Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Batu egiten duten ezpatak

Dokumentuaren akzioak

Batu egiten duten ezpatak

Gaur abiatuko da Ezpalak dantza jaialdia, eta aurten hamar urte beteko ditu. Iruñean eta Eibarren ezpata dantzak plazaratuko dituzte, hemengoak eta atzerrikoak. Europa osoan ohiko generoa da, eta azken boladan Euskal Herrian indar handia hartu du. Portugaletek berea plazaratu berri du.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/05/28
Lotura
Berria

Aspaldikoak dira ezpata dantzak, XV. mendean boladan ziren. Baina ezpatak ez dira herdoildu. Are, XXI. mendean berpiztu egin da ezpata dantzekiko grina Euskal Herrian. Hala, hainbat ezpata dantza berreskuratu eta sortu dira azken urteetan: Iruñea, Miarritze (Lapurdi), Añorga (Donostia)... Azkena, Portugaleten (Bizkaia), joan den igandean estreinakoz plazaratu zutena. Gaur eta bihar haietako batzuk ikusgai izanen dira Iruñean eta Eibarren (Gipuzkoa), hurrenez hurren, Ezpalak jaialdiaren hamargarren urteurrenaren karietara. Ezpata dantzak dira aurtengo gaia; ezpatek, banatu ez ezik, dantzarako erabilita batu ere egin dezaketelako.

Ez dira Euskal Herriko dantzak soilik, Europa osoan zabalduriko generoa baita ezpata dantzena. Oier Araolaza Eibarko ezpata dantzari eta Ezpalak jaialdiko antolatzaileak azaldu duenez, Europan bi motatako ezpata dantzak daude: hit and point edo linking izenez ezagunak direnak —hau da, ezpatak heldulekutik eta puntatik hartzen direnak, eta katea osatzen dutenak— eta mock combat deitutakoak —itxurazko borroka—. Bigarren horiek dira 1920ko hamarkadan Euskal Herrian zabalkunde handiena izan zutenak, baina lehenbizikoak dira orain loraldian direnak eta Ezpalak jaialdiaren ardatza izanen direnak.

«Ezpata dantza hauen ezaugarri bereizlea da ezpatak taldea lotzeko erabiltzen direla, kate edo soka bat egiteko. Dantzari bakoitzak ezpata bat hartzen du heldulekutik, eta punta eskaintzen dio aldamenean duen dantzariari», dio Araolazak. Horrela hainbat figura egiteko aukera dute: zubiak, arrosak edo parrilak, izarrak... Horiek guziak ikus daitezke Europako herrialdeetan.

Ezpata dantzen generoan sartzeko fokua egitura koreografikoan jartzen du Araolazak. Ezpatak dantzarien arteko lotura egiteko tresna dira, beraz, beste tresna batzuk erabiliz gero ere, antzeko figurak egiten diren neurrian, zaku berean sartzen dira. Adibidez, Lesakan (Nafarroa) eta Deban (Gipuzkoa) egurrezko makilak erabiltzen dituzte ezpata dantza egiteko.

«Kontuan hartu behar da dantza hauek boladan zeuden garaian, XV. eta XVI. mendean, ezpatak tresna zabalduak zirela», dio Araolazak. Denborarekin bi gauza gertatu ziren: batetik, dantzetan ezpatak erabiltzea debekatu zen toki askotan, liskar iturri izaten zirelako, edota dantzatzerakoan ebakiak egitea erraza izaten zelako, nahiz eta ezpatari puntatik heltzeko lastoa edo beste materialak erabiltzen zituzten. «Auziak, erailketak... izan dira. Maiz, ezpata dantzan hasi eta epaitegietan bukatzen zutelako dugu dantzen berri egun».

Bestalde, kasu batzuetan modu naturalean pasatu zen ezpatatik beste tresnetara, ezpatak ezohiko bihurtu ziren heinean. «Horregatik aurkitzen ditugu ezpatarik gabeko ezpata dantzak, nahiz eta izenean ezpata hitza mantendu». Beste kasu bat da Berako bordon dantza (Nafarroa): ez da ezpatarik, ez dantzan ez izenean, baina dantza egitura nabarmen ezpata dantzarena da, Eibarko dantzariak argitu duenez.

Euskal Herriko bereizgarria

Europan ohikoak izan dira, eta badira oraindik ere egitura hori mantentzen duten ezpata dantzak. Denak dira genero beraren parte, baina tokian-tokian badira bereizgarriak. Hala, euskal ezpata dantzak badu gainerakoetatik bereizi ohi duen ezaugarri bat: bakarlariak ez dira taldeari loturik joaten, eta ezpata txikiak eskuan dantza erakustaldia egiten dute gainerakoen aurrean. Hori du bereizgarri, baina ez da derrigorrezko baldintza. Lesakan eta Beran, adibidez, ez da horrelakorik egiten. Bestalde, ezohikoa izan arren, Euskal Herritik kanpo ere ikus liteke ezaugarri hori betetzen duen ezpata dantzarik.

