Dokumentuaren akzioak
Basusarrik jantzi du Luhusoko dantza sorkuntzaren txapela
Ikusleen saria Ezpeletako taldearentzat izan zen eta funtsean garaile nagusia dantza izan zen, Luhusora milaka jende erakarri baitzuen
Herriko karriketan zehar auto lerro luzeak. Eta luzeagoak oraindik sarrera erosteko osatu ziren jende lerroak. Jendeari kokatzeko denbora utzi ondoren abiatu zen ekitaldia, oren bateko berantaz. Baina arteka igurikatzeak bere uzta dakar eta horrela izan zen atzokoan, agorrilak dantzaren uzta eder eta joria utzi baitzuen. Ikusleen artean kultur munduko buru ezagunak, bertzeak bertze Euskal Kultur Erakundeko Daniel Landart eta Pantxoa Hirigoien, Anje Duhalde kantaria, Denis Olhagarai musikaria eta Udaleku eta Piztu elkarteko kideak. Orotarat 2.000 eta 3.000 pertsona artean bildu ziren Camblong familiaren pentzean antolaturiko harmailetan.
Gatazka
Ohiko dantza urratsen iturritik edanez ate zabala ireki dio Basusarriko taldeak geroari. Epaimahaiak ere ausardia hori eskertu zuen eta saria eman zion. Gaia Euskal Herriak bizi duen gatazka. 11 musikariz eta 16 dantzariz osaturik Basusarriko Bunbadabun taldeak hastapenetik hautsi zuen koreografia klasikoarekin. Buhame edo txirtxil gisa jantzirik, gerria lurra hunkitzeraino makurturik sartu ziren oholtzan. Aurpegiak ikatzez zikindurik, ezinegonaren irudia islatzen zuen urrats bakotz. Buruz buru aldiz, arropa hori eta gorriz atonduriko dantzari finak, gizarteko boteretsuaren irudi.
Egoerak ezin iraun horretan eta berehala gatazka piztu zen bi taldeen artean, urratsetako trebezia zein ausardian lehiatuz. Euskal herrialdeetako dantzen uzta iharduneko altxor bilakatu zuten, Bizkaiko eta Zuberoako urratsak eta koreografiak uztartuz, ohitura adierazpen nahiaren nahietara ezarriz.
Musikak ere ez zuen ohiko arruan biderik eta euskal doinuak bestelakatu ez ezik, Afrikako edo gettho beltzetako aireak erabili zituzten makil dantza garaikidea izan daitekeenaren irudia taularatzeko. Borroka pastoraletako egituran taularatu zuten baina egoera gatazkatsuak eskatzen dituen berrikuntzak ikusleen gutizia bereganatu zuen. Batzutan talde «aberatsa» garaile, bertzetan aldiz jende xumeak. Eta ororen erdian nesken papera, borrokan murgilduz eta garaipena erdietsiz. Kontzeptuetan, egiteko moldean, musikan eta taula gaineko lanean, orotan aitzinetik jorratutako bideak saihetsera utzi zituen Basusarriko taldeak, zenbait alditan perkusio hutsez dantzatuz.
Hatsanturik Larraindantza hatsarturik zitekeen pasabidea osatu ondoren, talde bakoitzeko buruzagiek errimarik gabeko bertsoak kantatzeari ekin zioten aterabidea atzeman aitzin. Gatazka gainditurik ikusleak atera zituzten berekin dantzatzera. Azken hauek zur eta lur gelditu ziren dantzariek oholtza utzi eta pentzetik dantzan ziharduten ikusleak txalotu zituztelarik.
Ezpeletako Baroien Ezteiak izan zen ikusleen saria eskuratu zuen taldea. Basusarrikoa bezain iraultzailea izan gabe, herrialde orotariko urratsak eta sinbologia taularatu zituzten. Kalitate handiko urratsetan, lerroak eta koreografia zainduz, ezkontza ospatu zuten. Dantzariek zoriontasuna irudikatu zuten zapi dantza zoragarrian. Bake hori txapel gorriz jantziriko dantzariek hautsi zuten. Berriz ere gorri eta beltzen arteko borrokaldia egin zuten, makildantzetako egitura baliatuz. Aireen aldetik Gwendal talde zeltiarraren doinuan dantzatzeko ausardia erakutsi zuten. Fina eta ongi josia hastapenetik bururaino.
Artea epaitzea neke da eta horrela soilik uler daiteke taularatu ziren lehen bi taldeek saririk ez erdiestea. Paueko Lagunt eta Maita taldeak (atzokoan izarbide) ildo berriak ireki zizkion Zuberoako dantzari. Euskal Herritik ihes egindako jendeei eskaini zieten dantza eta bertan Ameriketarako joan-jina egin zuten. Xarma berezia izan zuen itsasoa zeharkatzeko erabili zituzten urratsak, ontzi kulunkari hauskorrak balira bezala. Barkozeko taldea bezala, teknikoki hoberenak izan ziren.
P SORKUNTZA
Begiak geroari so dituzte Luhusok eta EDBk
Luhuso euskal kulturaren euskarri bilakatzen ari dela adierazi zuen Serge Isteque EDBren izenean. «Euskal kulturaren historia berria idazteko uzta badugu egun Luhuson eta geroari begira, euskal dantzaren erroei hautsa kentzen jarraikitzeko gutizia badugu», gehitu zuen Istequek aurkezpenean. Euskal dantza bultzatzea, errepertorio garaikidea aberastea, dantzari geroa bermatzea eta kreazio eta tradizioaren arteko lotura indartzea zuen ekitaldiak xedetzat. Ezarritako arauak aldiz honako hauek ziren: 16 urtez gorako 12 dantzariz osatzea taldea. Sorkuntzak 10 edo 15 minutukoa izan behar zuen, antzerkia eta ipuina ekidinez. Musikak zuzenekoa behar zuen, sorkuntza edo dantzatu ez den airea. Kanpotik ikusita buruko min bakarra duke dantzak, gizonezkoen kopuru apala. Abantzu talde orotan gehiengo osoa ziren emazteak.
Dokumentuaren akzioak