Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baziren eta bagara

Dokumentuaren akzioak

Baziren eta bagara

Egilea
Izaro Intsausti
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2024/10/06
Lotura
Berria

Mikel Sarriegik, nire dantza maisuak, euskal dantzei egin dien ekarpen izugarriaren balioa nabarmendu nahiko nuke. Gertu xamarretik bizi izan dut egin duen lanaren berri, eta, behin argia ikusita, zoriondu eta eskerrak ematea dagokit, lehendabizi.

Egindako lan paregabean, dantza maisu andanaren lana jasotzen da, eta horrek bereziki interesgarria egiten du ikerketa lana. Baina aurrerantzean egingo diren ikerketetan pentsatzen hasita, uste dut eremu berriak irizpide berriekin aztertzen hasteko garaia dela, eta ikerketa irizpideen begirada zabaltzen hastekoa. Dantza maistrak egon zirela ziurtzat jotzen bada ere, ez da apenas dokumentaziorik aurkitzen han eta hemen, eta, horrenbestez, ez da biltzen. Hori ez da kontu berria, ordea; kultura diziplina askotan gertatzen den zerbait baita.

Dantza talde gehienetan, dantzari, irakasle, musikari, arropa arduradun, diruzain, lehendakari, zuzendaritzako kide… gehienak emakumezkoak izanik, horrek euskal dantzen inguruan ditugun dantza maisu erreferenteak aldatzea ekarriko du ezinbestean, eta, bide honetan, guztioi dagokigu urratsak egitea.

Batetik, begirada ireki behar genuke, eta emakumeak espazio ezberdinetan bisibilizatu. Har dezagun kontuan euskal dantzetan ere zein ahots entzuten ditugun, hitzaldietan eta hedabideetan esaterako.

Bestetik, hausnartu behar genuke zein eta zergatik goraipatzen ditugun eta sariak nori ematen zaizkien, adibidez. Lanaren aitortza ere ezkutuan edo isilean egiten den lanari zuzendu, egiteko beste modu batzuk aitortu.

Aitortzak genealogiak sortzeko balio duen heinean, etorkizunean genero guztietako dantzarien lanak ikusarazi eta aztertu egin behar dira, etenik gabeko belaunaldiartekotasuna bermatu nahi bada.

Atzera begiratzen dugunean, bistan da, emakume irakasleen izenak eta lanak sakabanatuta edota desagertuta daudela, han-hemenka, garaiaren arabera. Argazki osatu bat sortzea komeni da, ordea. Beraz, orain arte egindako lanak batu eta erkatu behar dira, eta etorkizuneko lanetan irizpideak berritu.

Hori horrela, euskal dantzen munduan dabiltzan gizonezkoei ez diet atzerapausorik opa, baina bai beraiekin batera beste ahots batzuk euskal dantzetan integratzea, baita emakumeona ere. Asko baitaukagu esateko eta eskaintzeko, bai ezagutzatik, bai esperientziatik ere.

Gipuzkoako dantzen irakaskuntzaren esparruan eta euskararen erabilera teknikoan aurrera egiteko erreminta berebizikoa da Mikel Sarriegiren liburua, eta orain lan horren lurreratzea dator, herriz herri zabaltzeko erronka, alegia. Beti bezala, eskuzabalik hartuko zaitugu Ordizian, Mikel.

Dokumentuaren akzioak