Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bea Bernal: "Extremaduratik 600 kilometrotara egon arren, gure jatorriak gogoan ditugu"

Dokumentuaren akzioak

Bea Bernal: "Extremaduratik 600 kilometrotara egon arren, gure jatorriak gogoan ditugu"

Egilea
Ander Zarraga
Komunikabidea
Hiruka
Tokia
Erandio
Mota
Albistea
Data
2023/10/06
Lotura
Hiruka
Nuestra Señora Virgen de loa Montaña dantza-taldeak erakustaldiak egingo ditu aste kulturalean. © ASTRABUDUKO HOGAR EXTREMEÑO

Astrabuduko Hogar Extremeño elkarteak XLII. Aste Kulturala egingo du gaurtik hilaren 15era bitartean. Bea Bernal da elkarteko presidentea eta azaldu duenez, "Lan handia eskatzen du ekintza guztiak antolatzea, baina gero emaitza eta auzoak nola erantzuten duen ikustea oso pozgarria da". 

Astrabuduko Hogar Extremeño elkarteak 43 urteko ibilbidea pilatu du 1980 urtean sortu zutenetik. Bea Bernal elkarteko presidenteak eta bigarren belaunaldikoa estremadurarrak dioenez, euskal kultura oso barneratuta duten arren, beraien jatorria mantendu gura dutelako arbasoen jatorrizko lurraldeko hainbat ohitura mantentzen dituzte, hala nola dantzak, jarduera gastronomikoak edo gaur hasiko duten XLII. Aste Kulturala. "Extremaduratik 600 kilometrotara egon arren, gure jatorriak gogoan ditugu", azpimarratu du.  

Bernalek azaldu du elkarteko kide gehienak Cacereseko ingurukoak direla, Hinojal herrikoak, batez ere. "Gerraostea oso gogorra izan zen Extremaduran eta 50. eta 60. hamarkadetan hainbatek euren lurrak utzi zituzten eta askok hemen bukatu zuten. Beldurragaz eta ezjakintasunagaz zetozen, ezagutzen zuten jendeagaz elkartu ziren eta hemen amaitu zuten askok. Adibidez, nire ama 14 urtegaz etorri zen eta berak dio jatorria han duen arren, Extremadurakoa baino euskaldunagoa dela". 

Gaineratu duenez, "elkartean Extremadurakoak ez diren kideak ere ditugu, egiten ditugun ekintzakaz bat egiten dutenak eta hemengo eta beste leku batzuetatik etorritakoen kulturak ere kontuan hartzen ditugu antolatzen ditugun ekintzetarako. Hala ere, aste kulturalean erdigunea Extremadura izango da protagonista nagusia".

Hogar Extremeñoko kideak elkarteak egiten duen ekintzetako batean. © ASTRABUDUKO HOGAR EXTREMEÑO

Egiten dituzten gainerako ekintzen aretan, Bernalek elkarteak hasieratik duen Nuestra Señora Virgen de loa Montaña dantza-taldea nabarmendu du: "Elkartea osatu zutenean, 30 bat dantzari zeuden, eta jende nagusia ateratzen joan den heinean belaunaldi berriak joan gara sartzen; orain hirugarren belaunaldikoak hasi dira". Gainera, horri esker, udalerriko Trabudu Dantza Taldea bezalako elkarteakaz elkarlana hauspotzea lortu dutela azpimarratu du. Horrez gain, Extremadurari lotutako beste jarduera kultural batzuk eta Astrabuduko ongintza lasterketa ere antolatzen dituzte.

XLII. Aste Kulturala

Gaur, urriak 6, XLII. Aste Kulturaleko ekintzak hasiko dituzte Josu Muruetako kultur etxeko areto nagusian. Bihar, zapatua, goizean umeentzako ekintzak antolatuko dituzte, eta arratsaldean, elkarteko dantza-taldearen erakustaldia egingo dute. Eguna berbena bategaz amaituko dutela iragarri du Bernalek, "berbena bai ala bai egin behar dugu, oso gurea den gauza bat da".

Domekan ekintzek jarraituko dute eta itsasadarretik ibilbidea egingo dute Gasolinoan. Iluntzean Angel Miro eta Bea Insaren umorezko bakarrizketa egongo da. 

Astean zehar ere programazioak jarraituko du, baina aste kulturaleko plater nagusia izango da hilaren 13tik 15era Josu Murueta plazan egongo den Extremadurako eta Euskal Herriko produktu gastronomikoen XXI. Azoka. Aste-akabua horretan zehar ekintza gehiago egingo dituzte, baina Bernalek bi azpimarratu gura izan ditu: batetik, asko estimatzen duten Monroy herriko Recordanzas talde folklorikoaren emanaldia, eta, bestetik, herriko hainbat kultur elkartek eskainiko duten dantza-erakustaldia: Extremadura, Euskal Herria, Honduras eta Galizia. 

Dokumentuaren akzioak