Dokumentuaren akzioak
Batsheva, non zaude?
'Horses in the Sky'
Aurtengo Dantza Maitaldian Israelgo Kibbutz Contemporary Dance konpainiak bete du Gare du Midiko lehen emanaldi handia. Irakurle orok agian ez dakien arren, kibbutzak oso esperimentu sozial interesgarriak izan ziren pasa den mendeko 60ko hamarkadan: autogestio zibilizatuaren paradigmatzat agertu ziren hippie eta alternatibo ginenon ikonografian, eta nabarmen lagundu zuten Israelen irudia estatu progresista eta desiragarri baten modura mundu osoan saltzen. Konpainiaren izenak dioenez, haietariko batean jaio zen bere burua ezkertiartzat jotzen duen Rami Be'er koreografoa, eta bertan sortu zen gugana etorri den konpainia.
Esku-programan irakurri dugunez, 1977an Be'er dantzari bezala izan zen onartua armadan, baina berak nahiago izan zuen bere burua aurkeztu Libanoren kontrako komandoen parte izateko. Zer ziren, ordea, komando haiek? Israelgo armada gerra hartan nabarmen ez geratzeko unitate kamuflatuak agian? Zer izen daukate estatu neutral baten kontrako ekintza armatuek? Suposatzen dut Libano hegoaldeko nekazariak asko poztuko zirela jakitean beren lurretan sartzen ziren gizon armatu haietariko bat ezkertiarra zela. Esku-programan ere azaltzen da konpainiak «populazio arabiarrari» ere eskaintzen dizkiola beren egonaldiak eta tailerrak, normala denez —edo izan beharko denez—, Israelgo jatorrizko arabiarrak eskubide osoko hiritarrak direlako, teorian behintzat.
Baina tira!, hau dantza kritika zen eta gero eta politikoagoa bihurtzen ari zait. «Dantzaren erabilera politikoa bezainbeste» erantzun diot neure buruari, baina goazen harira: inpaktu handiko irekiera batekin hasi da Horses in the Sky (Zaldiak zeruan), argi zuriko 150 bat foku pean eta perkusio elektroniko indartsu batean bilduta. Konpainiako bederatzina emakume eta gizonak kulero eta galtzontzilo zuritan agertu dira, emakumeak alkandora zuriekin jantzita eta gizonak eroetxeetako indar-alkandoren itxurako atorrekin apainduta. Emanaldiaren lehen ordu erdian ariketa frenetikoetan murgildu dira haiek guztiak, eta bat-bateko geldialdi ugarietan figura estatiko ustez transzendentalak sortu dituzte. Bitartean, emakume-ahots zatikatuak entzuten ziren zentzurik gabeko hiperaktibitate horretan.
Talde-konposizio estrainio haien artean jarrera polit txepel asko ikusi ditugu, ikusle despistatuen gozamenerako, baina kantari batek argi gorriaren pean Horses in the Sky interpretatu duenean benetako dentsitate metaforikoa hartu du dantzak. Ordea, laster itzuli gara tontakeria postmodernoen eremura, eta horrela heldu gara hutsaltasunaren gailurrera, Rami Be'er-ek merezimendu osoz konkistatua, batez ere kontuan izanda bera arduratu dela koreografiaren diseinuaz, zuzendaritza artistikoaz, dekoratuaz, argiztapenaz, jantziez eta musika-moldaketez. Emanaldiaren ostean, ikusle kualifikatu batek komentatu dit: «Gaurko hau gustatu zaionari zera gomendatuko nioke, Israelgo Bathseva konpainia bikaina ikustea Ohad Naharin koreografo eta bien artean dagoen amildegia neurtzea».
Dokumentuaren akzioak