Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Begirada berria Zuberoako dantza eta tradizioei

Dokumentuaren akzioak

Begirada berria Zuberoako dantza eta tradizioei

Luhuso. Gaur, 16:30ean, Gelan.

Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2006/02/04

Zuberoako tradizioa dago Kutx ala Pil? ikuskizunaren oinarrian, baina dantza garaikidearekin eta bestelako elementuekin uztartuta, Zuberoako dantzari eta maskaradari begiratu berria eman nahi izan baitie Maritzulik. Horretarako, Catherine Arkanuthurrik eta Claude Iruretagoienak sortutako koreografiez baliatu dira.

Maskaradako hainbat pertsonaiak desfilatuko dute oholtza gainean. Zuberoako folkloreko elementuak, pertsonaiak, jantziak eta dantzak agertuko dira. Baina laster desfile ordenatua eraldatu eta, musika tradizionalarekin batera, munduko beste hainbat lekutako melodiak nahasiko dira. Maskaradetako ordenaren eta kaosaren arteko kontrastearekin jokatuko dute.

Zuberoako tradizioa, dantza garaikidea eta antzerkia uztartuta, maitasun istorioa kontatu nahi dute; ezinezko maitasunari buruz ariko dira. Ikuskizuneko pertsonaiak ere maskaradetatik atera dituzte, baina beste ikuspegi batetik jorratuta. Pertsonaia asko dantzaren bitartez garatu dituzte, maskaradetan izaera definiturik ez dutenei lekua eginez.

Estilo askotako dantza eta musika

Jose Antonio San Miguelek sortuak dira ikuskizuneko doinuak. Kutx ala Pil? lanerako bereziki egindako musika da. Musikagilearen hitzetan, «dantza bezain hetereogeneoa da musika». Izan ere, dantzan bezala, musikan ere estilo desberdinak nahasten saiatu dira. Claude Iruretagoiena koreografien egilearen esanetan, estiloak nahasiz «jestuaren kalitatea» bilatzen dute, urratsen indarra eta edertasuna, «emozioa, umorea eta teknika dantzatua den komedia dramatiko baten zerbitzura».

Zuberoako folklorea jorratzeko, Bruno Delavigne Daviak eta Jon Iruretagoienak egindako lanean oinarritu dira, herrialde horretako dantzak eta errepertorioak bildu baitituzte, guztira 400 urrats inguru. Lan garrantzitsua egin dutela uste du Iruretagoienak, tradizioan oinarritutako dantza horiek gaurko nahiz biharko sorkuntzen iturri izan baitaitezke.Maritzuli konpainiako dantzari gehienak amateurrak dira, eta prestaketa tekniko aldetik, lan handia egin dute Kutx ala Pil? obrarako. Oro har, euskal dantza tradizionaletan oinarritutako lanak ematen dituzte. «Euskal dantzak balioa duela erakustea da taldearen asmoa, uste baino anitzez urrunago doazen balioak baititu», adierazi zuen Iruretagoienak Berrian argitaratutako elkarrizketa batean.

Dokumentuaren akzioak