Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bederatzigarrengoz, Hartzaro jaialdia nagusi inauteritan

Dokumentuaren akzioak

Bederatzigarrengoz, Hartzaro jaialdia nagusi inauteritan

Hogei urte beteko ditu aurten Uztaritzeko inauteri eraberrituak.

Komunikabidea
Gara
Tokia
Uztaritze
Mota
Albistea
Data
2005/02/04

Gaurtik hasita otsailaren 8ra arte, Uztaritzeko inauterietako karietara bederatzigarren «Hartzaro» jaialdia ospatuko da. Aurten ere egitarau oso aberatsa prestatu du Errobiko Kaxkarotak elkarteak.



Arratsaldeko seietan emango zaio hasiera jaialdiari «120 urte kaxkarot ohitura Uztaritzen» mintzaldiarekin Latsa aretoan. Han bertan, bederatzietatik goiti, kontzertua izango da Mixel Etxekoparren txülüla eta kantuekin, Andre Gabriel eta Marie France Arakelianek lagunduta. Ttirritta ostatuan, bi ordu geroago, Pako eta Marieder folk-rock soinularien emanaldia izango da.



Bi emanaldi ikusgarri



Biharko egitaraua oso betea dator. Goizeko 9etatik «Xerri Hiltzea» egingo dute, bertsolari, txistulari eta trikitilariekin. Muxikoak, mozorro lehiaketa, kontzertuak, etab. ez dira faltako. Gainera, aurtengo jaialdiaren bi ikuskizun nagusienak ere larunbatean egingo dira.



Lehena, arratsaldeko 6etan, Kiroletan, «Hartza Iguzki» izango da, 20. urteurrena ospatzeko espresuki sortutako ikuskizuna. Ehun bat antzezlek parte hartuko dute. Koreografian, jantzi eta mozorro prestaketan eta argiztatze lanetan jende ezaguna aritu da:Beñat Achiary, Remy Gachis, Mariya Anelva, Mixel Thérez, Beñat Amorena...



Bigarrena, berriz, arratseko 9etan izango da leku berean. «Dantza Kreazioa» deitu dute eta «Biez Bat» Basusarriko dantza taldeaz gain, Burrunkako perkusioak entzun ahal izango dira. Ondoren, Kossiwa Togoko talde profesionalak prestatutako «Plissé Soleil» baleta ikusteko parada izango du beste herrialdeetako kulturak ezagutzeko grina duen edozein ikuslek.



Bi ikuskizun horien sarrerek 10 euro balioko dute bakoitzak, 15 bietara joango denarentzat. Turismo bulegoan erreserba daitezke aldez aurretik.



Igandean Kaxkaroten desfileak aspaldiko ohitura berrituko du herri lapurtarraren karriketan, goizetik hasita. Eguerdian aitzineko elizan elkarretaratuko dira. 11etan pilota partida laxoa izango da Gipuzkoa eta Lapurdi taldeen artean, Euskal Selekzioaren aldeko elkarteak antolatuta.



«Ohiturak eta sormena» gaiaren inguruan, mintzaldiek osatuko dituzte asteleheneko egitaraua, arratsaldeko 6etatik goiti Lapurdi gelan.



Inauteriak amaitzeko, Zapantzarren auzia eta erretzea izango da ikuskizun nagusia asteartean. Arratsaldeko 6etan hasiko da desfilea Hiribeheretik Puruguratn plazaraino. Han, 7.30ak aldera, ekingo zaio erretzearen ikuskizunari. 250 gora antzezle, dantzari, musikari eta mozorrotutako pertsonaiak parte hartuko dute desfilean



Igandea arte, «20 urte Zanpantzar Uztaritzen» argazki erakusketa ikusgai izango da Latsa aretoan.



Hartzaren mitologia berreskuratu duen jaialdia



Uztaritzen inauteriak aspaldikoak baldin badira ere ­hiru mende inguru­, duela hogei urte berpiztu zituzten, galdutako hainbat tradizio berreskuratuz. Geroztik ospakizunak handitzen joan dira. Inauterietako aitzakiarekin, gainera, aste buruan kale-ikuskizunak eta kontzertuak, eztabaidak antolatzen hasi ziren orain hamar urte. Horrela jaio zen Hartzaro jaialdia, inauteritako mitologiaren barnean hartzaren sinbologian oinarrituta. -

Dokumentuaren akzioak