Europako gainerako dantzekin dauden antzekotasunak eta bereizgarriak ikustea da Ezpalak jaialdiaren helburu nagusia, Aritz Ibañez Iruñeko ezpata dantzari eta jaialdiaren antolatzaileak azaldu duenez: «Gure dantzak Europako testuinguruan kokatzea da helburuetako bat. Askotan gure zilborrari begira bizi gara, eta uste dugu munduan parekorik ez dutela. Egia da gureek badituztela berezitasunak, besteenek ere badituzten bezala, eta horrek ematen die funts komunaren baitan bakoitza ezberdina izatea». Aberastasun hori erakustea ere helburuen artean dute, eta, horretarako, tokian tokiko dantzen alde egiten dute: «Eredurik fidelena ekartzen saiatzen gara, jendeak genero hori goza dezan berezko tokian egiten den bezala», azaldu du Ibañezek.

Arestian aipatu bezala, ezpata dantzek loraldi moduko bat izan dute Euskal Herrian. Ibañezen aburuz, neurri handi batean Argia taldearen inguruan sortutako mugimendua izan da, eta, nolabait ere, taldeek XXI. mende hasieran zuten «identitate krisiari» erantzuna emateko ahalegina izan da. Eibarko, Añorgako, Andoaingo (Gipuzkoa) Iruñeko eta Miarritzeko ezpata dantzak horren lekuko dira. «Elkarrekin genuen harremana faktore garrantzitsua izan da tradizio berri horiek sortzeko, eta, hortik aurrera, gehiago sortu dira», dio Iruñeko dantzariak.

Bolada bueltan

XX. mendean, Europan jakin-mina piztu zen dantza genero horren inguruan, Araolazak azaldu duenez. Folklorearekiko zaletasuna eta ikerlarien atentzioa izan zuen neurrian, hainbat ekinaldi egin ziren. 1920ko hamarkadan Frantisek Pospisil etnografo txekiarrak Europako ezpata dantzak grabatu zituen. «Izugarrizko altxorra dugu eskura, orain gutxi aurkitu zirelako grabazio horiek. Euskal Herrian ere egon zen». Violet Alfordek, Cecil Sharpek, eta Ingalaterrako folklore ikertzaileek hainbat lan egin zituzten, eta euskal dantzei ere arreta jarri zieten. «Nolabaiteko berpizte bat izan zen hori».

Hala ere, Euskal Herrian arreta beste dantza batzuetan jarri zela uste du Araolazak, salbuespen batekin: ezpata dantzak erdigunean jartzea erabaki zuen Argia taldeak. «Hortik kanpo, tokian tokiko ezpata dantzek nahiko lan izan dute beren buruari eusten, XXI. mende hasieran horren inguruko zaletasuna berreskuratu eta orain berrindartuta agertu diren arte». Orain, gainera, hainbat sortu dira Euskal Herri osoan.

Hemendik kanpo, egoera oso ezberdina da lurralde bakoitzean. Ingalaterran eta AEBetan, Balkanetan, Alemanian eta Austrian egoera oso ona bada ere, Frantzian eta Italian nekez eusten diete tradizio horiei. Espainian, hegoaldean bizi-bizi egon arren, Gaztelan asko galdu dira.

Urte gutxiko ezpata dantzetako bat da Iruñekoa. Duela zazpi urte sortu zuten Duguna taldeko kideek, eta urtero plazaratzen dute San Fermin Txiki bestetan. Hausnarketa prozesua egin zuten taldean, eta Iruñeko bestatan dantzak falta zirela iritzita sortu zuten ezpata dantza lehenik, eta sokadantza batzuk gero.

Orain, urteko egunik garrantzitsuena da ezpata dantza plazaratzeko eguna. «Balio izan digu kanpora ateratzeko berezko dantzak dituzten beste talde bat bezala. Guretako identitate zeinu bat da», esan du Ibañezek. Gainera, urtetik urtera geroz eta jende gehiago doa dantza ikustera.

Ezpata dantzarik gazteena Portugaletekoa da. Igandean aurkeztu zuten. Elai Alai taldeak sortu du, urtero maiatz hondarrean plazaratzeko asmoz. Kontuen liburuetan begiratuta jakin zuten garai batean Bestaberri egunean ezpata dantzariak izaten zirela herrian. Partitura zaharrei hautsa kendu, eta hortik abiatu dira dantza sortzeko. «Erregeletako pausoak hartu ditugu, eta soinu zaharretakoren bat ere bai», azaldu du Aitor Beitia Elai Alai taldeko zuzendariak.

Bestaberritik gertu plazaratuko dute dantza, baina ez besta erlijiosoaren barruan. «Ez genuen besta erlijioso bat egin nahi, baina Bestaberri seguruenik izanen zuen beste zentzu bat lehenago, eta data hori hartu dugu erreferentzia gisa». Lehenbiziko hau taldeari loturiko lagun zendu berri baten omenez egin dute, baina dantza urtero plazaratzea da asmoa. Tradizio bat sortzea, alegia. Ezpaten bidez herritarrak batzea.

<em>Aunitz urtez</em> ezpata dantza, Iruñeko eta Eibarko dantzen nahasketa.

Dokumentuaren akzioak