Dokumentuaren akzioak
Bederatzi egun jaiez gozatzeko Atarrabian
Bihar botako dute festei hasiera emateko etxafuegoa. Urriaren 12ra bitarte, hamaika ekintza antolatu dituzte jaietan ez aspertzeko
Eguerdiko hamabietan Mikelats dantza taldeak piztuko du festak iragartzen dituen suziria. Hogei urte bete ditu taldeak aurten. Bi hamarkada hauetan herrian euskal kultura eta dantzak sustatzen egin duen lanagatik, suziria botatzeko ohorea eman dio udalak Mikelats dantza taldeari. Suziria nork botako duen erabaki ez duten arren, taldeak prestatua du ustekabe bat festen hasiera iragarri ondorenerako; ez dute aitortu nahi izan, ordea.
Azken hogei urteetan egiten duten moduan, suziria bota eta gero dantza emanaldia eginen dute udal plazan, baina ez dute zer dantzatuko duten aurreratu nahi izan. Udalak uzten dien Gaztelekuaren egoitzan bi ordu entseatzen ari dira biharko sorpresa prest izateko. «Festetako lehen saioa guri dagokigu. Ezustekoren bat egonen da», aurreratu du Aitor Fernandez Mikelats taldeko presidenteak. Taldea 45 dantzarik osatzen dute. 1994an herriko gazte batzuek sortu zutenetik, euskal dantzetan egindako lanean ez du etenik izan. Biharko eguna dela- eta urduri daude, baina pozik. «Suziria botatzea ohore handia da, eta gogoz gaude». Belaunaldi aldaketa ere ziurtatuta dagoela dio Fernandezek. «Harrobi nahiko handia dugu. Berriki hamasei neska berri sartu dira taldean».
Mikelats taldekoen dantzaldiaren ondotik, jai luzeak dituzte aurretik atarrabiarrek. «Oso jai luzeak dira. Bi asteburu ditugu aurretik», dio Mikel Oteiza Kultura eta Jaietarako zinegotziak.
Festak, ingurumena zainduz
Krisi garaiotan udalak ez du diru askorik, eta iaz baino 2.000 euro gutxiago gastatuko ditu jaietan; iaz, 76.000 euroko aurrekontua izan zuten, eta, aurten, 74.000 eurokoa dute. «Halere, iaz bezala, 87 ekitaldi mantentzea lortu dugu». Herritarren parte hartzea goraipatu du Oteizak. «Herriko elkarteen parte hartzea handia da, eta denek egiten dute zerbait festetan denetarik eta adin guztietarako izan dadin».
Jaiak giro onean eta ingurumena zainduz pasatzeko neurriak ere hartu ditu udalak. Lehenik, eraso sexisten aurka adi egoteko gomendioa egin du, eta eraso sexisten aurkako zapi bat kaleratu du, Eraso sexisten aurrean, prest! leloarekin. Bigarrenik, jaiak denontzat direla gogoratu du, eta herritar orori ongi pasatzeko deia egin die. Hirugarrenik, txosnetan egiten den moduan, tabernariekin elkarlanean, plastikozko 3.000 edalontzi erabilgarri erosi ditu udalak gero tabernarien artean banatzeko. Horrela, festazale bakoitza berea hartu eta harekin ibil daitekeelako jaietan.
Aurreko urteetan bezala, musika noiznahi izanen da, eta haurrentzako hainbat ekitaldi izanen dira. Pilotazaleentzat pilota partida profesionalak antolatu ditu Aspe enpresak heldu den astearterako. Martinez de Irujo-Tolosa bikotea Ezkurdia-Rezustaren kontra ariko da Martiket kiroldegian.
Mikelats dantza taldekoek jaurtiko dute suziria. BERRIA
Dokumentuaren akzioak