Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Begietatik dastatzeko

Dokumentuaren akzioak

Begietatik dastatzeko

Kritika, El Sombrero de tres picos - El cafe de chinitas

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2004/08/25

Azken urte honetan, Federico Garcia Lorca eta dantza flamenkoa eskutik helduta sarritan etorri dira Donostiara. Rafael Amargoren Poeta en Nueva York, Cristina Hoyosen Yerma edota Sara Baresen Mariana Pineda arrakasta handiz pasa ziren Kursaal jauregitik. Hala ere, atzoko saioak bazuen ikusmira areagotzeko faktore garrantzitsu bat. Saio berean El Sombrero de Tres Picos eta El Café de Chinitas lanak aurkeztu ziren. Hau da, Garcia Lorcaren eta Salvador Daliren bateratzearen lekuko zuzenenak diren bi obrak.



Salvador Daliren diseinuak eta hark margotutako eszenografia ikusteko aukerak jendea zirrara batean jarri zuen emanaldia hasi aurretik. Lehen aipatutako obretan dantzari bakarlariaren ikusmirak mugitu bazuen jendea, oraingo honetan Dali eta Garcia Lorcaren mitoek ipini zuten saioa hasi aurreko piperra. Andaluziako dantza konpainia publikoak El Sombrero de Tres Picos lana aurkeztu zuen lehenengo. 1916. eta 1919 urteen artean Manuel de Fallak idatzi zuen ballet hau, eta 1949. urtean Dalik, 30 urte lehenago Picassok egin bezala, eszenografia horretarako oihalak margotzea onartu zuen. Bigarren antzeztu zen koreografia , El Café de Chinitas, 1943ean estreinatu zen New Yorken, Garcia Lorcak hautatutako herri kantuetan eta Dalik marraztu zituen eszenografietan oinarrituta. Orduan, La Argentinitak egin zituen dantzari lanak.Atzoko saioa laburbiltzeko esaldi onena Lluis Danes El Café de Chinitas koreografiaren eszenea zuzendariak eman zuen aurkezpenean: «Begietatik sartzen den ikuskizun bat da». Eta halaxe da.Lehenengo lana ohikoagoa, klasikoagoa izan zen, kontakizuna bera ere horrelakoa baitzen. Festa giroko doinu eta dantza alaien artean, korrejidore bat errotari gazte batekin maitemintzen da. Kontakizunak ez du sorpresarik eskaintzen, eta dantzarien mugimendu koreografiko biziek eta jantzi zein argien koloreek jarri zioten bizitasuna.Bigarren koreografiak, aldiz, pizgarri dezente gehiago izan zituen. Musika eta dantza uztarketa ona, dantzarien bakarko saioen fintasuna, talde handiaren agerpenen indarraÉ eta, batez ere, Daliren keinuak. Oihaletan, elementu eszenikoetanÉ Keinuz beteriko lana izan zen, bai modu plastikoan eta baita sinboloetan ere. Lorcaren eta Daliren maitasun-gorroto harremana agerian geratzen da. Idazleak homosexualitatearen bidera erakarri nahi izan zuen margolaria, baina honek muzin egin zion, eta jarrera hori El Café de Chinitas lanerako sortutako hainbat elementuen bidez adierazi nahi izan zion. Lagun izateari utzi zioten bi lagunen gerturatze eta urruntzeak etengabeak dira obran ere. Begietatik sartzen ziren eszenografia ederraren ukitu guztiak eta 25 lagun baino gehiagoko konpainia batek sortzen dituen mugimendu guztiak. Baina sentiarazi ere egiten zuen, eta horretarako ezinbestekoak dira koregrafoaren eta eszena zuzendariaren lanak.

Dokumentuaren akzioak