Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baztango gaitaren mendea

Dokumentuaren akzioak

Baztango gaitaren mendea

Baztanen gaitak eta haren doinuek izan duten historia biltzen duen disko-liburua karrikaratu dute Baztango Gaitariek. Batik bat gaita dantzan paratu dute arreta.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baztan
Mota
Albistea
Data
2023/06/24
Lotura
Berria

Gaiteroak Elizondoko karriketan, herriko bestetan, artxiboko irudi batean.

Gaiteroak Elizondoko karriketan, herriko bestetan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

 

XXI.a Baztango gaitaren mendea izan da. 2000. urtean musika tresna hori jotzen ikasi zuten zenbait baztandarrek, eta orduz geroztik ez da haren doinurik falta herrietako bestetan. Ez ziren doinu berriak, aitzitik: mende eta laurdeneko historia du gaitak Nafarroako ibar horretan. Garai batean, kanpoko gaiteroak arduratzen ziren jotzeaz; orain, Baztango Gaitariak taldea. Berriki gaita dantzaren inguruko disko-liburu bat karrikaratu dute gaitero horiek. Dantza horretaz eta gaitaren historiaz mintzo da argitalpena, eta, diskoan, gaita dantzaren bederatzi parteak grabatu dituzte, Baztango beste hiru dantzarekin batera.

1898. urtekoa da gaitaren lehenbiziko erreferentzia Baztanen: abuztuaren 26an, Lekaroz herrian, gaiteroei ordaindu zieten, eta hala jasota gelditu zen udaleko artxiboan. Patxi Larralde txistulari eta gaita jotzaile baztandarrak aurretik ere bilduak zituen zenbait informazio, baina, liburua idazteko ardura hartuta, are sakonago murgildu zen artxibo eta egunkari zaharretan, baita jendearekin biltzen ere. «Datuak zailak dira harrapatzeko», ohartarazi du. Bildu dituzte dezente, aitzitik, eta haien susmoa argitaratu: «Ausartak izan gara, eta datu hauek interpretatuta hau botatzen dugu».

Gaita dantza da liburuaren zentroan dagoen dantza zikloa. Garai batean klarinetearekin jotzen zela azaldu du Larraldek, baina gaur egun gaitarekin egiten da. «Uste dugu gaita dantzaren egilea Lizarrako aita Hilario Olazaran izan zela; berak aski ongi ezagutzen zituen txistua eta gaita», esan du.«Gaita dantzarekin jotzen diren doinuak gaiteroen errepertorioko doinuak dira neurri handi batean». 1930 inguruan sortu zela uste dute, eta garai hartan «antidoto» moduan erabili nahi izan zutela gazteek elkarri helduta dantza ez zezaten.

Gaita dantzak bederatzi zati ditu. 1962an galdu zen, eta 1974an berreskuratu zuten atzera. Lizarrako larrain dantza etor dakioke baten bati burura. Ez da gauza bera, baina lotura batzuk egin litezke. «1970. hamarkadan, Lizarrako folkloreak indarra zuen, eta gaita dultzainak eragina izan zuen Mauriciorengan [Elizalde] eta nire aitarengan [Javier Larralde]», azaldu du Larraldek. Biak txistulariak ziren, eta klarinetea baliatzen zuten gaita dantzarako. Plazan modu askean egiten zen dantza estrukturatu egin zuten, dantza ziklo bat sortuz. Gaita dantzan ohikoak ziren piezei jota, porrusalda eta biribilketa gehitu zizkieten, eta suite bihurtu. 

Dantza horri lotuta dago Baztango Gaitariak taldearen sorrera. Mikel Ortega da taldeko gaita jotzaileetako bat, eta disko-liburuaren proiektua koordinatzen aritu da Joseba Indaberekin batera. Taldearen hasmenta gogora ekarri du: «Duela 23 urte sortu ginen, Baztango gaita ia desagertu zelako plazetatik; Arizkunen mantendu zen bakarrik». Haiek txistulariak ziren, eta folklorearen inguruan ibiltzen ziren. Helburua dantza suspertzea zen, baina, horretarako, gaita jotzen ikasi behar zuten. «Gaita ikasi genuenean, herriz herri joaten ginen jotzera eta jendeari erakustera. Arras polita izan zen zertaz jende zaharrak dantzatzen zuen bere garaian, eta, gu joaten ginelarik, sekulako oroitzapenak zituzten. Dantzari pila bat biltzen ziren». Gaur egun, dantza hori mutil dantzen ondotik jo ohi dute.

Gaita doinuak errotzen

Geroz eta leku gehiago hartu zuen gaitak baztandarrak jotzen hasi zirenetik: «Baztango gaitarekin hasi ginen, baina aldi berean hasi ginen bertze gauzak ikasten: kalejirak, fandangoak, balsak... beraz, segidan hasi ginen erraldoiekin eta dianetan jotzen, eta dantza talderen batekin ere bai», esan du Ortegak. Batez ere ibarrean aritzen dira, baina, adibidez, Cerveran (Espainia) dantzari talde mistoarekin jotzen dute. Duela bost urte bi erraldoi egin zituzten sagardoaren mundua irudikatuz.

Mende hasieran bertakoak hasi zirenetik, gaita ari da bere lekua hartzen: «Ari da hedatzen gaitaren presentzia Baztanen, sumatzen da geroz eta gehiago, batez ere Elizondon. 1980ko hamarkadan, Elizondon bakarrik entzuten zen ia-ia; gaur egun, herri anitzetan aditzen da».

Disko-liburua aurkeztuta, orain kontzertu formatuan zabalduko dute egindako lana Baztango Gaitariek.

Dokumentuaren akzioak