baziren Pierre Betelu, Peio Cudroi eta Pierre Gilles, hirurek lan anitz egin zuten urratsak atzemateko, jendeen etxeetan miaka aritu ziren. Aitzindariak izan ginen mutxikoen urratsak irakasten». Ondoren Donostiako Argia taldea interesatu zela ere azaldu zuen, eta nola San Telmora joan ziren dantzatzera. Helduei mutxiko eskolak ematen hasi ziren eta ondoren Betti Betelu klaseak ematen hasi zen eskoletan: «Hori urrats alimalekoa izan zen eta orain mutxikoak hedatuak dira bazter guztietan».

Beste euskal dantzak ere ezagutarazi zituzten, Olaeta talde bizkaitarrarekin hasi ziren hastapenean hango dantzak ezagutzen, eta horrela sartu ziren Bizkai zein Gipuzkoako dantzak Lapurdin, batere ezagunak ez zirenak. «Gaur egungo dantza taldeko gazteek edozein Euskal herriko dantza badakite, izan zuberotarrak, baxenabartarrak, bizkaitarrak... eta lapurtarrak airoski».

Dantzari lotuak bi hitzordu garrantzitsu antolatzen dituzte urtero. Udaberria Dantzan da horietako bat. Ekainaren lehen asteburuan egiten da eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako taldeak gonbidatzen dituzte. «Oso inportantea da guretzat, bertan toki ezberdinetako dantzak ikusten ditugu eta gureak ere ematen ditugu agerian, eta harremanak sortzeko ere baliatzen dugu», gaineratu zuen Soubeletek. Ekaineko hitzorduaren bitartez Zangoza eta Foruko dantza taldeekin kontaktuak egin izan dituzte eta Begiraleak-ek haien herrietan ere dantzatu du. Filosofia berarekin haurrentzako hitzordua ere antolatzen dute, Donibane Dantzari.

Elkarte anitza

Dantza Begiraleak elkartearen aurkezpen txartela bada ere, askoz harago doa lantzen dituen kultura arloak. Kantua da horietako bat: «1991n Euskal Herriko lehen talde herrikoia antolatu genuen kantatzen erakusteko, orain asko daude eta pozik gaude horretaz» azaldu zuen presidenteak.

20 urtez, bide horretan Kantuaren Eguna antolatu izan dute, baina aurten hitzordu hori bertan behera utzi dute eta helburu berriak finkatuz beste proiektu batzuei ekin diete. Horren arrazoia azken garaian kantuz aritzeko hitzorduak denean loratu direla da. Musika instrumentuen bitartez ere jorratzen dute, eta horrela gaita, txistua edo txalapartako ikastaroak antolatu ohi dituzte.

Mendi talde bat ere sortu zuten duela lauzpabost urte, bi hilabetero kultura eta mendia uztartzen dituen irteerak antolatzen dituzte, tokiko historiaren berri ematen duen gidari baten eskutik.

Sukaldaritzak elkartearen bizian garrantzi handia dauka. Euskal Herri osoko eta Lapurdiko platerak sukaldatzen dituzte, eta jendea janariaren inguruan biltzen da momentu on bat pasatzera. Mailux Dufauk horren garrantzia nabarmendu zuen: «Begiraleek lan egiten dugu kulturaren alde, baina uste dut elkarte ona dela jendea plazerez etortzen baita».

Ondarea hedatzearen garrantzia arlo horretan ere atxikitzen dutela gaineratu zuen Dufauk: «Giro goxoa bizi izan dugu sukaldearen inguruan, baina behar dugu euskal sukaldaritza plantatu. Gure amatxien errezetak biltzen aritu gara eta ‘Lapurdiko sukaldaritza’ liburua argitaratu genuen».

Euskara protagonista

«Euskara eta euskal kultura» babestu eta hedatzea elkartearen xedea eta izaera dela esatean bat egiten dute kide guztiek. Hori dela-eta ekintza kulturalekin bat eginez gure hizkuntzaren garatzeko hainbat ekintza jarri dituzte martxan.

Horietako bat astero antolatzen duten mintza-xokoa da. 40 bat pertsona elkartzen dira euskaraz hitz egiteko, elkarteak Dukontenia parkean duen egoitzan. «AEKn ibilitako euskaldun berri batzuk hurbiltzen dira, baina gehiengoa euskara berreskuratu nahi duten adineko pertsonak dira», azaldu zuen Soubeletek, eta hau gaineratu: «Azken 30 eta 40 urteetan euskararen kontra eraman den politika baztertzaileek ekarri duten mintzatzeko lotsa edo zailtasuna alde batera utzi eta aisetasuna lortu nahi duten pertsonak zaizkigu hurbiltzen».

Proiektu berri bat ere sortu dute hizkuntzaren inguruan: “Euskaralai”. Elkartearen egoitza dagoen parkean egin zuten lehen aldiz maiatzean. «Donibane Lohizune-Ziburu aldeko, eta orokorrean inguruko euskaldun eta euskaltzaleak biltzea da helburua», esan zuen presidenteak. Hezkuntza mailan, esaterako, ikastolak, eskola publiko zein pribatu katoliko elebidunak erakarri nahi dituzte: «Antagonismoak baztertu eta euskararen izenean batzea nahi dugu».

Taldearen baitan ezberdintasunak ere nabariak dira, baina horrek ez dio helburuari indarrik kentzen, gehitu baizik. «Taldekideen artean euskaldunak eta abertzaleak nabarmen agertzen dira euskal mundutik at direnengandik, baina elkarteak horiek integratzeko balio du», argitu zuen presidenteak. Lan horretan aitzinatzea erronka nagusia dela ere gehitu zuen: «Euskaldunak ez direnak eta euskal mundutik kanpo bizi direnak ez dira konturatzen euskal kultura ez dela folklorea, eta euskara dela honen oinarria. Batzuk urte batera edo bitara konturatzen dira eta AEKra joaten dira ikastera».

