Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Begirada anitzen topalekua

Dokumentuaren akzioak

Begirada anitzen topalekua

Donostiako 66. Zinemaldia. 10 proposamen

Programazio zabala ondu du Zinemaldiak; gaur hasi, eta irailaren 29ra arte iraungo du. Hamar aleko proposamena da hau, sail eta estilo desberdinei erreparatuz egina
Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/09/21
Lotura
Berria
Sail Ofizialean lehiatuko diren filmak hemezortzi dira; horietako bost emakumezkoek zuzenduak. Sail Ofizialaz harago bada zinemarik, ordea; bada zer ikusi eta zer arakatu. Dozenatik gora dira sailak, eta, orotara, 200 filmetik gora ikusteko aukera izango da. Euskal Herrikoak nahiz euskarazkoak, inoiz baino gehiago. Hona hamar aleko proposamena.

1. 'DANTZA'

Zuzendaria: Telmo Esnal.

Iraupena: 98 min.

Herrialdea: Euskal Herria.

Saila: Sail Ofiziala (lehiaz kanpo).

Bizitzaren eta heriotzaren zikloari buruzko istorioa, bizirik irauteko borrokarena. Borroka horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko lengoaia. Gai unibertsalak jorratzen ditu Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1967) Dantza lanean, sinbologia berezi batez jantziak. Tradizioari, lurrari, lur horren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat da. Agur, Etxebeste!-ren grabaketa prozesu betean harrapatuko du estreinaldiak Esnal. Aupa Etxebeste! aitzindaria (2005) Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuten berak eta Asier Altunak. Sail berean urkeztu zuen Urte berri on, amona! filma ere (2011).
'DANTZA'
'DANTZA' Z / EZEZAGUNA

2. 'IN FABRIC'

Zuzendaria: Peter Strickland.

Iraupena: 118 min.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Saila: Sail Ofiziala (lehiaketan).

In Fabric filmaren agertokia eta giroa saltegi handi bateko neguko merkealdi jendetsuek zedarritzen dute. Istorioak jantzi madarikatu baten urratsei segituko die , eta, eskuz esku igaro ahala ondorio latzak egingo ditu. Peter Stricklandek (Reading, Ingalaterra, 1973) modu independentean ekoitzi zuen lehen film luzea, Katalin Varga (2009); lau urteko lana izan zen. Filmak Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinen, eta Zinemaldiak Eastern Promises atzera begirako zikloan sartu zuen, 2014. urtean.

3. 'VISION'

Zuzendaria: Naomi Kawase.

Iraupena: 109 min.

Herrialdea: Japonia.

Saila: Sail Ofiziala (lehiaketan).

Jeanne Japoniara joango da sendabelar bitxi baten bila, eta bidaian Tomo basozaina aurkituko du. Hark bilaketan lagundu, eta iraganeko aztarnetan zehar gidatuko du Jeanne. Duela hogei urte, Jeannek lehenengo amodio istorioa izan zuen, Yoshinoko basoan. Naomi Kawase (Nara, Japonia, 1969) Cannesko Camera d'Or sariaren irabazlerik gazteena izan zen, Suzaku lehen filmarekin, 1997an. Genpin dokumentala (2010) Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, eta Fipresci saria irabazi zuen.

4. 'GIRL'

Zuzendaria: Lukas Dhont.

Iraupena: 105 min.

Herrialdea: Belgika-Herbehereak.

Saila: Perlak.

Larak 15 urte ditu, eta dantzari bihurtzea da haren ametsa. Aitaren babesarekin, bete-betean murgilduko da ahalegin amaiezin horretan. Baina gorputzak ez dio erraz men egingo ezarritako diziplinari; izan ere, jaio zenean mutikoa zen. Lukas Dhont zinemagile belgikarrak (1991) aurrez film laburretan ere jorratutako gaiak uztartu ditu Girl filmean; hots, dantza, eraldaketa eta identitatea, besteak beste. Girl-ek hainbat sari eskuratu zituen Cannesko zinemaldian.

5. 'BLACKKKLANSMAN'

Zuzendaria: Spike Lee.

Iraupena: 134 min.

Herrialdea: AEBak.

Saila: Perlak.

