Dokumentuaren akzioak
Beasain dantzan alaitu eta 'Pasatxo' zena oroitu dute Igartzako Dantzariek
Dantzariak plazatik abiatzen. /Aimar Maiz
Musuko estalgarriaren bereizgarriak besterik ez du ezkutatu gaur Beasaingo dantzarien poz irribarrea. Igartzako Dantzarien Kofradiak urteroko juntadizoa eta saioa egin ditu gaur, pandemia aurreko ohitura batzuk berreskuratuta. Eguerdian puntuan, udaletxeko kanpaitxoek ‘Maritxu nora zoaz’ doinua jo bezain laster, txisturaliek eta musikariek ‘Igartzako paseoa’ jotzeari ekin diote, behin herriko alkate Leire Artolak udalerriaren bandera eman ondoren. Desfilea egin dute Igartzako monumentu multzoraino.
Ehunka dantzari elkartu dira, eta ohi bezala, ilara perfektuetan egin dute kalejira. Ezpatadantzariak aurretik, beti Zuberoako maskaradetako zamaltzaina aitzindari hartuta, musikariak eta banderadunak erdian, eta dantzariaren erraldoia segizioa ixten.
Pasatxo gogoan
Festa bakarrik ez, Xabier Sarriegi Olano Pasatxo dantza-maisu eta Igartzako ohorezko kofradiakide zena presente izan dute une oro. Urtarrilean hil zen, 62 urteko. 2016an izendatu zuten ohorezko kofradiakide, Igartzako Dantzarien 10. urtemugan. Haren lana izaten zen herriko bandera eramatea. Gaur, Joseba Sarriegi semeak hartu dio lekukoa.
Igartzako saioan ere gogoratu dute Pasatxo: “Galera handi bat izan dugu aurten, Beasaingo dantza-maisu handi Xabier Sarriegi Pasatxo galdu baitugu”. Zubi gaineko ezpata-dantza berezia Pasatxo-ri eskaini diote, eta haren belaunaldiko dantzari lagunek dantzatu dute ezpata-txiki jokoa deritzon dantza, zapiekin, burdinola barrenean.
Neurri bereziak, segurtasun tarteak, eta ikusle guztiak aulkietan eserita zirela egin dute Igartzan ohiko dantza ikuskizuna. Bi mutikok banderei agurra egin diete ezpatekin lehenbizi, Dolareko gurutzearen aurrean; Oria errekaren bi ertzak eta zubia lotuta, erraldoia eta zamaltzaina zubiaren erdian jarrita egin dute ondoren saioa. Jauregian bi banderak eskegi dituzte, eta arku-dantza ere bigarren aldiz egin dute.
Taldeko argazkia Igartzako jauregiaren aurrean atera, eta Dolarean bazkalduko dute dantzariek.
Argazki erreportajea (Argazkiak: Aimar Maiz Morea)
Dokumentuaren akzioak