Euskal kulturaren defentsan erdaldunak eta gaiaren inguruan ezagutzarik ez dutenak hurbilaraztea da elkarteak nabarmentzen duen lanetako bat, interesa piztea kanpotarrengan. «Gaur egun ez da erraza bereziki Donibane Lohizunen, zeren eta kanpoko jende anitz baita, eta ez dira denak interesatzen euskal kulturarekiko», baieztatu zuen Dufauk.

Bide horretan haurrekin egindako lana aipagarria da; izan ere, taldeak dantza ikastaroak ematen ditu Donibane Lohizuneko ikastola eta eskoletan, eta horren bitartez, ikasleak eta horien familiak elkartera hurbiltzen dira. Bide horren bitartez «badira 25-30 urteko gazteak, sartu eta gero betiko gelditzen direnak».

Zentzu horretan, urte osoko lanaz gain, gomita karriketara hedatzeko egun berezia ere badute. «Martxoaren 3an ‘Agur’ egiten diogu herriari gure balkoitik. Karrikara ematen duenez, oihu egiten diegu herritarrei, oroitarazteko hemen gaudela. Kantuen bitartez euskara eta euskal kultura ezagutzera ematen ditugu eta guregana hurbiltzeko gomita egiten diegu».

Jatorri historikoa du egun honek, 1935. urtean Begiraleak-ek antolatu zuen lehen antzerki erakustaldian, elkartearen izenean mintzatu zen pertsonak «agur» esan baitzuen ongietorria emateko. «Une hori oroitarazteko eta gure taldea sortu zuten lau emazteen helburua berpizteko egiten dugu. Izan ere, jada garai horretan, gaur bezala, euskara eta euskaltasuna arriskuan ziren», nabarmendu zuen Soubeletek.

Historiaren garrantzia ahaztu gabe, etorkizunari so dago Begiraleak: «80. urteurrena ez da omenaldiak eta jaiak antolatzera mugatzen, baliatu nahi izan dugu gauzak abiatzeko, urrats bat egitea ildo berri bat segituz. Aurten Santa Ageda berreskuratu dugu, eta Euskaralai gure egun nagusia izatea nahiko nuke euskaldun eta euskaltzale guztiak biltzeko».

XX. mendeko antzerki literaturaren altxorrak armairu batean gordeak izatetik liburu bilakatzera

Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartaren egoitzan armairu itxi bat zegoen, urteak zeramatzan horrela eta inork ez zekien barnean zer atzeman zitekeen. Duela urte batzuk elkarteko kideek irekitzea erabaki zuten; sarraila hautsi, eta barnean altxor bat atzeman zuten: eskuz idatzitako antzerki kaieraz beteta zegoen.

Elkarteko etnofolklore batzordeko buru Joseba Aurkenerenak azaldu zuenez, aztertu ondoren kopistek idatzitako idazle ezagunen antzezlan asko zeudela ikusi zuten, besteren artean Telesfono Monzon, Piarres Larzabal eta Jean Barbierrenak. Elkartearen sorreran antzerkia izan zen nagusi eta 40 urtez elkarteko kideek taularatutako antzezlanak agertu ziren, besteren artean.

Aurkitutakoaren garrantziak denak transkribatzera eraman zituen. Hiruzpalau urteko lana izan zen, eta bukatzean Luis Aramburu Altunaren Hiria argitaletxearen bitartez liburu bilakatu ziren.

2009an “Iratzederren antzerki kaierak” argitaratu zuten. Begiraleetako kide zen Xabier Diharceren zazpi lan bildu ziren bertan. Xabier Soubelet elkarteko presidentearen aitzin-solasa eta Aurkenerenaren sarrera izan zituen obrak, bilduma honetako liburuak bezala. Urte bukaeran “Piarres Lafitteren antzerki kaierak” agertu zen, elkartetik hurbil zen idazlearen sei lan biltzen dituena.

2010ean Piarres Larzabalen kaieren urtea izan zen. Elkartearekin lotura handia zuen idazlearen zazpi antzerki bildu ziren horretan. Bibliografia zabalekoa da Larzabal, eta berari buruz doktore tesia egin zuen Ixabel Etxeberriak, elkarteko kidea izanik, liburu horretan idazlearen lanaren aurkezpena egin zuen, bere antzerkigintza identitarioa nabarmenduz.

Telesfono Monzonen antzezlanekin abiatu zen 2011. Larzabalengandik oso hurbil zegoen bergararra, eta Etxeberriak, berriz, bere azterketa ekarri zion liburuari. Urte bukaeran “Sei antzerkiren kaiera” argitaratu zuten, beste hainbeste idazlerena: Leon Leon, Jean Barvier, Andere Hillau, Jannick Aramendi, Dominique Soubelet (egungo presidentearen osaba) eta Iratzederren berri bat.

Elkartetik olerkari anitz ere pasa dira, eta hurrengo urteetan lan horiek bilduz beste liburu bat egitea aurreikusi dute. Baita elkartean dantza maisu izan zen Pierre Betti Beteluri buruzko bat ere.

Etorkizunera begira elkarteko arlo hau indartzeko asmoa duela baieztatu zuen Aurkenerenak: «Gazte asko daude jakin-min handia dutenak, erakarri nahi ditugu eta birmoldatze bat egin».

0627_kul_begiraleak2

Dokumentuaren akzioak