Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Beasaingo Aurtzaka taldeak eskualdeko dantzak Argentinara eramango ditu

Dokumentuaren akzioak

Beasaingo Aurtzaka taldeak eskualdeko dantzak Argentinara eramango ditu

Historikoki Goierrin garrantzia izan duten elementu eta pausoak jaso dituzte. Hegoameriketako lau hiritako euskal etxeetan aurkeztuko dute ikuskizuna.

Egilea
Ane Irastortza
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Beasain
Mota
Albistea
Data
2006/07/16

Ozeanoa zeharkatzeko ideia iaz sortu zitzaien. "Argentinar bat izan zen Maizpide barnetegian euskara ikasten, Manu Irastortza. Dantzaria da eta gurekin harremanetan jarri zen Aurtzakarekin aritzeko hemen zegoen bitartean. Broma bat bezala sortu zen hara joateko aukera", azaldu dute taldeko kideak diren Jaione Barandiaran eta Aitor Furundarenak.

euskal etxeak Broma sendotzen joan zen. "Abenduan baietz esatea erabaki genuen eta ordutik ari gara bidaia prestatzen", esan dute Aurtzakakoek.

Horrela, euskal etxe batzurekin harremanetan jarri ziren. "Piloa dago han eta gehienek dantzatzera joateko eskatuz erantzun ziguten. Irrikatzen izaten dira. Guztietara iristea ezinezkoa zen eta lau aukeratu genituen: Manuren herria, alegia, Bahías Blancas, eta Chivilcoy, Rosario eta Resistencia", aipatu dute. Hiriok herrialdearen iparraldean daude, "baina kilometro asko egingo ditugu", aitortu dute dantzariek.

Iguazú ezagutzera ere hurbilduko dira eta azken egunetan batzuek (lehenago bueltatuko direnak ere badira), hegoaldera joko dute.

goierriko dantzak 2004. urtean Aurtzaka dantza taldeak 25 urte bete zituen. Mikel Sarriegi taldeko dantzariak ikuskizun bat prestatu zuen Goierriko dantzen inguruan. Horretarako garai bateko datuak biltzen aritu zen.

Mikelen esanetan, "ikuskizunaren egitura eta formatua klasikoak dira baina originala ere bada. Gauza jakinak hain ezagunak ez direnekin nahasten dira, birsorkuntza lan bat dago. Goierrin bilatu dugun guztiaren ordubeteko sintesi bat da".

Beasainen aurkeztu zutenean, jendeak "sorpresa" hartu zuela gogoan du Sarriegik, "galtzen ari diren xehetasun asko dauzkalako, pauso edo arroparen ingurukoak".

bost zati Erakustaldiak bost zati ditu. Lehenengoan ezpata dantzak biltzen dituzte, bigarrenean soka-dantzak, beste batean jolasak eta eskeak, inauteriak laugarrenean eta, azkenik, erromeria.

"Atal bakoitzean Goierrin dauden dantza eta elementu esanguratsuenak erakusten ditugu. Beasaingo San Martingo ezpata dantza, Ordiziako santanazaleen soka-dantza edota inauterietako Segurako hartza, Idiazabalgo zakarrak eta abar", argitu dute dantzariek.

Guztira 30 dantzarik bidaiatuko dute Argentinara, tartean hiru haur, eta Aurtzakarekin bat egingo du Irastortzak. "Espero dugu hemen bezala han ere emanaldiak funtzionatuko duela . Euskal etxeetan badituzte dantza taldeak eta badute kultura hori".

Musikariak ere izango dira: akordeoia, txistua, trikitixa, panderoa, bonboa, txindatak eta atabala. Azkenekoak aparteko garrantzia du: "Garai batean zuen protagonismoa eman diogu eta ikuskizunaren haria da", azpimarratu dute.

Goreneko maila erakusteko gogor ari dira lanean egunero. Baina ez da kanpora irteten diren lehenengo aldia izango: Hungarian, Turkian eta Kuban dantzatzeko aukera izan du, besteak beste, Aur-tzaka taldeak.

Dokumentuaren akzioak