Spike Leek (Atlanta, AEBak, 1957) Ku Klux Klanen kupulan infiltratzea lortu zuen lehenengo polizia afro-amerikarraren istorioa filmatu du: lankide batek lagundu zion, 70eko hamarkadan, arrazista erradikalaren plantak eginez. Leek hiru hamarkadatik gorako ibilbidea osatu du dagoeneko, eta hogeitik gora film zuzendu ditu, honako hauek, besteak beste: Nola Darling (1986), Do the Right Thing (1989), Mo' Better Blues (1990)—biak ala biak Zabaltegin aurkeztuak—, Jungle Fever (1991), Malcolm X (1993), Clockers (1995), Get on the Bus (1996), Bamboozled(2000), 25th Hour (2002), eta Inside Man (2006). 2015ean, ohorezko Oscar saria eman zioten.

6. 'PáJAROS DE VERANO'

Zuzendaria: Ciro Guerra,

Cristina Gallego.

Iraupena: 125 min.

Herrialdea: Kolonbia-Mexiko-

Danimarka-Frantzia.

Saila: Perlak.

Ciro Guerrak (Rio de Oro, Kolonbia, 1981), Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen 2003an, La sombra del caminante filmarekin, eta lan berarekin lehiatu zen 2004ko Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean ere. Haren ondotik filmatu zituen Los viajes del viento (2009) eta El abrazo de la serpiente (2015); azken hori Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean aurkeztu zuen, eta ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako hautatu zuten. Kolonbiako narkotrafikoaren jatorria azaltzen duen egiazko istorio batean oinarritua dago Pájaros de verano, eta 70eko hamarkadan girotua.

7. 'BERGMAN - ETT AR, ETT LIV /

BERGMAN - A YEAR IN A LIFE'

Zuzendaria: Jane Magnusson.

Iraupena: 117 min.

Herrialdea: Suedia.

Saila: Zabaltegi.

Ingmar Bergmani buruzko dokumental honen ardatza haren lan-ibilbidean funtsezkoa izandako urte bat da, 1957; hain zuzen ere, Det sjunde inseglet (The Seventh Seal) eta Smultronstället (Wild Strawberries) maisulanak zuzendu zituenekoa. Baina, Bergmanen alderdi artistikoa jorratzera mugatu ordez, inoiz ez bezala heltzen dio haren bizitza intimoari. Jane Magnusson zuzendaria (Stockholm, Suedia, 1968) dokumentalen eremuan espezializatua dago, eta Ingmar Bergmanen bizitza eta lana ikertzen eman ditu bere bizitzako azken sei urte hauek, baita haren inguruko bi dokumental labur osatzen ere.

8. 'JAINKOAK EZ DIT

BARKATZEN '

Zuzendaria: Josu Martinez.

Iraupena: 60min.

Herrialdea: Euskal Herria.

Saila: Zinemira.

Lezo Urreiztietaren (Santurtzi, Bizkaia, 1907) istorioa kontatzen du Jainkoak ez dit barkatzen filmak. Euskal Herriaren askatasuna negoziatu zuen atzerritar gobernuekin; Bilbon armaz betetako hamazazpi ontzi sartu zituen 1936ko gerran; Franco akabatzear egon zen... Martin Ugalde idazle eta kazetariaren eta Urreiztietaren beraren artean 1975 eta 1978 urteen artean izandako solasaldietatik abiatuta ondu du filma Josu Martinezek (Bilbo, 1986).

9. 'THE SEVENT VEIL'

Zuzendaria: Compton Bennet.

Gidoia: Muriel Box, Sidney Box.

Iraupena: 94 min.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Saila: Atzerabegirakoa: Muriel Box.

Suizidio ahalegin baten ondoren, Francesca Cunninghamek, mundu osoan ospetsua den piano jotzaile batek, Larsen doktorearengana joko du tratamendu psikologikoa jasotzeko, eta doktorea subkontzientean barneratuko zaio. Muriel Box (Surrey, Ingalaterra, 1905 Londres, 1991) gidoigile eta zinemagile ingelesa izan zen, eta gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen lehen emakumea izan zen, 1946an, The Seventh Veil-ekin.

10. 'FAMILIA SUMERGIDA'

Zuzendaria: Maria Alche.

Iraupena: 91 min.

Herrialdea: Argentina.

Saila: Horizontes Latinos.

Buenos Aires hirian uda da, eta hutsik eta bero-bero dago. Marcelaren ahizpa hil egin da, eta bera arrotz eta lekuz kanpo sentitzen da. Maria Alchek aktore protagonistaren lana egin zuen Lucrecia Martelen La niña santa filmean (2014). Berak zuzendutako lehen filma da Familia sumergida, eta Zinemaldiko Zinema Eraikitzen sailerako hautatu zuten iaz.

Dokumentuaren akzioak