Dokumentuaren akzioak
Batean bale, beste bietan kale
Kritika, Espainiako Compañia Nacional de Danza 2
Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira Barakaldo antzokian izan dugu Espainiako Compañía Nacional de Danza 2 delakoa. Zenbaki horren inguruan jatorrizko konpainiakoak baino gazteagoak diren dantzariak elkartzen dira, betiere Nacho Duatoren zuzendaritza artistikopean, eta aukera honetan bere koreografia bi (Coming Together eta Arenal) eta Tony Fabreren bat (White Man Sleeps) ekarri dizkigute.
Dudarik gabe, hiruretako lehena izan da indartsuena, bere baitako elementu guztiek bat egin dutelako garaikidetasunaren aldeko apustu garbian. Esate baterako, Frederic Rzewskik konposaturiko musika ausartean gizon batek kantatu baino deklamatu egiten ditu «I think» («Uste dut») hitzekin hasten diren hainbat esaldi, hogei minutuz inguru, piano indartsu batek lagunduta. Dantzariek, bitartean, duten energia guztia zabaltzen dute, aktibitate handia erakutsiz eta bizitza arrunteko keinuak tartekatuz beren lengoaia garaikidean. Jantziak ere garrantzitsuak dira pieza honetan: mutilek praka eta maukarik gabeko kamiseta beltzak janzten dituzte, haietariko bakoitzean «I think» hitzetako hizki bana ikusten dela. Hiru neskek gorri, zuri eta lila koloreko soineko luzeak daramatzate eta beste hirurek pieza bakarreko elastikoak. Dantzariek hainbat esaldi koreografiko sorta errepikatu eta garatzen dituzte, hala bakarka nola taldeka, eta mugimendu segida horiek bata bestearen atzean nahiz aldi berean gertatzen dira, paroxismotik hurbil dagoen amaiera arte. Piezak oro har energia, gaztetasun eta pozaren sentsazio kementsua utzi digu. Gaueko beste pieza bietan, ordea, usteak erdi ustel. Konpainiaren zuzendari artistiko albokoa den Tony Fabre nagusiaren betiko bideetatik ibili da White Man Sleeps koreografia sortzean. Kevin Volans-en musika new age estilokoa eta hari laukote batek jotakoa interesgarria da, eta zazpi dantzari izateak hainbat posibilitate eskaintzen ditu betiko hiru bikoteak apurtzeko, baina horretaz aparte eta airean emandako nesken pedalkadak kenduta, ez dago betiko gogoratuko dugun ezer eta pentsatzekoa da estilo ariketa bikaina baino ez dela. Hirugarren zatia Arenal izenekoa izan zen. Zaletuek gogoratuko dutenez, M» del Mar Boneten musikan inspiratutako koreografia hau 2000. urtean etorri zen Bilboko Arriaga antzokira eta ez dugu nahastu behar Jardi tancat izenekoarekin, nahiz eta lan bietan berberak izan jantziak eta kantaria. Koreografian zehar bikote, laukote eta hirukotean dantzatzen dute era koloretsuan, zuhaitzak, hegaztiak eta nekazari jarrerak urrutitik sujerituz. Dantza bakoitzaren artean, soineko beltzeko emakumearen soloak tartekatzen dira, Mediterraneoko ohituren zorroztasuna irudikatzeko. Azken lan hau izan zen ikusleen gustukoena, baina nik uste dut, Duatorekin askotan gertatzen den moduan, gehiegizko mugimendua dagoela koreografiaren diseinuan, gehiegizko distira eta luzimendua, benetako dantzaren araztasunaren kaltetan. g Agus Perez
Dokumentuaren akzioak