Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Battitta Urruti errejenta hil da

Dokumentuaren akzioak

Battitta Urruti errejenta hil da

Zuberoako 15 pastoraletako joko zuzendaria izan zen Garindaineko semea, 84 urtetan zendu da

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Berria
Tokia
Maule
Mota
Albistea
Data
2004/02/17

Urruti ohoratu egin zuten, 2003ko azaroaren 22an, Mauleko Jai Alaian egin zuen lan mardulagatik, Pas de Basque balet ikusgarriaren abagadunearen karietara. Urte asko zenaramatzan jardunean, zuzendutako lehendabiziko pastorala, Maulen, 1967. urtean, eman baitzuten Chiquito de Cambo, eta azkenengoa, berriz, 2001ean Irurin aurkeztu zuten Etxahun-Iruri izenekoa. Bi data horien artean, guztira 15 pastoralaren errejent izan zen Urruti eta askoren iritzian, bere eredu izan zen Ozazeko Leon Sallaber bezainbat maisu bihurtu zen.



Garindaineko semeak zuzendutako pastoralak hauek izan ziren: Chiquito de Cambo (1967, Maule); Robert le Diable (1976, Garindaine); Ibañeta (1978, Orreaga-Garindaine); Ximena (1979, Atarratze); Iparragirre 1980-1999, Urdiñarbe); Pette Basaburu (1982, Pagola); Allande Oihenart (1985, Muskildi); Etxahun Koblakari (1986, Barkoxe); Agosti Xaho (1988, Urdiñarbe); Zumalakarregi (1989, Altzai-Lakarri); Abadia Urrustoi (1990, Maule); De Treville (1992, Iruri); Sabin Arana Goiri (1996, Garindaine); Etxahun-Iruri (2001, Iruri). Pastorala horietatik bost Pierra Bordazarre Etxahun-Irurik idatzitakoak ziren, hiru, berriz, Junes Casenave-Hargilek, bi Allande Agergarai-Bordaxarrek eta bana Jean-Michel Bedaxagar, Jean-Louis Davant eta Roger Idiartek. Alabaina, errejent bilakatu aurretik, aktore ere izan zen Urruti, zehazki 1951. urtean eman zen Robert le Diable pastoralean, baita Beretereretxe eta Zantxo Azkarra obretan. Pastoraleko aktore nagusia den Sujet ere izan zen Maulen 1952. urtean eman zen Jeanne d'Arc pastoralean.



Oroitzapen oneko 'Ximena'



Marzel Bedaxagar kazetariarekin 1996an izandako elkarrizketan, Battitta Urrutik zehazten zuen berak zuzendutako pastorala guztietatik hobesten zuena, 1979an Atarratzen eman zen Ximena zegoela. Izan ere, Urrutik zioenez, «pastorala hau emakumeek eman zuten eta inoiz ezagutu dudan talde animosoena izan zen; oso azkar eta ondo ikasten zuten».



Ximena-k gogoratze ona utzi bazion, oroitzapen samina gorde zuen, aitzitik, Sabin Arana Goiri pastoralaz. Ezen, 1999ko uztailaren 21ean eman zen Allande Agergarai-Bordaxarren obra hau pastoralaren lehenengo izena zen trajeria benetan bihurtu zen Pierre-Paul Etxebarne aktorea oholtza gainean hil zelarik. Gertaera latz honek erabat ukituta utzi zuen Battitta Urruti, baita bere bizitza pribatuan pairatuko zituen hainbat dohakabe handik ere. Hala, bere haurretatik hiru galtzeko zorigaitz izugarria nozitu zuen. Pierre izenekoa hil zen 11 hilabete soilik zituela, Arnaud deitutako bigarren seme bat 35 urtetan zendu zen biatlon kirol lehiaketa batean ziharduelarik eta Françoise alaba gaisotasun larri batek eraman zuen 2002. urtean. Cecile emaztea ere hil zitzaion 1997an. Biziak ez bazion hainbesteko mesede egin ere, oso kanpainia alagerako gizona zen Battitta Urruti. Zuzendu zituen pastoraleko arizaleek oroitzapen ona gorde dute bere errejent jardueraz. Zorrotza baina erabat zuzena zela erraiten dute haren zuzendaritzapean eskolatuta izandakoek. Battitta Urruti pozik egon zen, halaber, errejent andanak hartu baitu bere segida.

Dokumentuaren akzioak